INFO

Enplegu tasak eta BPGk goranzko joerari eutsi diote bigarren hiruhilekoan EAEn

Apiriletik ekainera bitartean ekonomiak izan duen bilakaeraren aurrerapena egin du Eustatek eta, datuen arabera, bai Barne Produktu Gordinak baita enplegu tasek ere gora egin dute, %0,9 eta %0,8, hurrenez hurren. Mantso bada ere, goranzko joera mantendu da.

Industriaren hazkundea ere apalagoa espero da urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuz. (Oskar MATXIN | FOKU)

Aurreikuspenak hobetuz, EAEko ekonomiak urte arteko %4,3ko hazkundea izan du aurtengo bigarren hiruhilekoan, alegia, estimatzen zena baino hiru hamarren gehiago. Norabide berean doaz enpleguaren zifrak, aipatu epealdian % 3,7 hazi baita Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban.

Eustat erakundeak astearte honetan jakinarazi ditu 2022ko apiriletik ekainera bitartean ekonomiak izan duen bilakaeraren aurrerapena eta txostenean jaso duenez, urte arteko hazkundea handiagoa da Lakuak azken hiru hilabeteetarako aurreikusitakoa baino: %4.

Gutxi bada ere, 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, Barne Produktu Gordina (BPG) %0,9 hazi da, eta enplegua %0,8. Enpleguan hiruhileko arteko hazkundea izan duen seigarren hiruhilekoa da jarraian, aditzera eman du Eustatek. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, bestalde, lanpostuen kopurua % 3,7 igo dela kalkulatu da.

Eustatek egindako aurrerapenak (irailean osatua izango da datu berriekin), hala, honakoa ematen du aditzera: ekonomiaren sektore nagusietan jarduerak oro har gora egingo duela, nahiz eta urtarriletik martxora bitarteko aldian baino erritmo motelagoan izan.

Urteko lehen hiruhilekoan euskal ekonomia %5,7 hazi zen urte artean eta enplegua %5. Aurreko urteko azken hiru hilabeteekin alderatuta, EAEko BPGa %1 hazi zen 2022ko lehen hiruhilekoan.

Urte osorako estimazioak

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak duela hilabete aurreratu zuen bigarren hiruhilekoaren bilakaera ekonomikoari buruz zuen informazioak ez zuela pentsarazten hazkunde-erritmoa nabarmen moteltzen ari zenik, eta, beraz, aurreikuspen makroekonomikoekin bat zetorren tasa bat espero zuela.

Lakuak orduan iragarri zuenez, aurtengo agertoki makroekonomikoa berrikusiko du uda honetan, Ukrainaren inbasioagatik Errusiari ezarritako zehapen ekonomikoen eta Europako eta erakunde espainiarrek horri buruz ezarritako neurrien ondorioak ezagutu ondoren.

2022 urte osorako EAEko ekonomia %4,5 haztea espero du Lakuak, etxeetako kontsumoa %4,8 igotzea eta administrazio publikoetakoa %3,2.

Urte amaierarako langabezia-tasa %9,5ean kalkulatzen da, iazkoa baino puntu erdi beherago. 2022ko lehen hiruhilekoan adierazle hori %9,1ean kokatu zen, aurreko urtean baino bi puntu beherago.