INFO

Unescok Tolosan egingo du aurtengo Bakearen Nazioarteko Jardunaldia, irailaren 17an

Bakearen Nazioarteko XX. Jardunaldiak aurten arteak bakearen kulturarekin duen harremana aztertuko du eta Tolosa hautatua izan da abesbatzekin eta txotxongilo arteekin duen harremanari esker. Irailaren 17an izango da eta programa ezagutzeke badago ere, hiru izango dira jarduera nagusiak.

Tolosan eman dute aditzera, asteazken honetan, Unesco-ren hitzordua. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bakearen Nazioarteko XX. Jardunaldia aurten Euskal Herrira ekartzea deliberatu du Unescok, zehazki Tolosara. Hala, Oria ibaiak bustitzen duen herria bakearen nazioarteko hiriburu izango da egun batez. Hitzordua irailaren 17an izango da, eta horretarako elkarlanean aritu dira Lakua, Gipuzkoako Aldundia, Tolosako Udala, Topic Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa eta Tolosako Ekinbide Etxea.

Asteazken honetan aipatu erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, mundu mailako hitzordua da, urtero lekuz aldatzen dena. Gipuzkoako hiriburua izandakoak abesbatzekin eta txotxongilo arteekin duen harremanari esker hartuko du ospakizun handia, izan ere edizio honetako haria horixe da: arteak bakearen kulturan duen eragina.
 
1981ean ezarri zuen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak Bakearen Nazioarteko Eguna, eta ordutik irailaren 21ean ospatu ohi da. Ospakizun horren testuinguruan, azken bi hamarkadetan bakearekin lotutako hezkuntza eta sentsibilizazio publikoko ekimenak biltzen dituen jardunanaldi bat antolatu izan du urtero Unescok.

Egitarauaz, zenbait zertzelada

Ekitaldiaren aurkezpena Tolosako Euskal Pizkundea plazan egin da, bertan hasiko baita hilaren 17an bertan kultur martxa. Bertan izan dira Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia; Olatz Peon Tolosako alkatea; eta Estitxu Zaldua TOPICeko zuzendaria.

XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak arteak bakearen kulturarekin duen harremana aztertuko du. Egitaraua irailean emango da ezagutzera oso-osorik, baina aurreratu dutenez, hiru ekitaldi nagusi izango ditu.

Goizean, TOPICen egingo den mahai-inguru batean artearen, gazteriaren eta bakearen arteko harremana aztertuko da.

Arratsaldean, Tolosako kaleetan bakearen aldeko martxa kultural eta herrikoia egingo da, mundu osoan indarkeria bertan behera utz dadin eskatzeko. Munduko hainbat lekutatik etorritako bost abesbatzak eta Euskal Herriko beste batek ibilbidearen hainbat puntutan abestuko dute. Martxaren amaieran, Josu Elberdin konpositore euskaldunak egun honetarako konposatutako obra bat abestuko dute abesbatza guztiek, elkarrekin.

Iluntzean, Leidor Aretoan abesbatza guztiek kontzertu berezia eskainiko dute, eta ekitaldi horrekin emango zaio amaiera ospakizunari.

Gonbidapenak, bai mahai-ingururako, baita kontzerturako ere, doan eska daitezke, bakea.eus webgunearen bidez.