Oriok eta Donostiarrak txikizioa egin dute Zierbenan beren ligetako lidertzak sendotuz
Horiek asteburua biribildu dute. Larunbateko eta gaurko garaipenarekin, Orio sailkapen nagusian kolpe handia eman du, ez behin betikoa, bi puntuko aldea ateraz Arran Lagunak-i. Donostiarrak, aldiz, olatu ona hartu, erakustaldia eskaini eta bere aurkari guztiak urrundu eta garaipena lortu du.
Zierbenako haizeak eta olatuek txikizioa egin dute Eusko Label Ligan. Garaipena Donostiarrak eraman du bigarren luzean hartutako olatu bikain bati esker aldeak handituz eta ondoren gozatuz. Euskotren Ligan Orio izan da nagusitasuna erakutsi duena asteburua biribildu eta lidertza are gehiago sendotzeko.
Eusko Label Liga: Donostiarra, olatu gainean txikitu
Donostiarrak urteko bigarren garaipena erdietsi du gaur Zierbenan. Eta nola gainera! Olatu ona hartu du, aurkariak aldendu ditu ziztu-bizian eta gozatzen amaitu du.
Sendo hasi dira lau traineruak. Pentsa, lehen biraketan Getariak lehenengo txandan lortutako denbora hobetu dute dagoeneko Ligako onenek. Hondarribiak eta Donostiarrak denbora berean egin dute ziaboga, baina maniobra egin eta gero Oriok olatu ona hartu du eta bigarren tokian ipini da, Hondarribia hirugarrenera pasaz.
Baina bigarren luze horretan benetan olatu ona hartu duenak hori Donostiarra izan da. Estropada txikitu du momentu horretan, bat-batean "Ama Guadalupekoa"ri hamar segundo ateraz! Bigarren ziabogan 9 segundoko aldea zegoen lehenengo bien ontzien artean, eta atzerago Orio (+14) eta Urdaibai (21) iritsi dira maniobrara.
Olatu horrek indarrak eman dizkie donostiarrei eta helmugan 18 segundoko atera diote Hondarribiari, 22 Oriori eta 30 Urdaibairi.
2. txanda: Kaiku bikain, baina haizeak kalte handia egin du
Txanda honetako traineruek aurrekoan Getariak lortutako denboar zuten erreferentziatzat. Baina lehenengo txandatik hona iragarrita zegoen haize aldaketa nabaritu dute. Pentsa, lehenengo ziabogan Zierbena azkarrena izan da, baina ez du aurreko txandan Getariak eta Santurtzik eginiko denbora hobetu. Kaikuk bi segundora egin du biraketa, Lekittarra eta Ondarroaren aurretik.
Bigarren luzean Lekittarra eta Zierbena parekatu egin dira, eta denbora berean egin dute hurrengo biraketa lan erdietan, baina Getariak baino bi segundo motelago egin dute. Eta haizeak gora egin duela nabarmendu dute patroiek, telebistaz entzun ahal izan den moduan.
Egoera honetan, Kaikuk sekulako azken luzea egin du, atzetik aurrera eginda. Hala ere, lehen aipaturiko haize aldaketa denboretan ikusi ahal izan da islatuta. Pentsa, amaieran ezin izan dute Getariaren marka hobetu.
1. txanda: Getaria, amaiera arte etsi gabe
Larunbatean gertatutako gertakaria badirudi Galiziako bi traineruei eragin diela bete betean. Txandako azken bi traineruak izan dira. Egia da aurrean bikain aritu diren Getaria eta Santurtzi aritu direla, baina lehenengo ziabogan denbora asko galdu dute jada Aresek (+5) eta Cabok (+13).
Aurrean, Getariak alde egin du bigarren ziaboga eman aurretik, lau segundoko aldea ateraz Santurtziri, baina lortutako abantaila hurrengo biraketan galdu du uraren indarrarengatik. Harrobiko 12 arraunlariek ikusi dute nola Santurtzik lehenengo egin duen maniobra, beraien denbora berean.
"Sotera"ren amets bat besterik ez da izan, Getariako "Esperantza"-ren aurrean, azken luzean gipuzkoarrek hegan egin baitute olatu gainean, momentu batzuetan 15 segundoko aldea ateraz, eta txandako irabazlea izan dira. Atzean, Santurtzik bigarren postua mantendu ahal izan du Areseko arraunlarien amorrazioaren aurrean. Atzerago, urruti, iritsi da Cabo, 41 segundora alegia.
XXXIX. Bandera Petronor
1. Donostiarra 19:35.88
2. Hondarribia 19:54.52
3. Orio 19:57.82
4. Urdaibai 20:05.92
5. Getaria 20:09.90
6. Kaiku 20:15.74
7. Zierbena 20:20.98
8. Lekittarra 20:22.90
9. Santurtzi 20:25.80
10. Ares 20:28.04
11. Ondarroa 20:35.20
12. Cabo 20.51.20
Eusko Label Liga - Nagusia
1. Donostiarra 66 puntu
2. Hondarribia 64
3. Urdaibai 61
4. Orio 60
5. Getaria 41
6. Kaiku 38
7. Zierbena 37
8. Lekittarra 27
9. Santurtzi 23
10. Ondarroa 19
11. Ares 16
12. Cabo 13
Euskotren Liga: Orio nagusi eta lider sendoa
Orioko emakumezkoen traineruak kolpe latza eman du asteburu honetan Euskotren Ligan. Orain arte Arraun Lagunakekin zuen berdintasuna hautsi du. Egia da ez dela behin betikoa, oraindik estropada asko falta baitira denboraldia amaitzeko, baina moralki eta psikologikoki garrantzitsua izan litezke atzo Orion eta gaur Zierbenan lortutako bi garaipenak.
Gauzak hala, horiek bi puntuko aldea ateratzen diote orain Arraun Lagunak-i, bigarren gaurko estropadan sei segundora helmugaratzean. Bestalde, Donostiarrak berriro ere aurre hartu dio igo berria den Tolosaldeari. Sailkapen nagusian donostiarrek 11 puntu dituzte, eta Tolosaldeak 7.
Hasiera-hasieratik nabarmendu da Orio Zierbenan. Hasi eta berehala traineru bateko aldea ateratzen zien beste lehiakideei. Lehenengo ziabogan bost segunduko aldea zuen Arraun Lagunakekiko, 8 Donostiarrarekiko eta 10 Tolosaldearekiko. Hor amaitu dira besteen aukera guztiak. Oriok hegan egiten jarraitu du eta garaipen garrantzitsua eskuratu du Ligan sendo jarraitzeko.
Hurrengo asteburuan Euskotren Ligak atsedena izango du eta hurrengo proba Getxon izango da, hilaren 30ean.
II. Bandera Edinor
1. Orio 10:38.38
2. Arraun Lagunak 10:45.32
3. Donostiarra 10:46.78
4. Tolosaldea 10:57.04
Euskotren Liga - Nagusia
1. Orio 22 puntu
2. Arraun Lagunak 20
3. Donostiarra 11
4. Tolosaldea 7