INFO

Tokiko erakundeek gorroto delituei aurre egiteko gida aurkeztu du Lakuak

Gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko eta ijitoen aurkako gertakarien aurren tokiko erakundeek nola jokatu behar duten azaltzen duen gida aurkeztu du Lakuako Gobernuak. Biktima beti erdigunean jartzeko apustua egiten du.

Elkarretaratzea LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizate Politiketako sailburuak gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko eta ijitoen aurkako gertakarien aurrean tokian-tokian jarduteko gida aurkeztu du astelehen honetan. Azaldu duenez, Biltzen Kulturen arteko Integrazio eta Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak prestatu du gida eta «udalerriei erantzunak ematea» du helburu.

Diogenes Sabanak, Biltzeneko programen arduradunak eta Eraberean sarearen batzorde juridikoaren arduradunak zehaztu duenez, xedea da «toki erakundeen, bereziki udalen, jarduera instituzionala bideratzea, arazo arrazista, xenofobo LGTBIfobiko eta ijitoen aurkakoen aurrean», eremu publikoan nahiz pribatuan gertatu, ekintza horrek «biktimarengan eta bizikidetza komunitarioan izan dituen ondorioei erantzun egokia eta proportzionala emateko».

Gidak, Sabanak zehaztu duenez, funtsezko kontzeptuei, jarduera printzipioei eta ekintza proposamen zehatzei buruzko informazioa ematen du. Helburua da «informatzea, sentsibilizatzea, kontzientziatzea, prebenitzea eta, batez ere, arreta, laguntza eta orientazioa ematea gorrotozko gertaera edo delituen biktimei».

Gidan jasotako jarduera printzipioen artean, biktima beti erdigunean jartzeko deia nabarmentzen da, «tratu egokia, konfidentzialtasuna, argitasuna, azkartasuna eta autonomiarekiko errespetua» bermatzeko, eta, horretaz gain, «biktima bigarren mailan ez nabarmentzeko».

Proposatutako jardueren artean hauek daude: arreta, informazioa eta orientazioa; larrialdien arabera, osasun zentro batera edo Ertzaintzara bideratzea; gizartea sentsibilizatzea eta salatzea larritasunaren arabera; informazio eta sentsibilizazio publikoa komunikabideen bidez edo gertakarien erregistro estatistikoaren bidez.

Artolazabalen hitzetan, egoera larriagotzen lagun dezaketen arrazoi koiunturalak edo zirkunstantzialak egon arren, gorrotozko gertaera eta delituak «egiturazko arazoa dira, gorrotozko diskurtsoen hazkunde nabarmena agerian uzten dutenak. Diskurtso arrazistak, xenofoboak, homofoboak edo ijito herriaren aurkakoak, besteak beste, gizartean modu arriskutsuan sartzen ari direnak. Laburbilduz, bizikidetza hausten dutenak».

Sailburuak Ikuspegik egindako ‘Neurtu 2021’ txostenaren ondorioetako batzuk gogoratu ditu; EAEko herritarrek aniztasunaren eta diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioak eta jarrerak jasotzen ditu txostenak eta ondorioztatzen du inkestatuen erdiek baino gehiagok adierazi dutela norbaiti buruzko iruzkin negatiboak edo zurrumurruak entzun edota ikusi dituztela, sexu orientazioa edota sexu edo genero identitatea dela eta, baita iseka, txantxak, txisteak, imitazioak edo keinu iraingarriak ere.

Hala, herritarren %42,5ek irainak entzun edo ikusi dituela adierazi du. %17,9k dio mehatxuak ikusi dituela. Eta %13,5ek diote badaukatela LGTBI kolektiboko kideen aurkako eraso fisikoen berri.

Artolazabalek ondorioztatu duenez, datu horiek erakusten dute beharrezkoa dela «diskriminazioa eta gorroto gertakariak edo delituak ikusaraztea eta salatzea, hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren aldeko apustua egitea eta biktimei laguntza bermatzea».