INFO

Sena ibaiaren uretan galduta dagoen beluga baten erreskatea prestatzen ari dira

Frantziar Estatuko agintariak Sena ibaira desbideratu den lau metroko beluga bat berriz itsasoratzeko plan bat prestatzen ari dira.

Sea Sheperd GKEko kideak Senan harrapatutako belugari begira ari dira. (Jean-Francois MONIER | AFP)

Marineland itsas animalien parkeko aditu Isabelle Brasseurrek astearte honetan jakinarazi duenez, frantziar Estatuko agintariek aurrera jarraitzen dute Sena ibaian galdutako beluga bat ozeanora itzultzeko plan «delikatu» batekin.

Lau metro luzeko zetazeoa duela astebete aurkitu zuten, eta, dirudienez, gaixorik eta oso argal dago. Alabaina, bere egoera «ona» dela adierazi du Brasseurrek eta hura ibaitik ateratzeko plan bat dutela aurreratu du: «Gaur goizetik ideia bat dugu funtziona lezakeen zerbaiti buruz, lagunduko digun jendeari azaldu eta beraiekin perfekzionatuko dugu».

Izan ere, belugak babestutako espezie bat dira, eta ez dira gai denbora luzez ur gezan biziratueko.

Une honetan, balea Mantxako kanalaren barruan dago, lur barna 130 kilometrora. Konkretuki, Saint-Pierre-La-Garennen altueran, Normandian. Animalia bi esklusen artean dago harrapatuta, Parisetik 80 kilometrora iparralderantz.

Printzipioz, asmoa beluga lehorretik ur gaziko arro batera garraiatzea da, gero bertan askatzeko. Dena den, planak zailtasun handiak ditu, litekeena delako bidaiak are gehiago estresatzea 800 kilogramoko animalia.

Erreskate operazioan parte hartuko duen Sea Sheperd France gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) ohar batean esplikatu duenez, animaliari lasaigarriak ematea ez da aukera bat, arnasteko belugek iratzarrik egotea behar baitute.

«Nolanahi ere, beluga bertatik atera eta gaizki dagoena zer den asmatu behar dugu», adierazi du Brasseurrek. Testuinguru honetan, albaitariak adi egongo dira lekualdatze operazio osoan zehar. «Baliteke ikusi ezin ditzakegun barne arazoak egotea», ohartarazi du. Dena den, balea espezie honek «erresistentzia izugarria» duela gehitu du Brasseurrek.

Bere aldetik, Sea Sheperdek herritarrei eskatu die soka erresistenteak, sareak, koltxoiak eta beste ekipo batzuk dohaintzan emateko.

Normalean, belugak Artikoko ur hotzetan bizi dira, eta udazkenean elikatzeko hegoaldera joaten badira ere, oso gutxitan urruntzen dira hainbeste. Itsas ugaztunetan espezializatutako frantziar Estatuko Pelagis Behatokiaren arabera, hurbilen dagoen beluga-populazioa Svalbard artxipelagoaren parean dago, Norvegiaren iparraldean, Sena ibaitik 3.000 kilometrora.