INFO

Orio eta Arraun Lagunaken arteko buruz burukoa hasiko da berriz asteburuan

Bi puntu eta bi garaipen gehiago ditu Orioko traineruak, baina ezin da ahaztu joan zen astelehenean Lugañeneko trainerua nagusi izan zela Euskadiko Traineru Txapelketan eta, azken baten, egungo txapelduna ere bera dela. Getxon eta Lekeition ikusiko da saikapeneko aldea berdindu ala bereizten den.

Arraun Lagunak gailendu zen astelehenean Emakumeen Euskadiko Traineru Txapelketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pasa den asteburuan ez zen Euskotren Ligako estropadarik izan. Hargatik, sailkapen nagusiak bere horretan dirau: 22 punturekin Orio da liderra, Arraun Lagunak egungo txapeldunak baino bi puntu gehiagorekin. Bi puntu eta bi garaipen gehiago ere bai, iaz gertatu zen moduan, azken sailkapenean berdinketarik balego, bataren edo bestearen alde azken erabakia hartzeko.

2022ko Euskotren Ligari zortzi estropada falta zaizkio oraindik eta, beraz, dena erabakitzeke dago. Hargatik, asteburu honetan Getxon eta Lekeition zeresan nahikoa izango du beste behin Oriok eta Arraun Lagunakek –Donostiarra eta Tolosaldea ahaztu gabe– banderen lehian izango duten buruz burukoan.

«Taldea oso gogotsu sentitzen da. Badakigu buelta ematea gogorra izango dela, baina bi puntutara gaude zortzi estropadaren faltan», adierazi du asteon Arraun Lagunak taldeko Eli Pescador arraunlari beteranoak Euskotren Ligako webgunearentzat. «Helburu horretan zentratu behar dugu eta hortan ekingo diogu, gogotsu eta buru belarri helburu hori gauzatu nahian», adierazi du Pescadorrek.

Azken batean, nahiz eta uneotan abantailatxoa izan «mirotzen» alde, azken erreferentzia baliagarria donostiarren aldekoa da erabat. Astelehehean, Lekeition, Donostia Arraun Lagunak ez zen alperrik izan Euskadiko Txapeldun. Txanda ezberdinetan aritu ziren Euskotren Ligako dominatzaile biak eta litekeena da Oriok berak ere aldaketak eta bestelako frogak egin izana, azken baten ez baita ohikoa astelehenean suertatu zen bezala, ia 18 segunduko aldea egotea Lugañeneko ontziaren alde –ezta batekoz bestera ere–.

Getxon larunbat arratsaldean eta Lekeition domeka eguerdian zer gertatzen den ikusi egin beharko, astelehenekoa tendentzia aldaketa bat izan litekeen ala ez ondorioztatzeko.

Itxura baten bederez, Orioko traineruan ez daude batere kezkatuta. Ane Arruti, Orioko arraunlariaren ustez, «denboraldi hasieran zalantza geneukan aldaketa asko egin ditugulako. Baina ikusten da arraunlariak gure lanean ongi ari garela konpontzen eta arrunketarekin ere asmatu dugu. Azken aldian bandera dexente lortu ditugu, baina gehiago lortzea da gure helburua».