INFO

Serena Williams, negar malkotan Torontotik agurtzearakoan; bere erretiroa hurbilago dago

Serena Williamsek Belinda Bacicen aurka galdu du Kanadako Mastersean eta beraz, bere erretiroa hurbiltzen ari da. 23 Grand Slam –tenisaren aro berriko errekorra–, bi Golden Slam eta 78 garaipen erdietsi ez ezik, pistatik kanpo eginiko aldarrikapenek bere figura handitu dute.

Serena Williams, Kanadako Mastersetik agurtzen. (Vaughn RIDLEY)

Historiako tenislari onenetako baten erretiroa iristear dago. Garai irekian Grand Slam gehien irabazi duen tenislaria da bera (23) eta US Open txapelketa izango da jokatuko duen azkena, Vogue aldizkarian aditzera eman zuenez. Berez, ez du zehaztu zein izango den bere azken txapelketa baina ezin aukera paregabeagoa dauka etxean, Grand Slam batean, Arthur Ashe pistan, bere ibilbide aberasgarriari merezi duen agurra emateko.

Hala, bart, bere azkenaurreko torneoa jokatu du, Kanadako Mastersa, hain zuzen ere, eta Belinda Bacicen aurka galdu ostean (6-2, 6-4), negarrari ezin eutsita ikusi zitzaion Serena Williams indartsuari.

Torontoko bigarren errondan kanporatua izan da estatubatuarra eta onartu du hobeto jokatzea gustatuko litzaiokeela. Irailaren bukaeran 41 urte beteko ditu eta ordurako bere profesional ibilbidea amaierara iritsita egongo da.

Negar malkoei ezin eutsita, lore sorta bat eskuan eta publikoaren txalo zaparrada handi batekin agurtu zen Williams. Bere ibilbide arrakastatsuan, hiru aldiz irabazi du Kanadako Mastersa eta Toronton, «pista barnean zein kanpoan, asko disfrutatu» duela onartu zuen.

Adierazi zuen ez dela ona agurretarako eta Torontora «ikusle modura» itzuliko dela ziurtatu zuen. «Hemen partida ikaragarri zailak jokatu ditut eta baita sekulako garaipenak lortu ere», gogorarazi zuen. 

Banaka zein binakakoan Golden Slam lortu duen tenislari bakarra da (urte bakar batean lau txapelketa handiak eta Olinpiar Jokoak irabaztea, alegia) eta 319 astetan munduko rankingean lehen postuari eutsitakoa da. Guztira, 78 garaikur altxatu ditu.

Garaipen adina aldarrikapen

Serena Williams bere kolpe indartsu eta tenis pistan erakusten zuen menderatzaile jarrerarekin izango da oroitua, noski, baina bere figurak are pisu handiagoa hartu du pista kanpoan egin dituen aldarrikapen feminista eta antiarrazistekin. Bere bozgorailua ondo baliatu du injustizien aurkako aldarrikapenak zabaltzeko.

Ondoen ordainduak diren 100 kirolarien zerrendan egon den emakume bakarra izan zen estatubatuarra –18,1 milioi dolar irabazita–. Amatasun bajak zerrenda horretatik aterarazi zion, nahiz eta emakumeen artean ondoen irabazten zuena izan. Nolanahi ere, pribilegiatuen zerrendan egonagatik ere, emakume arrazializatuen soldata arrakalaz tinko mintzatu zen. Are gehiago, berak ere nabarmen jasan du gizonezkoen eta emakumezkoen artean dagoen soldata arrakala. Novak Djokovic-ek, adibidez, bera baino gehiago irabazten du nahiz eta Williamsek baino garaipen gutxiago eduki.

«Txikitan esan izan zidaten emakume izanagatik ezin izango nuela nire ametsa bete, eta are gutxiago nire azalaren koloreagatik». Bada, oztopo guzti horiek gainditu eta egoera irauli du tenisean. Soilik Margarette Courtek irabazi du berak baino Grand Slam gehiago (24).

Azken batean, «zurien kirol elitista» gisara hartu den tenisean gorenera iritsi da Williams, kirol honek helarazten zituen estereotipo oro gaitzetsiz. Bere gorputza liraintasunen kanonean ez sartzeagatik ere jasan izan ditu kritikak eta bera honen kontziente izan da. Aipatu izan du asko kosta izan zitzaiola onartzea gorputz «sendoa» zeukala, ez bere ahizpa tenislari Venusen antzera, zeina «argala eta altua den». «Jende asko argala den gizarte batean bizitzea gogorra da», esan izan du.

2018ko Roland Garrosean, ama izan ondotik jokatzen zuen lehendabiziko txapelketa handian, galtza elastikoekin jokatzea erabaki zuen eta zenbait emakumerentzat «inspiragarria» izan zen. «Superheroia izateko nire modua da», adierazi zuen tinko. Pista barnean ez ezik, kanpoan ere indartsu agertzen baita, bere buruarekin seguru, gizarte arrazista eta elitistari kilimak ateratzeko prestu.