INFO
Entrevista
Ane Alava eta Txomin Aiartza
Ernaiko eledunak

«Pultsu nazionalaren beherakada eman da eta hor kokatu dugu erronka»

Prozesu luze bat igarota, aurrera begirako ardatz nagusiak zehaztu ditu Ernaik III. Kongresuaren amaieran onartutako ‘Ehotzen’ ponentzian. Gazte frontearen artikulazioa, hezkuntza eta naziogintza izango ditu ardatz gazte antolakundeak, eta balio feministen hegemonizazioa jarri du helburu.

Txomin Aiartza eta Ane Alava. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azken hilabeteetan buru-belarri aritu dira Ane Alava eta Txomin Aiartza Ernairen III. Kongresua antolatzen. Ekainean egin zuten Olatzagutian, eta hilabete horretan bertan  epaitu zituzten 2021eko maiatzean Bilbon atxilotutako Ernaiko zazpi gazte. Ondoren, epaia: zazpi hilabeteko espetxe zigorra. Hala ere, bere jardunarekin jarraitu du gazte antolakundeak, eta barne prozesutik atera diren proiektu berriei heldu die.

Hilabete bat pasata, nola atera da Ernai III. Kongresutik?

Ane Alava: Nola atera garen baloratzeaz gain, prozesua bera azpimarratu nahiko genuke. Azkenean, urtebete baino gehiago luzatu den prozesua izan da, pandemiagatik atzeratu genuelako, eta militantziaren jarreraz eztabaidatzeko eta parte hartzea bultzatzeko ikaragarri ona izan da. Belaunaldi berri oso batek hartu du Kongresua aurrera eramatearen ardura, bai egituretan eta baita auzo eta herrietan ere, eta orain ikusiko dugu garatutako  ideia guztiak praktikara nola eraman. Estrategia berritu batekin amaitu dugu Kongresua.


Euskal Herriko gazteek ziklo baten amaiera ezagutu dute, baita neoliberalismo basati baten pean haztea zer den ere. Testuinguru horretan, abertzaletasunak pisua galdu duela diozue ponentzian. Bereziki horretan asmatzea kostatu da?

Txomin Aiartza: Abertzaletasunaren edo nazio pultsuaren beherakada eman da, bereziki gazte sektoreetan. Ernairen arabera, hiru faktore nagusik ekarri dute pultsu horren ahultzea. Alde batetik, gure marko geografikoan, aurreko gatazka politiko armatuan, nazio ardatza zen erdigunean zegoena, eta, behin gatazka ekuaziotik kenduta, lausotu egin da pultsu hori. Konfrontazio parametroak jaitsi dira, nazio ardatz hori lausotu egin da eta beste borroka batzuk piztu, potentzialitate oso handia dutenak. Agian guk ez dugu asmatu hasieratik borroka ardatz horiek naziogintzarekin uztartzen. Bestalde, badago kapitalismoak garatu duen izaera globala ere. Entitate likidoak, munduko hiritar izatearen ideia... hedatu dira eta horrek ekarritako aldaketa kulturalek eragina izan dute gazteriarengan. Azkenik, Euskal Herrian, espainiar zein frantziar estatuen aldetik nazio asimilaziorako estrategia oso batek indarrean jarraitzen du.

Naziogintza indartzea da, beraz, erronka nagusia?  

T.A.: Aipatutakoaz gain, esan behar da gazteen artean ez dagoela 78ko erregimenarekiko, espainiar eta frantziar estatuen proiektuekiko atxikimendurik, baina hori ez dela gero askapen nazionalerako indar bilakatzen. Hortaz, bai, hor kokatu dugu erronka nagusienetako bat, nazio pultsu hori indartzea gazteen artean, iruditegi berriarekin, sinbolismo berriarekin, bestelako eremuetan eraginez, antifaxismotik, memoriatik, kiroletik, bestelako borroketatik...

Ziklo baten amaiera eta gero, badago garaiak alderatzeko joera. Garai bateko epikaren nostalgia dago batetik, eta, bestetik, instituzioetako jardunaren eta kaleko dinamikaren arteko tentsioa dakarren egungo errealitatea. Horiek dira zuentzat kontraesan nagusiak?

A.A.: Ukaezina da instituzioek daukaten izaera zisheteropatriarkal burgesa, eta, gainera, egun ditugun instituzioak Estatu espainolak eta frantsesak ezartzen dizkiguten muga eta parametroen barruan mugitzen dira. Baina ezin dugu ukatu instituzioek daukaten ahalmena, gauza txikien bidez, gure herriak eta gure baldintzak transformatzeko. Ulertu behar dugu estrategia independentistak prozesu izaera daukala, eta prozesu horretan ahalik eta tresna gehien izatea eta ahalik eta boteregune gehienetan egotea ezinbestekoa izango dugula. Bide horretan, aitortzen diegu instituzioei gaitasun minimo bat, eta, noski, horietan eragiteak kontraesanak sortuko ditu. Baina tentsio horiek modu positiboan ulertu behar ditugu. Ernairen funtzioa izango da kaleetan egotea, exijentziaz, instituzioetan egiten den lana ahalik eta txukunena eta eraginkorrena izan dadin. Gure funtzioa izango da kaleetan presioa sartu eta instituzioek eskaintzen dituzten mugetatik haratagoko aldarrikapenak mahai gainean jartzea.

Kongresuko ardatzetara pasata, gazte frontearen artikulazioa izango da Ernairen apustu bat. Zeintzuk dira fronte hori mamitzen duten edukiak eta aliantzak?

T.A.: Sistema kapitalistak gazteontzako duen eskaintza bakarra bizi baldintza prekarioak dira, eta eskaintza horren aurrean ikusten genuen gazteriaren antolaketa biderkatzeko eta fronte komun bat osatzeko beharra, helburu moduan gazteontzako bizi baldintza duinak eskuratzea duena, burujabetza eta eraldaketa sozialean sakonduz. Gazte fronte hori ideia eta aldarri batzuen bueltan ematen da, baina ez dugu ulertzen aldarrikapen batzuen batura soil bat bezala; gazteen artean balio eraldatzaileekin osatuta dagoen zentzu on partekatu bat eraikitzea da helburua. Ez da antolakunde batzuen batura, haratago doa. Eremu ezberdinetan osatuta dago, maila sektorialean dauden borrokekin, izan Euskal Herriko Neska Gazteen Mugimenduak dituen borrokak, gazte transmaribibolloen borrokak, edo, maila lokalean, gaztetxe, gazte asanblada eta abarren aldarrikapenak.

Fronte horren barnean, zein izango da Ernairen papera? Gazte independentistak sortu nahi dituzuela diozue.

A.A.: Fronte hori ehuneko ehunean independentista izango ez baldin bada ere, burujabetza terminotan kokatzea da apustua. Bertan, Ernairen funtzioa izango da pedagogia independentista egitea eta ahalik eta gazte gehien igarotzea burujabetza terminoetatik independentziaren alde lerrokatzera.

Estrategia feminista bat osatuko duzuela ere aipatu duzue. Kanpora begira baina baita etxe barrura begira ere.

A.A.: Ernai aitzindari izan da ezker abertzalean feminismoaren integrazioan, baina beharrezkoa ikusten genuen apustu berezia egitea feminismo transbertsala antolakundean osotasunean txertatzeko. Urrats feminista abiaraziko dugu urte politikoaren hasieran, eta horren helburua, norbanakoaren eraldaketatik hasita, Ernairen funtzionamendua eta izaera «feministatzea» da. Bi urteko prozesua diseinatu dugu eta estrategiak mugimendu feministan ematen ari diren eztabaidei begiratuko die, gero gurera ekartzeko.

Donostiako gertakarietatik hilabete batzuk igarota, zer puntutan dago egoera? Ba al dago harreman edo kontakturik Gazte Koordinadora Sozialistarekin (GKS)?

A.A.: Harreman eta elkarlanerako espazio zero ditugu, eta ez ditugu sortuko arrazoi argi batengatik: ez dugu bi antolakundeen artean zerikusirik. Gure proiektu politikoak guztiz desberdinak dira, baita horiek lortzeko estrategiak ere. Gure proiektu politikoa independentzia, sozialismoa eta eta feminismoa da, eta euskal errepublika batean sinesten du gazte antolakundeak. Bide horretan, indarrak batu, elkarlanean aritu eta herrietatik eta txikitasunetik alternatibak sortu nahi ditugu, sinetsita diseinatu dugun estrategiaren bidez lortuko dugula marrazten dugun proiektu politikoa.

Hedabide eta alderdi jakin batzuek Ernai edo ezker abertzalea GKSrekin lotzen jarraitzen dute.

T.A.: Hegemonikoa den EAJren proiektua arrakalatzen ari da, eta ezkerreko independentismoa indartzen eta alternatiba gisa hazten. Boterearen arrakalatze horren aurrean, badaude zenbait botere interes argi bat dutenak herri honetan ezkertiarra eta independentista den proiektu bat nagusitu ez dadin. Kasu honetan, GKSren hauspotze batetik ezker independentismoa higatzeko aukera bat ikusi dute, eta horregatik ulertzen dugu ezker abertzalearen barruan edo disidentzia moduan kokatu izana.