Salu, Kortatu eta Ainhoa, ‘Black is Beltza II’ filmaren lehen dosiak
‘Black is Beltza’ filmaren bigarren zatian Ainhoa, Manex Unanueren alaba, izango da protagonista. Emanaldia irailaren 23an, ostirala, izango da Donostiako Belodromoan eta astearte honetan hasiko da sarreren salmenta. Astelehen honetan estreinatutako trailerrak filmaren lehen dosiak eskaini ditu.
Rodriguez Galindok jarritako salaketaren aldeko emaitza jakinda, ebazpena ospatzeko kontzertua antolatu zuen Negu Gorriak taldeak 2001ean, Donostiako Belodromoan. Adierazpen askatasunaren garaipen hura errepikatzeko gogoarekin aurkeztuko du bertan, Zinemaldiaren eskutik eta irailaren 23an, ‘Black Is Beltza II: Ainhoa’ filma Fermin Muguruzak. Trailer berria estreinatu dute astelehen honetan, eta Belodromoko emanaldi berezirako 3.000 sarrera (8,9 euroan) astearte honetan egongo dira salgai.
Hemen da trailer ofiziala, eta bihar asteartea 10:00tan sarrerak salgai Belodromorako.
— Fermin Muguruza (@muguruzafm) August 15, 2022
¡Ya llegó el trailer oficial! Y mañana martes a las 10:00 de la mañana, entradas a la venta para el Velódromo:@Black_Is_Beltza II: AINHOA https://t.co/SFalerKILQhttps://t.co/wRG5CgCLh5
Muguruzak ‘Black is Beltza’ filmaren ibilbidea luzatu du beste bidaia transmedia batekin, eta lehen ataleko Manex protagonistaren alaba du pertsonaia nagusia. Ainhoa La Pazen jaio zen. Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ostean, Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, iniziazio bidaia bati ekingo dio Euskal Herrira abiatuz, aitaren lurraldea ezagutzera. Trailerrak eskainitako lehenengo pistak aztertuta, filma 80ko hamarkadako paisaia historiko eta nahasitik igarotzen da. Urte kaotiko horietan zehar, Ainhoak txoko gatazkatsuak zeharkatuko ditu, hala nola Libano, Afganistan, Marseilla eta Aljer, baita Euskal Herri matxino bat ere, non Josune kazetari konprometitua eta bere lagun kuadrilla ezagutuko dituen.
Itziar Ituñok ahotsa jarri dion Josuneren presentziari esker, Muguruzak elementu pertsonalak gehitu dizkio thriller politiko honi, hala nola EGIN Irratian izandako esperientziak. Halaber, Jabier Salutregi ‘Salu’ EGINeko azken zuzendariari eta Kortatu taldeari filmean bizia eman ahal izan die abeslari eta zinemagileak. Pasarte batean, Josune eta Ainhoa Iruñean dira, 1988ko urriaren 1ean, ‘Azken guda dantza’ Kortaturen laugarren diskoaren zuzeneko grabaketan; taldearen azken kontzertua izango zen.
Denborak dena mitiko bilakatu du geroztik: taldea, diskoa eta zenbait kantu. Hiru urte lehenago, 1985ean, euskal agertokia ebakitzera etorria zen Kortatu. Ska doinuak eta airera emandako ostikoak Euskal Herri osora hedatuko ziren, Sarri eta Pitiren Martuteneko ihesaldia ospatzeko konposatu zuten ‘Sarri, Sarri’ abestiarekin –80ko hamarkadan girotutako film batean ezin falta gertakari hori–.
Horrekin guztiarekin, Gerra Hotzeko azken uneetako gertaeren lekuko izango da Ainhoa. «Haren begiradaren bitartez, hamarkada bateko ilunabarra markatu zuten gatazkak eta batzuek ‘historiaren amaiera’ deitu zutena ikusiko ditugu», nabarmendu dute egileek.
Emanaldia, komikia, soinu banda
Filmaren proiekzioa irailaren 23an izango da, 20.00etan, eta horren aurretik, 18.00etan, Broken Brothers Brass Band taldearen kontzertua antolatu dute Belodromoan, duela lau urte Kursaal aretoan ‘Black is Beltza’ filmaren estreinaldian bezala. 400 metro koadroko pantaila duen Belodromoan BOGA kooperatibaren barrak egongo dira, eta merchandising mahaiak, kamisetak, beste horrenbeste produkturekin. Horien artean, Maite Arroitajauregi ‘Mursegok’ egindako filmaren soinu banda, 2LP, CD eta digitalean, 80ko hamarkadari omenaldia egiten dioten doinuz beteta.
Astebete itxaron beharko da filma Hego Euskal Herriko zinemetan ikusi ahal izateko, eta azaroan 16an proiektatuko dute Ipar Euskal Herriko aretoetan. Transmedia proiektua denez, estreinaldiarekin batera Susanna Martin ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak sortutako komikia argitaratuko dute urriaren 6an, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz, Muguruzak, Harkaitz Canok eta Isa Campok idatzi duten gidoia oinarri hartuta. Ituñoz gain, Maria Cruickshank, Eneko Sagardoy, Antonio de la Torre, Darko Peric, Gorka Otxoa edo Jon Plazaola dira, besteak beste, pertsonaiei ahotsa jartzen dietenak.
Balio sinbolikoa duen agertokia
Filmaren lanketan gertatu zen Iñigo Muguruza Ferminen anaiaren heriotza. «Horrek lur jota utzi ninduen, baina film honek hari omenaldi moduko bat egiteko motibazio gisa ere balio izan zidan», azaldu zuen Muguruzak NAIZek publikatutako elkarrizketa batean. Eta aitortu zuen estreinaldi hori Anoetan izateak balio sinbolikoa duela: «Oso berezia da guretzat, Negu Gorriak-en garaipena ospatu genuen gunea izan baitzen Galindoren aurkako prozesuan. Jende askok esan dit Negu Gorriak-en kamisetari hautsa kentzen ari dela berarekin proiekziora joateko».
El Velódromo acogerá un estreno multitudinario
La película de animación para adultos ‘Black is Beltza II: Ainhoa’, dirigida Fermin Muguruza, celebrará su Premiere Mundial en el Velódromo de Donostia, el viernes 23 de setiembre, dentro del marco del Zinemaldia. Este lunes se ha estrenado el trailer y el martes saldrán a la venta 3.000 entradas.
La proyección de la segunda película de Muguruza comenzará a las 20.00 horas y estará precedida a partir de las 18.00 horas por la actuación de la Broken Brothers Brass Band, que hace cuatro años también acompañó en el Kursaal el estreno de ‘Black is Beltza’.
La cooperativa BOGA instalará barras en velódromo de Donostia, y también habrá un puesto para la venta de merchandising, todo ello para un estreno por todo lo alto de la segunda entrega de la exitosa ‘Black is Beltza’.