Draghi, uda gau bateko amesgaiztoa
Mario Draghiren Kabineteak amaitutzat eman du esperimentua. Hauteskundeak aurreratu dira, baina une honetan Legebiltzarra hankaz gora dago erabat. Aste ero baten kronika da hau.
«Finito» Mario Draghiren Kabinetea. Orain dela pare bat aste inork ezin zezakeen sumatu, baina zabaldutako krisiak emaitza harrigarria utzi du azkenik: SuperMario, mundu osoan babes handienetakoa zuen lehen ministroa, etxera joan da.
Nor izan da erruduna? Liga Norte akaso? Bost Izar Mugimendua beharbada? Berlusconiren Forza Italia ote? Edo Mario Draghiren beraren nolabaiteko inkontzientzia? Nork eman dio tiroa bere buruari?
Aste zoroa bizi izan da Italian. Zoroa eta sinestezina. Horren ostean geratu dena ezegonkortasuna da, eta horrekin batera okerrena etor daitekeenaren sentsazioa.
Lehenik eta behin, ondorio nabarmenena: Mario Draghi kokoteraino zegoen: hainbeste bilera, hainbeste eztabaida, hainbeste neke, zertarako? Errepublikako presidente izan nahi zuen eta ez zioten utzi. Arazoak kudeatzeko gogorik ez eta mahai gainean pilatu zaizkio: covid-a, Ukrainako gerra, suteak, inflazioa... Gehiegi bankari oiharentzat. Aipatu genuen bezala, Aste Santuan jada korapilo ugari askatu behar izan zituen Draghik, baina hortik aurrera bazirudien arnas apur bat hartuko zuela lehen ministroak.
Haizea indarrez ari zen jotzen bere alde, nahiz kanpoko albisteak oso positiboak ez izan: Italia Ukrainaren alde zen, OTANekin lerratuta, baina ikusi dugu Putin momentuz ez dela galtzaile atera. Okerragoa izan da barnekoa egoera, Gobernua poliki-poliki ahultzen joan baita.
Bost Izar Mugimenduak zatiketa odoltsua jasan du, Luigi di Maio Atzerri ministroa atera delarik, ‘Insieme per il futuro’ taldetxoa sortu ondoren. Gainera M5S-k oso emaitza txarrak izan zituen tokiko hauteskundeetan, milaka eta milaka boto galdu eta gero.
Bost Izarren Mugimendua sutan zegoela ikusita, suhiltzaile gisa jarri nahi izan du bere burua Contek
Mugimenduaren barruan bakoitza bere kabuz mugitzen hasi da, atomo eroen antzera. Eta anabasa horretan Giuseppe Conte Bost Izarren liderrak –eta Mario Draghiren aurretik lehen ministro izandakoak– mahaia hankaz gora jartzea erabaki zuen. Alderdia sutan zegoela ikusita, suhiltzaile gisa jarri nahi izan du bere burua. Ahalegin horretan publikoki Gobernuaren kontra jo du, nahiz eta teknikoki M5S-a Gobernuaren barruan egon. Kontraesan horretan gero eta ordezkari gehiagok utzi du Mugimendua, Di Maioarekin elkartzeko.
Inkestek iragartzen zuten Bost Izarrak, argiaren abiaduraz, hondoratzen hasiak zirela. Baina hauteskunde orokorrak oso urrun kokatzen ziren oraindik, datorren urteko maiatzean-edo. Eta hori baino lehenago Mario Draghiren esperimentua bukatu beharra zegoen.
Erroma eta hondakinak Coca-Cola eta Mentos gominolak bezalakoak dira: nahastuz gero, kontuz
Giuseppe Conte Bost Izarren liderra ‘casus belli’ baten bila ari zen. Ez dakigu zertarako, agian tipo nahiko kapritxosoa delako, hori baino ez. Aitzakia ia kasualitatez topatu du: Parlamentuak lege bat zehaztu behar zuen, eta artikulu batek aipatzen zuen Erromako hondakinetarako erraustegi bat eraikiko zela.
Alarma gorria; Erroma gehi hondakinak. Bi argudio horiek Coca-Cola eta Mentos gominolak bezalakoak dira: nahastuz gero, emaitzarekin kontuz. Bost Izarren Mugimenduak, iraganean ikusi dugunez, nolabait arima ekologista du, baina Erroman bost urteko Gobernuak erabateko hondamendia eragin zuen, Virginia Raggi alkate zela.
Giuseppe Contek aukera bat ikusi zuen hondakinen artean: «Alderdiak lege hori irentsiko balu, beste milaka boto galduko genituzke», ondorioztatu omen zuen. Horrenbestez, Bost Izarren Mugimenduak ez zuen Gobernuaren proposamena babestu. Hainbat hilabeteren ondoren berriz kantxan agertu zen Conteren aholkulari nagusiena, Rocco Casalino, lehen Italiako ‘Gran Hermano’ programaren parte-hartzaile izandakoa, tipo harroputz eta erabakitzailea.
Mario Draghik, egoera berria bistan zuela, hau adierazi zuen: «Jaun-andreok, Gobernua oraindik osorik dagoen ala ez kontrolatu behar dugu». Esaldia zentzugabekoa zen neurri batean, Kabineteak Bost Izarren Mugimenduko kiderik gabe ere aurrera jarraitu ahal zuelako. Izan ere, Legebiltzarreko ia talde guztiek babesa eman diote lehen ministroari eta Gobernutik kanpo alderdi bakarra egon da: Fratelli d‘Italia ultraeskuindarra.
Ulertezina badirudi ere, Draghik bapatean indarrak neurtu nahi izan zituen, arriskuak kontuan hartu gabe. Erabaki inozoa ala bera ere, Conte bezala, agintari kapritxosoa? Dimisioa eman zuen bankari ohiak, baina Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak ez zuen onartu eta Legebiltzarrera bidali zuen lehen ministroa, benetan gehiengoa alde zuen ala ez egiaztatzeko. Hori, pasa den ostegunean.
Sarajevoko atentatua
Egun berean Italia gelditu egin zen: Eugenio Scalfari kazetari erraldoia hil zelako. 98 urte zituen, ‘La Repubblica’ egunkari ezkertiarraren sortzailea, oso jakintsua eta prestigioduna. Azken hilabeteotan apur bat desagertuta ibili zen, baina lehenago behin baino gehiagotan ‘Barbapapàk’ (hori zen bere ezizena, bizarragatik) aipatu zuen Mario Draghi lehen ministro edota Errepublikako presidentea izango zela.
Aita Santuarekin ere harreman estuak mantentzen hasi zen Scalfari, askoren arabera ezkerraren benetako liderra zena. Egia esan egunkariaren sortzaileen filosofia nahiko aurrerakoia zen, eliteentzako pentsatua. Gaur ere ‘La Repubblica’ Italiako hedabiderik garrantzitsuenetakoa da, nahiz eta oso ezkertiarra ez izan, Alderdi Demokratikoaren antzera.
Bide batez, PDko idazkariak, Enrico Lettak, Draghiren alde egin zuen. «Bere dimisioa ez dadila 1914ko Sarajevoko atentatua izan», opa izan zuen. Hitz gogorrak, zalantzarik gabe; Lehen Mundu Gerrarekin alderatzeak kinka larriaren neurria eman nahi zuen.
AEBk eta Vaticanok jarraitzeko eskatu zioten Draghiri. Moskutik hauxe zioten: «Johnsonen ondoren, Ukrainaren aldeko beste agintari bat erorita, nor izango da hurrengoa?»
Mugimenduak kateatu egin dira astean zehar, bata bestearen atzean. Milaka alkatek idatzi bat sinatu zuten, Draghi babestuz, legebiltzarkide batzuekin batera. AEBek eta Vaticanok argi eskatu zioten lehen ministroari dimisioa alde batera utz zezan. Une berean Errusian barrez ari ziren, poza ezkutatu gabe: «Boris Johnsonen ondoren, Ukrainaren aldeko beste agintari bat erorita. Nor izango da hurrengoa?», aipatu dute Moskutik.
Egiazko albisteak eta fake-news-ak nahasten ari ziren eta benetakoa zein zen bereiztea ez zen erraza. Adibide modura, sare sozialetan asko zabaldu da etxerik gabeko pertsona baten esana: «Ea Mario Draghi gelditzen den, guretzat asko egin duelako». Txantxatzat har zitekeen, 2021. urtean pobreziak Italian nabarmen gora egin duelako. Baina, gainera, gezurrezkoa zen «albistea».
«Italiarrek eskatu didate»
Redde rationem prest zegoen. Draghi, dimisioa eman ondoren, Aljeriara joan zen, itxuraz gasa berreskuratzera. Baina oro har oso jende gutxik uste zuen benetan Gobernua erori egingo zela. Enrico Letta bera oso baikorra zen, baina iraganean Alderdi Demokratikoko idazkariak behin baino gehiagotan aurreikuspen okerrak egin ditu.
Gehiengoa ote zuen Mario Draghiren kabineteak? Hasieran bai, Bost Izarrak gabe. Nola kolapsatu da, orduan? Aldagai asko jokoan sartu izanaren ondorioz. Liga Norte eta Forza Italiak argi eta garbi eskatu zioten Draghiri 5S-ko ministroak kentzeko, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Eskuineko alderdiei, gainera, ez zitzaien batere gustatu lehen ministroa Alderdi Demokratikoarekin publikoki geratu izana.
Kolapsoa aldagai asko jokoan sartu izanaren ondorioa izan da, eta Mario Draghiren suizidio politikoa dago tartean
Beharbada Draghiren azken «akatsa», edo inozokeria, Senatuan erabili zuen hizkera izan zen. Matteo Salvini eta Forza Italia-ren kontra mintzatu zen bankari ohia, krisiaren errua leporatuz: gehiengoa mantentzeari begira ez zen oso estrategia egokia izan. Baina aipatu bezala, lehen ministroaren gorputz-hizkuntza gizon nekatuarena zen. Itxura batean, Mario Draghirengan konfidantzarik ez zuen lehena Mario Draghi bera zen. Pasa den Gabonetako prentsaurrekoa eta Legebiltzarrean azken egunetako agerraldiaren arteko aldea izugarria da
«Italiarrek eskatu didate» lehen ministroren esaldirik garrantzitsuena izan da. Oso jende gutxiri gustatu zaio Draghiren kabinetea ‘Il Governo dei Migliori’ deitu izana (‘Onenen Gobernua’). Beste hankasartze bat.
Koktel honekin, porrota saihetsezina zen. Italia udazkenean joango da hauteskunde orokorretara, datorren udaberriko deialdiaren ordez. Irailaren 25ean izango da lehia; uda honetan, beraz, jada kanpaina bete-betean egongo dira guztiak.
Garai batean «Itsasertzeko Gobernu bat» prestatuko zen, baina orain ez, denak presaka dabiltza, eskuinekoak batez ere
Garai batean, iraganean, kasu hauetan «Itsasertzeko Gobernu bat» prestatzen zen: Kristau Demokraziako ordezkari bat buruan, ministro ultra-prekarioren bat, uda burukomin handirik gabe pasatzea helburu. Aurten ez, aurten denak presaka dabiltza, batez ere eskuinekoak: inkesten arabera, koalizioa elkartzen bada erraz irabaziko luke. Batez ere Alderdi Demokratikoaren kontra, bakar-bakarrik geratuko baita, bere %20 eskasarekin.
Kontua zera da da: Berlusconi, Salvini eta Fratelli d'Italia-ko Giorgia Meloni benetan joango dira batera hauteskundeetara? Partida «erdian» jokatuko da. Populismoak edota ultraeskuinak ez dute etorkizunik Europara begira. Baina Europa ere nahiko desorekatuta dago.
Draghiren suizidio politikoa oraindik ulertezina da. Ez zegoen gustura, baina hainbeste zalaparta merezi al zuen Italiak? ‘Uda gau bateko ametsa’ amesgaizto bilakatu da kasu honetan, Shakespeareren lanean bezala.