INFO

Valverderen joko eredura ondo moldatzeko dohaiak dituela uste du Oier Zarragak

Mungiako erdilari gazteak badaki jokalari gehiegi daudela Athleticen lehen taldean eta klubak zein entrenatzaileak erabakiak hartu beharko dituztela Liga hasi aurrertik. Hala ere, bere asmoa iaz baino gehiago jokatzea da eta hamaikakoetan postu bat lortzeko entrenatzen ari da.

Oier Zarraga denboraldi-aurreko partida batean. (@AthleticClub)

Oier Zarragak 2020ko udazkenean debutatu zuen Athleticen lehen taldearekin Garitanoren eskutik. Maila bikaina erakutsi zuen Joseba Etxeberriaren Bilbao Athleticekin, baina ez zuen aukera askorik izan denboraldi hartan. Bigarren taldean ere jokatzen aritu zen eta neguan kontratua bi urtez luzatu eta lehen taldera igo zuten. Marcelino iritsi zenean belaunean lesionatu eta ezin izan zuen gehiago jokatu.

Iazko denboraldi-aurrean entrenatzaile asturiarrak bere aldeko apustua egin zuen eta Unai Lopezek Rayora joan zen. 37 partida jokatu ditu azken denboraldian, baina gehienetan aulkitik atera zen. Zelai erdiko jokalarien artean minutu gutxien izan zituena izan zen. Dani Garciak, Unai Vencedorrek eta Mikel Vesgak berak baino gehiago jokatu zuten.

Badaki aurten ere zaila izango duela hamaikakoetan sartzea. 23 urte ditu eta denboraldi amaieran bukatzen zaio kontratua. Plantillan geratzea ere ez da batere erraza, soberan baitaude jokalariak lehen taldean eta onartzen du klubak erabakiak hartu beharko dituela. Hala ere, bere asmoa gogor lan egitea da Lezaman egindako agerraldian ziurtatu duen bezala. Azaldu duenez, Athleticen jarraitu nahi du eta Valverdek ezta klubak ez dio utzita joatea planteatu. 

Ez du amore emango eta Valverden joko ereduan ondo moldatzeko dohaiak dituela sinetsita dago. Marcelinorekin eskuin hegalean ere jokatu zuen hainbat partidetan, baina barrutik hobeago egin dezakeela uste du. Entrenatzaile gasteiztarrak adiskidantzazko partidetan hiru jokalari jarri izan ditu zelai erdian altuera ezberdinetan. Txikitatik ohituta dagoela sistema horri eta bigarren maila hortan jokatu izan duela azaldu du. Erasoko jokaldietara iristea, kanpotik jaurtiketak egitea eta baloia mugitu eta aurrera eramatea gustatzen zaiola nabarmendu du.

Bere hitzetan, iazko denboraldian ezin izan zuen bere futbolari «nortasuna» erakutsi. Huts egiteko beldurrak kalte egin ziola esan du eta zelaian ausartagoa izan behar duela uste du. Arriskuak hartzea eta erasora jotzea. Valverdek joko eredu hori ezarri nahi duela aipatu du eta baita ere defentsa lanetan goian presioa egitea izango dela beste ezaugarrietako bat. Baloia atzetik ateratzeko beste modu bat entrenatzen ari direla gaineratu du eta helburua aurkariak menperatzea, eta hegaletatik sartuz, gol aukerak sortzea dela.

Athleticen lehen taldearekin gol bakarra egin du. Penaltiz egin zuen Levanteren kontra San Mamesen. Beheko mailetan ordea, gol andana egindakoa da. Bilbao Athleticen adibidez, bost gol egin zituen, Basconiarekin ere egin izan zituen eta gaztetxoen mailan 13 sartutakoa da.

Taldeari dagokionez, ez du Europa bezalako helbururik jarri nahi izan. Sailkapenean goian amaitzeko, Liga hasieran ahalik eta puntu gehien irabazi behar dituztela nabarmendu du, batez ere San Mamesen jokatuko diren norgehiagoketan. Lehen zazpi jardunaldietatik bost etxean jokatuko dituzte zuri-gorriek. Abuztuaren 15ean abiatuko da txapelketa Mallorcaren kontra eta 21ean Valentzia izango da Bilbon.

Probak zelai erdian denboraldi-aurrean

Athleticek bi partida jokatuko ditu asteburu honetan. Larunbatean Newcastle talde ingelesa bisitatuko du eta igandean Mirandesen zelaian arituko da. Valverdek proba mordoa egin ditu Alemanian egindako biran. Zelai erdian esaterako, Mikel Vesga izan da euskarri lanak egiteko hamaikako titularra izan daitekeen jokalariekin aritzeko aukeratu duena. Gasteiztarrak iazko denboraldian bere mailarik hoberena erakutsi zuen eta pare bat gol ere egin zituen. Denboraldi-aurrera ere indartsu iritsi da eta gainontzeko taldekideen gainetik dagoela fisikoki erakutsi du.

Bestalde, Dani Garcia atzeko lerroan aritu da eta Petxarromanek ere bere aukera izan du zelai erdian. Oihan Sancetekin ere proba egin du Valverdek, Vesgarekin eta Muniainekin zelai erdia osatuz. Unai Vencedorrek eta Zarragak ere minutuak izan dituzte joko antolatzaile bezala aritu dira zelai erdiko bigarren lerro batean. Peru Nolaskoainek aldiz, kolpe bat jaso zuen eta bost minutu bakarrik jokatu ahal izan zituen zelai erdian Bochum taldearen aurka. Beraz, Valverdek zazpi jokalari ditu zelai erdian aritu daitezkeenak eta hurrengo partidetan igartzen joango da zeinen alde egingo duen apustua.