INFO

EH Bilduk energia kontsumoa murrizteko beharra nabarmendu du, klima aldaketagatik

EH Bilduk ostegun honetan nabarmendu duenez, koalizio subiranista beti izan da energia eraginkortasunera eta kontsumoa murriztera bideratutako neurriak bultzatzearen aldekoa, klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezko elementua delako. Neurri estrukturalak eta premiazkoak defendatu ditu.

Mikel Otero, EH Bilduren klima aldaketaz ohartarazteko ekitaldi batean. (Raul BOGAJO/FOKU)

EH Bildu energia eraginkortasunera eta kontsumoa murriztera bideratutako neurriak bultzatzearen alde agertu da ostegun honetan, klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezko elementua delako.

Sortutako «egoera berrian», nabarmendu du koalizioak ohar batean, «neurrien helburua energia hornidurarik ezari ere aurre egitea da». Horregatik, EH Bilduk «neurri estrukturalak»(eraginkorrenak) eta premiazkoak (orain Europar Batasuna eta estatu kideetako gobernuak bultzatzen ari direnak) defendatzen eta bultzatzen ditu», gaineratu du.

Zentzu horretan, erakundeetan proposamenak lantzen eta aurkezten dituela gogoratu du, eta «proposamen horiek ez dituzte beti aintzat hartzen Eusko Jaurlaritzak eta hura osatzen duten alderdiek».

Koalizio subiranistak uste du energia gastua kontrolatzeko neurriak aplikatu behar direla, «Tapia sailburuak ez bezala. Energiaren prezio altua energia kontsumoa kontrolatzera bideratutako neurria bada, baina neurri hori guztiz insolidarioa da; izan ere, baliabideak dituztenek mugarik gabe ordain dezakete, eta ez dituztenek, ordea, ezin dira sarritan ordaintzera iritsi», azaldu du.

EH Bilduren iritziz, baliabide gutxien dituzten pertsonak «aspaldi ari dira eraginkortasun energetikoko neurriak praktikan jartzen», baliabide ekonomiko gutxi dituztelako. Era berean, Tapia sailburuari gogorarazi dio egiturazko neurriak direla eraginkorrenak, baina galdetu dio «ea non dauden Eusko Jaurlaritzaren neurri horiek».

Lakua eta Gobernu espainolaren artean eraginkortasun energetikoaren eztabaidaren inguruan sortu den ika-mikak agerian uzten du, EH Bilduren iritziz, eztabaida horrek «hanka pausoa aldatuta hartu duela Arantxa Tapiak zuzentzen duen saila». Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak argi utzi du azkenean bere gain hartzen dituela Sanchezen Gobernuaren energia aurrezteko neurriak, adostasun faltaz kexatu ondoren.

«EH Bildu beti agertu da ildo horretan neurriak lehenbailehen aplikatzearen alde. Horren erakusgarri da duela hilabete batzuk Eusko Legebiltzarrari helarazi zion interpelazioa, Jaurlaritzak hasieran gutxietsi egin zuena, orain erabiltzen ari den aitzakia berberarekin, hamarkadak daramatzatela arlo horretan lanean», nabarmen du koalizioak.

Halaber, gehitu du «ezker subiranistaren ekimenez hasi zen EAEn eraginkortasun energetikoaren proposamena lantzen, eta ez Tapia sailburuaren borondate edo ekimenagatik».