Orio, Euskotren Ligako txapeldun hirugarren aldiz foto-finisharekin erabaki den amaiera batean
Mirotzek Arraun Lagunak-ek baino puntu bat gehiago behar zuten 2022 denboraldiko txapeldun izateko, eta igande honetan, askoz baino gehiago sufrituta –pentsa, 14 ehunenengatik bakarrik irabazi dute–, lortu dute Castro Urdialeseko uretan.
Orain bai! Orio Euskotren Ligako txapelduna da, bere historiako hirugarrena 2019 eta 2020koekin batera. Iaz Arraun Lagunakek eraman zuen Liga, eta mirotzek arantza hori zuten, hirugarren jarraia lortzeko eragotzi baitzieten donostiarrek. Oraingoan ere, azken momentura arte zaila jarri dizkiote gauzak, azken unera arte parekotasun handia egon baita. Pentsa hasiera batean Arraun lagunaki eman diote garaipena, baina fotoi-finishak erabaki du azkenean, 14 ehunenengatik bakarrik, Oriok eraman duela garaipena eta, beraz, Liga.
Hasiera parekatu baten ostean, pixkanaka euren nagusitasuna erakutsi dute eta oraindik bi estropada eta bandera bat falta direnean (Zarauzko Ikurrina), matematikoki txapeldun bihurtu da Orio 10 garaipen lortu ostean: Donostian, Coruñako lehen jardunaldian, Orion, Zierbenan, Getxon, Lekeition, Hondarribian, Getarian, Ondarroan eta Castro Urdialesen.
Gainera, ekainean Gipuzkoako txapeldun izan zen Hondarribiko uretan eta Ligako azken txanpaz gain, oraindik Kontxako Bandera egongo da jokoan iraileko lehen bi igandeetan. Oriotarren arantza, ordea, Lekeition jokatutako Euskadiko Txapelketa izango da, bertan Arraun Lagunakek irabazi baitzuen uztailean.
Gaurkoan ere hasieratik erakutsi dute branka. Hori bai, ziaboga Arraun Lagunaken denbora berean egin dute eta donostiarrek bi segundoko aldea hartu dute. Hor hasi da benetako lehia. Mirotzek pixkanaka abantaila mozten joan dira eta azken unean branka sartu ahala izan dute aurkari zuzenaren aurretik sartzeko.
Gaurko eskifaia, Nadeth Agirre patroiaren gidaritzapean, arraunlari hauekin osatuta egon da: Ane Arruti, Nagore Urdanpilleta, Itxaso Azkonobieta, Edith Uranga, Marina Sofia Cosci, Uxue Urra, Alaine Bereziartua, Amaia Arregi, Maddi Alkain, Maialen Aizpuru, Leyre Garate, Noa Viaño eta Mireia Uranga.
Atzetik, Tolosaldeak Donostiarrren aurretik sartzea lortu du eta bi puntuko aldea dago besterik ez bi ontzien artean sailkapen nagusian.
VII. CaixaBank Bandera
1. Orio 11:09.46
2. Arraun Lagunak 11:09.60
3. Tolosaldea 11:20.90
4. Donostiarra 11:23.44
Euskotren Liga - Sailkapen Nagusia
1. Orio 46 puntu
2. Arraun Lagunak 38
3. Donostiarra 19
4. Tolosaldea 17