INFO

Hilekoa erregistratzeko app-ak, abortua penalizatzeko tresna AEBetan?

Abortu eskubidea babesten zuen ‘Roe vs Wade’ epaia indargabetu ondoren, AEBetako aktibistek ohartarazi dute hilekoa kontrolatzeko aplikazioetan batutako datuak berauen erabiltzaileak legalki zigortzeko erabili ahalko liratekeela.

Emakume bat hilekoaren zikloa erregistratzeko app batekin antisorgailuak noiz hartu behar dituen kalkultzen. (Antionio DIAZ | GETTY IMAGES)

Iragan ekainaren 24an AEBetako Auzitegi Gorenak abortu eskubidea legez babesten zuen ‘Roe vs Wade’ auzia indargabetu ostean, AEBetako aktibistek ohartarazi dute hilekoaren zikloa erregistratzeko aplikazioetan batutako datuak, hala nola Clue, Flo, Mi Calendario Menstrual eta Woman Long bezalakoetan, abortuaren aferarekin lotutako epaiketetan erabiltzaileen aurka erabili ahalko liratekeela.

Konkretuki, AEBetako aktibistek ohartarazi dutena da, oraingoz zortzi estatutan ezarri duten abortuaren penalizazio totalaren testuinguruan, hilekoaren zikloak erregistratzeko aplikazioek jasotako datu eta informazioak emakumeen aurkako ondorio legalak izan ditzakeela.

Sergio de Juan, Creix UOCeko Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakasle laguntzailearen eta Croma Legal bulegoko abokatuaren ustez, egoera hori Euskal Herrian ematea «oso zaila» izango litzateke: «Kasu hipotetikoa izango litzateke, eta hainbat faktoreren mende egongo litzateke; (...) epaile batek informazioa eska diezaieke hirugarrenei, baina betiere arrazoi justifikatuak eta lortu nahi den delitu-motarekiko proportzionalak badaude. Beraz, a priori, lekuz kanpo egongo litzateke hemen, eta are gehiago abortua zigortzeko».

Cesar Pablo Corcoles, Informatika, Multimedia eta Telekomunikazioko irakasle eta Web Aplikazioen Garapenaren graduondoko zuzendariak, bestalde, azpimarratu du hilekoaren app-ak eta ‘Roe vs Wade’ baino haratago begiratu behar dela. Izan ere, bere hitzetan, «paradigma aldaketa baten aurrean gaude, datuek ez dute helburu ekonomikorik, baizik eta orain muga penalak ekar ditzakete».

Orotariko datuak

Hilekoa monitorizatzeko aplikazioek urteak daramatzate polemika pizten. Izan ere, app hauek hilekoaren zikloaren afera lantzen dute, baina bestelako datuak ere jasotzen dituzte, esaterako, hilekoaren aurreko sindromearekin edo hilekoarekin lotutako min fisikoarekin lotutakoak. Gainera, nahitaez hilekoarekin loturarik ez duten informazioa ere jasotzen dute, azalaren eboluzioa, harreman sexualak, erabiltzailearen desira sexuala, aldarte emozionala, ariketa fisikoa eta lo orduak kasu.

Aplikazio guzti hauek doakoak dira, alabaina ordainpeko bertsioak dituzte gehienek, haurdun gelditu nahian dabiltzan erabiltzaileei begira. Hori horrela, publizitateko urrezko arauak dioen legez, «produktu bat ordaintzen ez baduzu, produktua zu zeu zarelako da». Maria Olivellak, UOCeko Berdintasun Unitateko koordinatzaileak, teoria hori defendatzen du. Izan ere, azpimarratu du egitate bat dela software-enpresak «datuen salmentarekin sostengatzen» direla.

«Ez da plataforma guztiekin gertatzen, baina, egun, telefono bat erabiltzeagatik bakarrik, zure kokalekua edo erosten ari zaren tokia jakinarazten ari zara», adierazi du Olivellak.

Kasu entzutetsuena Flo aplikazioarena izan zen, AEBetako app menstrual erabilienetarikoarena. 2018an, ‘Wall Street Journal’ egunkariak azaleratu zuenez, aplikazio honek Facebooki jakinarazten zion erabiltzaileak hilekoa noiz zuen edo haurdun gelditzeko asmorik bazuen. Informazio honen haritik, Flo aplikazioak bere pribatutasun politiken errebisio bat egin eta neurriak hartu behar izan zituen.

«Emakumeen eskubideen atzeraldia»

Eticas Research & Consulting enpresak, auditoretza teknologikoetan espezializatuak, enpresa hauen jarduera aztertzen zuen txosten bat osatu zuen. Ondorio argiak atera zituen: gehienek hirugarrenekin banatzen dituzte datuak helburu komertzialekin. «Arazoa da app-a ezabatuz gero ere ez zaudela salbu, ikusi delako eskuin mutur globalak beste mekanismo mota batzuk erabiltzen dituela, hala nola Facebookeko lagunak, Interneteko bilaketak edo klinika batean ematen den denbora. Kontua ez da teknologia bera, arazoa da emakumeen eskubideen atzeraldi baten aurrean gaudela».

Ildo honetatik, negozio isil hau agerian gelditu zen Facebookek WhatsApp aplikazioa 21.800 milioi dolarren truke erosi zuenean, baita, urte batzuk lehenago, Googlek 1.650 milioi dolarren truke YouTube erosi zuenean. Adituen arabera, ez Facebookek ez Googlek ez zituzten kopuru horiek ordaindu plataforma horien egitura teknologikoagatik, atzean zituzten erabiltzaile kopuruarengatik baizik. «Gauza bat da Facebookek datuak tratatzea eta hustiatzea publizitate segmentatua txertatzeko, eta beste gauza bat da hirugarren enpresetara sarbidea ematea erabiltzailearen baimenik gabe», azaldu du Corcolesek, azken puntu horretan pizten da hileroko app-en inguruko eztabaida.

Horregatik egin zuten protesta ekintzaileek ‘Roe vs Wade’ epaia indargabetu ostean, orain, milaka emakumeren datuek ondorio penalak izan ditzaketelako. «Badirudi herrialde honetan (AEBetan) abortuaren zigor atzerakoia salatzeko erabilitako neurria dela. Hemen neurriz kanpokoa izango litzateke, horrelako neurri bat oinarrizko eskubideak diren intimitatearekiko eta datu pertsonalekiko oso inbaditzailea izango litzatekeelako, eta bi eskubide hauek babes indartua dute Europan», ebatzi du Creixek.

Europan datu pertsonalak (EB) 2018/1725 legeak babesten ditu eta hainbat agentziak legea errespetatzen dela gainbegiratzen dute. Dena den, Olivallaren ustez, AEBetako egoera oso bestelakoa da: «Frogatuta gelditu da edozein erreminta erabiliko dutela emakumeak kriminalizatzeko, beraz, gelditzen dena atzerakada sozial honi aurre egiteko elkartasun sareak sortzea da eta ez fokua aplikazioetan soilik jartzea, arazoa askoz haratago doa eta».