INFO

Beste hamaika preso ekarriko dituzte Hego Euskal Herriko kartzeletara

Espetxe Zuzendaritza espainiarrak ostegun honetan iragarri duenez, hamaika preso Euskal Herriratuko dituzte. Bederatzi EAEko kartzeletara eta beste bi Iruñeko espetxera lekualdatuko dituzte.

Bilboko Alde Zaharran euskal presoen alde egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Espetxe Zuzendaritza espainiarrak ostegun honetan iragarri duenez, hamaika preso Euskal Herriratuko dituzte datozen egunetan. Bederatzi EAEko kartzeletara eramago dituzte eta beste bi Iruñeko espetxera. Azken hauek dira Juan Ramon Karasatorre, gaur egun El Dueson dagoen presoa, eta Luis Mariñelarena, Dueñasen dagoena.

Ohar batean, Barne Ministerioak adierazi du Lakuarekin lanean ari dela bederatzi presoen lekualdatzea martxan jartzeko. Izan ere, kartzela politika Gasteizko Gobernuaren eskumena denez, Lakuak erabakiko du EAEko zein kartzeletara joango den preso bakoitza.

Hala, Ibai Aiensa, Lorenzo Aiestaran, Ainhoa Garcia, Eneko Goieaskoetxea, Juan Carlos Iglesias, Xabier Makazaga, Ainhoa Mujika, Jon Olarra eta Gorka Palacios Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetan izango dira.

Aiensa, Mujika eta Olarra Logroñon daude preso; Goieaskoetxea eta Makazaga Santoñan dagoen El Dueso espetxean daude; Aiestaran Soriako kartzelan dago; Garcia Asturiasen espetxeratuta dago; Iglesias Dueñasen eta Palacios Estremeran, Madrilen. 

Estremeran oraindik ere beste bi euskal preso daude: Irantzu Gallastegi eta Xabier Garcia. Hauek dira, espainiar Estatuan dauden kartzelei dagokionez, Euskal Herritik urrunen dauden presoak, 520 kilometrora baitaude.

Frantziar Estatuan hiru preso daude urrunen: Ainhoa Ozaeta eta Iratxe Sorzabal, Reau Sud Francillenen (925 kilometrora), eta Itziar Moreno, Renneseko kartzelan (795 kilometrora).