INFO

Aste gogorra dute aurretik Bera Berak, Zuazok eta Beti Onakek denboraldirako prestaketan

Donostiarrek hiru partida jokatuko dituzte Estatu frantsesean talde indartsuen aurka, bizkaitarrek bi lagunarteko dituzte Lasesarren eta Xixonen, eta nafarrek beste bi jokatuko dituzte Logroñon eta Atarrabian.

Bera Bera eta Zuazoren arteko neurketa bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aurrera darrai aurten Ohorezko Mailan arituko diren hiru euskal taldeen prestaketa lanak. Aste honetan, esaterako, zazpi lagunarteko jokatuko dituzte Bera Berak, Zuazok eta Beti Onakek.

Donostiarrek hiru jokatuko dituzte, eta aurkari gogorren aurka hain zuzen ere. Azken urteetako aurkari indartsuenaren aurkako lagunartekoa izango du Bera Berak astearte honetan (18.15etan) Belles de Deux Servres Txapelketari hasiera emateko Poitou-Charenteseko Celles sur Belle herrian. Izan ere, Danimarkako Ikast Handball taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, joan den denboraldian European Leaguen ezezik bere ligan ere hirugarren gelditu zena.

Asteazkenean, iparralderago, Thouars herrian, donostiarrek txapelketaren antolatzailearen aurka jokatuko dute, Celles sur Belle taldearen aurka (20.15ean), Estatu frantseseko gorenean proiektua sendotu nahi dutenak.

Azkenik, ostiralean (17.15ean), TSV Bayer 04 Leverkusen Bundesligako historikoa izango du aurkari Bera Berak. Denboraldi-aurrean, TSVk Borussia Dortmund gainditu berri du –European Leaguen donostiarren aurkaria izan daitekeena– lagunarteko batean.

Imanol Alvarezek 16 jokalari eraman ditu parrida hauek jokatzera. Malena Cavo eta Sara Gil etxean geratu diren bitartean, Eider Tapia, Oihane Bautista eta Haizea Urretabizkaia taldearekin bidaiatu dute.

Zuazo eta Beti Onak

Bestalde, Zubileta Evolution Zuazok beste bi lagunarteko jokatuko ditu aste honetan. Lehenengoa ostegunean izango da, Lasesarren bertan (20.00etan), Sabadellen aurka. Bigarrena jokatzeko Xixoneraino abiatuko dira bizkaitarrak. Bertan La Calzada izango dute aurkari La Arena pabilioilan oraindik konfirmatzeko dagoen ordu batean.

Azkenik, Ohorezko Mailara igo berri den Gurpea Beti Onakek beste bi neurketa jokatuko ditu datozen egunotan. Hasteko, asteazkenean Logroñora abiatuko dira jokalariak bertan Sporting La Riojaren aurka jokatzeko (19.00etan). Eta larunbatean aurkari bera izango dute, baina kasu honetan etxean, Atarrabian, 18.00etan.