INFO

Hiru euskal taldeek kanpoan hasiko dute liga; Gasteizek bi derbiak jarraian jasoko ditu

Lehen Maialko egutegiaren zozketan zenbakiekin izan den akatsa dela eta, hasiera batean iragarri den egutegia ez da ontzat jo eta ordu batzuk beranduago egutegi zuzena iragarri du Federazioak. Hiru euskal taldeek etxetik kanpo abiatuko dute liga: Atlético Madril, UDG Tenerife eta Levanteren zelaian.

Amaiur eta Ane Mirenen arteko lehia Reala eta Alavesen arteko derbian, aurtengo denboraldian jokatuko den lehen derbia izango da. (Jon URBE | FOKU)

Lehen Mailako egutegiaren zozketak egunero uzten du ezustekoren bat. Azken asteetan eskuduntzaren afera zela eta, borrokan aritu dira Espainiako Futbol Federazioa eta LFPP (liga profesionala). Azkenean, Kiroleko Batzorde Nagusiak anbiguotasunez, Federazioaren esku utzi zuen zozketa eta honek, ostiral honetarako egin zuen hitzordua.

Eguerdirako egutegia iragarrita zegoen baina auzi honek ertz asko ditu. Zozketan 46.495 zenbakidun egutegia atera dela zirudien hasieran baina ordu batzuk beranduago ohartu dira, 6 eta 9 zenbakia alderantziz erakutsi dituztela; alegia, 6 moduan erakutsi dena, 9 zenbakia zela, eta alderantziz. Hala, 49.465 egutegiak behar luke izan aukeratua. Halaxe erabaki du Federazioak eta azkenean, arratsaldeko 15.00etan jakinarazi da Lehen Mailako egutegi ofiziala.

Hiru euskal taldeek etxetik kanpo estreinatuko dute denboraldia. Aurkari zailak izango dituz hiruak. Realak, iazko emaitza historikoa errepikatzea zaila izango dela jakitun baina erronkarako prest, Atletico Madrili egin beharko dio bisita. Iaz espero baino apalago aritu zen, nahiz eta gorago egoteko taldea eduki. Aurten fitxaketa gehiago egin ditu –baja garrantzitsuak ere izan dituela, Alexandri, Castallanos, Sampedro...– eta tartean dago Ainhoa Vicente donostiarra.

Athleticek, bestalde, UDG Teneriferi egingo dio bisita, beti zelai konplikatua izaten den horretan estreinatuko du denboraldia. Iaz kanariarrek meritu handiko bosgarren postuan bukatu zuten eta zuri-gorrientzat dema interesgarria izango da liga hasieran zein modutan daude ikusteko.

Alavesek, berriz, Levanteri egingo dio bisita. Baja asko eduki ondotik, talde eraberritu bat da Villacamparena. Nolanahi ere, sailkapenaren goialdean egotea espero da. Babazorroek iaz ezusteko bat baino gehiago eman zuten eta aurten ere horrelaxe hastea izango dute helburu.

Derbiei dagokionez, Gasteizek elkarren jarraian jasoko ditu bi euskal derbiak, 6. eta 7. jardunaldietan, alegia. Athleticen aurka jokatuko dute lehendabizi gasteiztarrek eta hurrengo astean, Realaren aurka.

Athletic eta Realaren arteko dema azaroaren 20an iritsiko da, 9. jardunaldian. Lezaman –edo San Mamesen– jokatuko dute lehendabizi eta Zubietan –edo Anoetan– apirilaren 2an jokatuko da, 24. jardunaldian, hain zuzen ere.

Reala-Alaves eta Athletic-Alaves derbiak ere elkarren segidan jokatuko dira. Zubietan, apirilaren 2an (24. jardunaldian) eta hurrengo astean, Lezaman (25. jardunaldian).

Egungo txapeldunen bisita

Euskal derbiez gain, bada ikusmin handia sortzen duen beste partida. Ligako egungo irabazle Bartzelonaren bisita noiz izango izaten da jakinmina piztutzen duen horietako bat. Lehendabiziko bisita Lezamara egingo dute, urriaren 16an eta gainontzeko bi euskal zelaietan bigarren itzulian lehiatuko dira. Gasteizen, otsailaren 12an (19. jardunaldian) eta Zubietan, maiatzaren 7an (28. jardunaldian).