INFO

Euskal Herria Txapela, azken azterketa baino askoz gehiago Reala eta Athleticentzat

Iazko euskal derbietako bi talderik onenek elkarren aurka jokatuko dute ostiral honetan Lasesarren, Liga hasi aurretik izango duten azken froga garrantzitsuan.

Iaz Osasunak eraman zuen txapela, Irunen Realari 3-1 gailenduta. (Jagoba MANTEROLA/ FOKU)

Abuztu hasieran egonagatik, Reala eta Athleticen arteko partidak beti dira bereziak, zer esan tartean txapel bat baldin badago eta iazko euskal derbietako bi talderik onenek elkarren aurka jokatuz emango dute amaitutzat denboraldi aurrea, nahiz eta Valverderenek larunbat goizean ere izango duten beste partidarik, kasu honetan Alavesen aurka Lezaman. Imanolenek ostiral goizean bertan izango dute Eibarren aurkako beste adiskidantzazko bat, baina pentsatzekoa da bai batzuek eta bai besteek Lasesarreko (20.45 ETB-1) dema erabiliko dutela Liga hasierara begirako azken test nagusia egiteko.

Emaitzak gora-behera, bi taldeek itxura on xamarra utzi zuten Premier Leagueko bi talderen aurka jokatutako azken neurketetan –Realak 2-1 irabazi zion Bournemouthi eta zuri-gorriek 2-1 galdu zuten Newcastleren aurka– eta Liga hasierarako euren hamaikakoak fintzen joango dira Imanol eta Ernesto Valverde.

Arazo fisikoak

Kirol alorrari dagokionez, Oriokoak zenbait berri on eta txar bat jaso ditu aste honetan. Larunbateko bi partidetarako ezin izango du Martin Zubimendi zelairatu eta donostiarrak Cadizen aurkako lehen partida ere gal dezake aurreko larunbateko partidan izandako lesio txiki baten erruz. Inglaterran jokatzerik izan ez zuten David Silva eta Isak erabat osatu dira eta Athleticen aurka minutuak izateko moduan dira, nahiz eta lehentasuna txapelketa ofiziala hasteko moduan izatea izango den. Zazpi hilabete jokatu gabe eman ostean aurreko astean lehen minutuak izan ostean, Ander Barrenetxeari ere primeran etorriko zaio halako lehen mailako partida batean minutuak izatea erritmoa berreskuratzeko eta antzerako zerbait gertatzen zaio Carlos Fernandezi.

Valverderen zalantzak, aldiz, atzealdean pilatzen dira, atetik hasita. Unai Simon eta Julen Agirrezabala gabe, badirudi Iru izan daitekeela atezaina eta Iñigo Martinez eta Mikel Balenziaga ere ez daude jokatzeko moduan. Hortik aurrera, posible da oso Valverdek St James' Parken erabilitakoaren antzeko hamaikako bat erabilita, hori bai, ezker hegalean osatutako Yuri Berchicherentzat leku bat gordez. Iazko denboraldian gertatu bezala, golak dirudi Athleticen gabezia nagusia eta esperantza gehienak Asier Villalibrerengan daude jarriak. Gernikarra asko ari da asmatzen ate aurrean aurredenboraldi honetan eta iazko arazo fisikoak ahaztuta, bera izan daiteke taldearen fitxaketarik onena.

Iaz Realak eta Osasunak jokatu zuten Euskal Herria Txapelako finala Irunen eta garaipena gorritxoentzat izan zen 1-3 nagusituta.