INFO

Urdaibai eta Arraun Lagunak, Euskadiko txapeldun Lekeitioko uretan

Kategoria bakoitzeko zortzi traineruen artean azkarrenak izan dira astelehen honetan bermeotarrak eta gipuzkoarrak eta titulu berri bat eskuratu dute, Arraun Lagunaken kasuan, gainera, iazkoa errepikatuz.

Urdaibaiko trainerua ikurrinarekin poz-pozik txapeldun izan ostean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gizonezkoentzat 37. Euskadiko Traineru Txapelketa eta emakumezkoentzat 14.a ospatu da astelehen honetan Lekeitioko uretan, eta bertan Urdaibaik eta Arraun Lagunakek Eusko Label eta Euskotren Ligetan eskaintzen ari diren maila bikainaren beste erakustaldi bat egin dute. Asteburu honetan emakumezkoen Ligak ez du estropadarik izan, eta ondo bezain ondo prestatzeko aukera izan dute gipuzkoarrek. Hala, iazko garaipena errepikatu dute. Gizonezkoetan, aldiz, asteburuan Ligako bi proba izan dituzte eta Bermeokoek, Ligan hirugarren, ez dute esfortzua ordaindu.

Lekeitioko estropada eremua ondo bezain ondo ezagutzen dute traineruek. Itsasorantzko norabidea oso exijentea izan da, eta nabaritu dute arraunlariek. Gizonezkoetan, Oriok lehen txandan egindako marka zuten erreferentziatzat bigarren txandakoek. Urdaibai ziztu bizian atera da eta hasieratik aldendu da besteengandik.

Aipatzekoa da asteburuan Ligan lidergoa eskuratu duen Hondarribiak aldaketa ugari egin dituela eskifaian eta ordaindu egin duela laugarren kaletik, eguneko zailena. Gainera, lehen ziaboga egiterako garaian, olatu kolpe batengatik, arraunak ihes egin dio eskuetatik Galder Ezpondari, segundo batzuk gehiago galduz –azken biraketan ere ikusi da zein zailtasun zeuden–. Urdaibaik, aldiz, Orioren denbora hobetu du dagoeneko lehen biraketa honetan, hiru segundogatik (5:27).

Atzetik, Donostiarrak ahal zuen bezala eutsi dio bigarren postuari eta Zierbena, oihu askorik egin gabe baina lan ederra eginda, txandako hirugarren postuan mantendu da, baina Urdaibaik ez zuen ikurrina alde egiten utzi nahi eta sekulako erakustaldia egin du amaiera arte, denbora guztiak apurtuz. Hala, estropada osoko denborak hartuta, bigarren Orio izan da eta hirugarren, Donostiarra.

1. txanda: Orio oso nagusi

Oriok inork baino hobeto aprobetxatu du asteburuan Kaikuk egindako lan bikaina eta aparteko esfortzua goikoekin mantentzeko ahaleginetan, eta ez du aurkaririk izan bere txandan. Ondarroa eta Getaria ere bertan aritu dira, eta hauek izan dira lehen ziabogan Oriori jarraitu diotenak, baina 11 eta 13 segundo galduz hurrenez hurren. Kaiku, berriz, atzerago iritsi da, 18 segundora.

Aldeak are gehiago handitu ditu Oriok bigarren eta hirugarren biraketetan: 14 eta 22 segundo Getariari, 27 eta 42 Ondarroari eta 35 eta 57 Kaikuri. Mirotzek bidea libre zuten eta hegan egin nahi zuten hurrengo txandakoei gauzak ahalik eta zailenen jartzeko.

Getariak azken luzean segundo batzuk kendu dizkio Oriori azken biraketa egin ostean, baina mirotzek sekulako azken bi minutuak egin dituzte arraunean, zenbait olaturen gainean surf egiten, eta 21:13.39ko denborarekin amaitu dute estropada.

Gizonezkoak
    1.    Urdaibai           20:55.22        
    2.    Orio                 21:13.39
    3.    Donostiarra      21:26.62
    4.    Zierbena          21:40.50
    5.    Getaria            21:41.31
    6.    Hondarribia      21:55.73
    7.    Ondarroa         22:09.68
    8.    Kaiku               22:52.36

Arraun Lagunakeko emakumeak Euskadiko Txapelketako ikurrina jasotzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Arraun Lagunak-en errepikapena

Arraun Lagunakek iazko garaipena errepikatu du. Bigarren Orio izan da eta hirugarren Hondarribia. Sailkapena honela osatu da: Donostiarra, Tolosaldea, Hibaika, Ondarroa eta Deustu.

Lehenengo txandan lortu du denborarik onena Arraun Lagunakek (11:20.88). Euskotren Ligan ematen ari den maila bikaina –orain bigarren da, Orioren atzetik– berriro ere agerian utzi du gaurkoan eta hasiera-hasieratik nabarmendu da guztien artean. Atzetik Hondarribia izan du, aurten ETE Ligan ari den trainerua, baina lehenengo luzean nolabait eutsi badio ere (10 segundora egin du maniobra), bigarrenean ezin izan du erritmoa jarraitu eta Donostiarrarekin lehian aritu da txandako bigarren postuarengatik.

Bitartean, Arraun Lagunakekok arraunlari bati arraunak ihes egin dio eskutik, baina dena kontrolpean zuen taldeak eta maila berari eutsi dio helmugara arte. Atzetik, Hondarribia, Donostiarra eta, atzerago, Hibaika iritsi dira.

Bigarren txandan Orio oso nagusi izan da beste guztien artean, baina mirotzek ezin izan dute Arraun Lagunaken marka hobetu. Ziabogan 15 segundo gehiago behar izan dituzte eta ondorengo luzean, bazirudien denbora ken zezakeela –9 segundora ipini da–, baina ez da posible izan eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan dute arraunlariek.

Emakumezkoak
    1.    Arraun Lagunak     11:20.88        
    2.    Orio                      11:38.24
    3.    Hondarribia           11:42.27
    4.    Donostiarra           11:43.23
    5.    Tolosaldea             12:03.38
    6.    Hibaika                 12:11.00
    7.    Ondarroa              12:46.24
    8.    Deustu                  12:52.57

Getxoko arraunlari beteranoak ikurrina astintzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Getxo, beteranoetan txapeldun

Emakumezkoen estropada aurretik, beteranoak lehiatu dira, eta bertan Getxo izan da Euskadiko txapeldun, 10:58.61ko denbora lortuz. Sekulako nagusitasuna erakutsi dute bizkaitarrek, bigarrena izan den Fortunari 23 segundo ateraz eta Mundakari 34 segundo ateraz. Ondoren sailkatu dira Plentzia (+37), Zumaia (+40), Badok 13 (+40), Bilbo (+55) eta Iberia (+1:03).