INFO

Donostiako Zurriola hondartzan amaituko da ‘Olatu solidarioak’ kanpaina

Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta, eta Elikagaien Bankuarekin eta Emausekin elkarlanean, kanpainak pertsona zaurgarrientzat elikagaiak biltzea sustatzen du lurraldeko hondartzetan, baita gune natural hauetan hondakinak gaika biltzea. Aste honetan emango zaio amaiera, Zurriolako hareatzan.

Aste honetan Donostiako Zurriola hondartzan amaituko da ‘Olatu solidarioak’ kanpaina. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako bederatzi hondartza bisitatu ostean, aste honetan bertan emango zaio amaiera ‘Olatu solidarioak’ kanpainari Donostiako Zurriola hondartza. Lurraldeko kostaldetik bira egin du Volkswagen furgoneta horiak bi helbururekin: batetik, sustatzea herritarrek zakarrontziak ondo erabil ditzaten eta hondakinak bereizi eta gaika sailka ditzaten, haur jokoen, tailerren eta pegatinen bidez. Eta, bestetik, elikagaiak biltzea Elikagaien Bankurako, gero eta pertsona gehiago baitira egungo egoera sozioekonomikoan laguntza behar dutenak.

Gipuzkoako Ingurumen Sailak sustatuta, kanpainak bi bidelagun izan ditu: Emaus Gizarte Fundazioa eta Elikagaien Bankua. Azken honek, janari bilketari dagokionez, hurrengo produktuak eskertzen ditu: olioa, arrain kontserbak, arroza, pasta, dilista lehorra eta haurrentzako pixoihalak.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak azpimarratu duenez, «uda honetan normaltasunera itzuli gara, eta, gure ustez, garrantzitsua da herritarrei zuzendutako hondartzetako sentsibilizazio kanpainak berreskuratzea, hondakin gutxiago sor daitezen eta sortutakoak gaika bereizi daitezen».

Kasu zehatz honetan, kanpaina osatzeko elkartasunerako deia egin da uneotan familia asko baitira zailtasun ekonomikoekin. «Pertsonarik ahulenak errealitate konplexua bizitzen ari dira egoera sozioekonomikoaren eta prezioen gorakadaren ondorioz», erantsi du Asensiok asteazken honetan.

‘Olatu solidarioak’ sentsibilizazio kanpaina Zarautzen hasi zen duela bederatzi aste, eta, esperientzia horren ondoren, foru diputatuak eskerrak eman dizkie herritarrei «oraingoan ere beren elkartasuna erakutsi dutelako pertsona zaurgarrienen alde», eta gogorarazi du «Europan desberdintasun tasarik txikienetakoa duen lurraldeetako bat izan arren, beharrezkoa da pertsona ahulenekin berdintasun politikak indartzen jarraitzea.