INFO

Osasun publikoaren okertzearen aurrean azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Lakuari

Osakidetzako zerbitzuek okerrera egiten dutela salatu ondoren, azalpenak eskatu dizkio Lakuako Gobernuari EH Bilduren parlamentari Rebeka Uberak Donostiako Ospitalearen atarian egindako adierazpenetan.

Rebeka Uberak Donostiako Ospitalearen aurrean egin ditu adierazpenak. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzuen okertzearen aurrean azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Lakuako Gobernuari, Rebeka Ubera parlamentariak Donostiako Ospitalearen aurrean egindako adierazpenen bitartez.

«Aurreko astean Osasun Sailburuaren, Osakidetzako zuzendariaren eta Osakidetzako asistentziako zuzendariaren agerraldiak eskatu genituen Parlamentuan, ikusita Osakidetzan herritarrek ez dutela jasotzen jaso beharko luketen arreta. Hau da, ikusita Osasun Saileko eta Osakidetzako ardurandun nagusiek indarrean jarritako estrategiak, planifikazio kaxkarrak eta murrizketek Osakidetzaren asistentzian duten eragin kaltegarria», azaldu du Uberak.

«Baina gaur da eguna, oraindik ere ez direla Legebiltzarrera etorri eman beharreko azalpenak emateko eta Osasun sistema publikoan dagoen egoera tamalgarria zuzentzeko neurririk hartuko duten eta neurriak zeintzuk izango diren azaltzera», salatu du.

«Zoritxarrez ikusten ari garena da, aurreko astean agerraldia egin genuenetik gauzak ez dutela hobera egin. Ikusten ari gara komunikabideetara begirako gestioa nagusitzen dela Osasun Sailean, zeinaren bidez ardura kanporatzen jarraitzen duten, pilota Madrileko gobernuaren gain jarriaz eta, aldi berean, energia xahutuz beste Erkidego batzuetan baino hobeto gaudenaren autokonplazentzian eta alderaketa errazean eroriaz», azaldu du Uberak.

«Zergatik diogu gauzak ez dutela hobera egin? Aurreko astean komentatu genituen egoerez gain, alegia: Ospitaleetako larrialdien saturazioa, euren jarduera %35 gehiago izatea. Herritarrek zailtasunak dituztelako lehen arretan kontsulta lortzeko. Eibarreko ospitaleko bigarren solairua itxita egoteak duen eragina Gipuzkoa osoan eta kirurgien atzerapenean. Ondorioz, Donostiak ezin baitu Gipuzkoako eskualdeetatik bidaltzen zaizkion kirurgiak egin, hainbat paziente errekuperatzeko Eibarrera bidaltzen dituelako eta oheak eta solairuak itxita daude. Hamarnaka paziente direla ohiko kirurgia baten zain jarraitzen dutenak. Eta hamarnaka dira ere, horrelako kirurgiak egiteko  Jaurlaritzak dekretu bidez ezarrita duen 180 eguneko topea gainditu dutenak. Gurutzetako egoera: larrialdiena eta onkologia pediatrikoena», laburbildu du.

1.600 dei egunero larrialdietan

«Guzti horretaz gain, jakin izan dugu Emergentzietan egunero 1.600 dei jasotzen direla. Guztiz kudea ezina den kopurua. Jakin izan dugu ere, Araban osasun garraio programatuetan, herritarrak kontsultetara eramateko zerbitzuak bertan behera geratu direla, gutxienez uztailean zehar 23 bat paziente zintzilik geratu dira. Jakin dugu ere, Barne Medikuntzako profesionalek helarazi duten idatzi baten bidez, Bidasoako ospitalean, urologia arloko patologia baten ondorioz ingresatuak diren pazienteak barne medikuntzako profesionalek artatzen dituztela Donostiako ospitaleko urologiaren laguntza telematikoarekin, ospitalean ez dagoelako urologorik», azpimarratu du EH Bilduren parlamentariak.

«Jakin dugu ere, Krimea-Kongoko sukar hemorrogikoa duen pazientea ekarri dutela Donostiara, bertako zerbitzuak kontsultatu gabe eta Donostiako ospitalearekin erabaki gabe; Madrilek ezezkoa eman ziolako ezin zuelako artapena asumitu. Ongi iruditzen zaigu, Donostiako ospitalea emergentziazko kasuetan erreferentea izatea. Baina prestatu gabe zegoen. Eta emergentziazko zentro punteroa izan behar bagara, horrek prestatuta egotea eskatzen du. Gutxienez bi urte dira formakuntza, protokolo eta entrenamendurik gabe eta behin pazientea ekarrita hasi dira korrika eta presaka dena antolatzen. Horrek profesionalen artean sortu duen kezka, ezinegonarekin…», gaineratu du.

«Behingoz bada garaia murrizketak alboratzeko. Formakuntza, protokolo eta planifikazioari garrantzia emateko eta gauzak iraunkorki etengabe planifikatu eta osasun inbertsioan ahalegin bat egiteko. Batez ere osasun profesionaletan. Eta ez beti atzetik aritzeko, guzti horrek suposatzen duen guztiarekin: osasun profesionalen segurtasuna kolokan, lan zama, profesionalak erreta, murrizketak, Osakidetzako asistentziaren deterioroa», aldarrikatu du.