INFO

Abetxuko hirugarren izan da Portugalen, Joao Matiasek sprintean irabazi duen etapan

Caja Rural taldeko arabarra sprintean lehiatu da, baina bera baino bi gizon azkarrago egon dira Viseuko helmugan. Gainera, Joseba Lopez Cuesta talde horretako gaztea eguneko ihesaldian egon da.

Abetxukok azken unera arte borrokatu du sprintean. (Caja RURAL | PODIUM EVENTS)

Caja Rural taldeak protagonismoa izan du astelehen honetan. Jakina da Jonathan Lastra eta David Gonzalez Lopez talde horretako bi txirrindulariak Munichen jokatuko den Europako txapelketan arituko direla. Baina gaurko egunean Volta Portugalen egindako laugarren etapan garrantzia handia izan dute Caja Ruralekoek.

Izan ere, Viseuko sprintean, Andoni Abetxuko hirugarren izan da, Joao Matias portugaldarra (Tavfer-Mortagua) eta Scott McGill estatubatuarraren (Wildlife generation) atzetik. Bestalde, eguneko ihesaldian Joseba Lopez Cuesta gaztea aritu da profesionaletan korritzen duen lehen lasterketan.

Matiasek bigarren garaipena erdietsi du azkarrena izan ostean, baina Mauricio Moreirak (Glassdrive) jarraitzen du lider izaten, Frederico Figueiredo taldekideari 30 segundoko aldea ateraz.

Eguneko ihesaldian Joseba Lopez Cuesta (Caja Rural) aritu da, profesional bezala korritzen duen bere lehen lasterketan. Hala ere, tropelak bertan behera utzi du abentura helmugaratzeko 2,5 kilometroren faltan.

Hortxe agertu dira sprinterren taldeak, baina, beste behin, bigarren eapan bezala, Joao Matiasen bere indarra erakutsi du azkarrena izateko.

Volta Portugalek atseden eguna izango du astearte honetan eta asteazkenean bueltatuko da errepideetara, 165,7 kilometro izango dituen Mealhada eta Mitranda do Corvon dagoen Vila Novako behatokia arteko etaparekin. Amaiera lehen mailako mendatea da, %8,2an.