INFO

Labrazan eta Azazetan eraiki nahi dituzten zentral eolikoen kontrako martxa egin dute

Labrazan eta Azazetan eraiki nahi dituzten zentral elektrikoen egitasmoen kontrako martxa egin dute gaur Arabako Mendiak Askek deitura. Lakuaren Gobernua eta Iberdrolak erakusten ari diren jarrera salatu dute.

Zentral eolikoen kontra egin duten martxa gaur. (ARABAKO MENDIAK ASKE)

Labrazan eta Azazetan eraiki nahi dituzten zentral elektrikoak salatu dute Arabako Mendiak Askek deitu duen martxan. Lakuako Gobernuak azken asteetan egitasmo hauen aldeko «neurrigabeko» presioa erabili duela nabarmendu dute.

Gauzak horrela, Lakuak erabili duen «presiorako lehen tresna» Tapia legea delakoa izan dela azaldu dute. Izan ere, arau honen arabera «udalerriek erabakitakoa baliobatzen du, hau da, kaltetutako udalerrietako bizilagunei erabakitzeko eskubidea ukatu digute».

«Gero jakin izan zen Azazetako zentral eolikoak, Arabako Foru Aldundiko teknikarien irizpideen arabera konpondu ezineko kalteak sortuko lituzkeela habitatean eta ingurumen inpaktuaren txostena desegokitzat jo zuten», gaineratu dute.

EAJ eta Iberdrola «proiektu hauek aurrera ateratzeko ahalegin guztiak egiten» ari direla salatu dute, «berdin zaie legalki edo legearen gainetik egitea».

«Adibide gisa, krisi energetikoan murgilduta gaudenaren aitzakia erabiltzea urteetan zehar garatu diren ingurugiroa babesteko legeak deuseztatzeko. Era berean Foru Gobernuaren aldetik ez da arabar lurraldea energetikoki antolatzeko plan bat garatu, ezinbesteko baldintza bat dena era honetako zentral eolikoen proiektuak aurrera eramateko», esan dute.

«Energia berriztagarriak beharrezkoak direla uste dugu mendeetan zehar kontserbatu diren ingurugiroak errespetatzen diren bitartean, onartezina da hemen kontsumituko ez den energía gure lurraldeari ekologikoki horrenbeste eskeintzen dion mendilerro bat industrializatzearen truke lortzea. Aldaketa klimatikoarin eta desertifikazioari aurre egiteko basoak babestu behar ditugu, horregatik babestu dezagun gure mendia eta borrokatu dezagun negozio iturri bilakatu ez dadin», gaineratu dute.