Oriok nagusitasuna erakutsiz amaitu du Euskotren Liga, Donostiarrak mailari eustea lortuz
Oriok ez du parekorik aurkitu Zarauzko XIV. Ikurriña irabazteko orduan. Bestetik, Donostiarrak uste baino errazago eutsi dio sailkapen nagusiko hirugarren postuari, denboraldiko azken estropadan bigarren sailkatzea erdietsi baitu.
Jakina zen 2022ko Euskotren Liga Oriora joango zela, iaz Arraun Lagunaken aurka galdu zuen buruz burukoari goitik behera buelta eman ostean. Zarauzko XIV. Ikurriña ez da salbuespena izan eta nahieran aritu dira «mirotzak», sekulako erakustaldia emanda irabazi baitute.
Bestalde, irribarre ia zabalagoa atera dute igande eguerdi honetan Donostiarrako arraunlariek, beraiek bermatu baitute datorren urtean ere Euskotren Ligan aritu ahal izatea. Baina ez Tolosaldearen aurretik sailkatuta bakarrik, baita Arrun Lagunaken aurretik sailkatuta ere. Hala, Tolosaldearekiko hiru puntuko aldearekin eutsi dio sailkapen nagusiko hirugarren lekuari. Tolosaldeak, bestalde, play-offetan ekin beharko du datorren urtean zortzi traineruk osatuko duten Euskotren Ligan aritu nahi badu. ETE Ligako hirugarrena eta Galiziako Ligako hirugarrena izango ditu aurrez aurre.
«Gure helburua Tolosaldeari irabaztea zen eta lortu dugu. Denboraldia hasterakoan Arraun Lagunak eta Orioren inguruan ibiltzea zen, gaur lortu dugu eta, noski, oso pozik gaude», onartu du Nerea Perez donostiarrako patroiak, eztarria urratuta.
«Bagenekien Tolosaldea gorantz zetorrela, baina bagenekien gure lana ondo eginez gero, guk ere bertan behar genuela. Bezperan desastre bat egin genuen, baina gaur ondo atera zaigu estropada gure lanean zentratu garelako», laburbildu du Perezek, Kontxara begira hasi baino lehen «entrenatzaileak uzten badigu, ospatzeko gogoa» erakutsiz.
Zozketaren apetak, Donostiarra eta Tolosaldea elkarren ondotik abiatu dira, Euskotren Ligan «bizirauteko» behin betiko lehian. Zapatuan ez bezala, Donostiarrak askoz hobeto ekin dio lanari, harrokeriarik gabe ordea. Esan gabe doa aurreneko postuari begira, Oriok, bezperan erakutsitako antzeko nagusitasunez sartu duela branka, ontzi beteko aldea aterata bi minutu eta erdi betetzerako.
Zarauzko XIV. Ikurriña goitik behera erabakita, hirugarren postua bermatzeko lehiuak hartu du goitik beherako arreta. Tarteka hiru segunduko aldea atera eta hori gutxi balitz, Arraun Lagunaken parera iristea erdietsi du, nahiz eta ziabogan alde apur bat galdu duen «Lugañene»-rekiko.
Berdin izan dio, hala ere, «Bantxa»-ri, Tolosaldearekiko bost segunduko aldea bermatu baitu popareari ekiteaz bat. Are gehiago, estropada hoentako lehia Arraun Lagunakekin finkatu du, tarteka bigarren postuan branka sartu arte, Nerea Perez patroiaren animo deiadarrei jaramon eginez.
Oriok bere nagusitasuna sendotu baino ez du egin 2022ko Euskotren Ligako azken estropada honetan, eta gozatu baino ez du egin itzulerako luzean. Bestalde, Donostiarrak berak ere bigarren postua finkatzea lortu du, eta hala, nahiz eta Tolosaldeak alde apur bat berreskuratu hirugarren postuarekiko, hirugarren postu horretan kontzentrazioa galduta aritu den Arraun Lagunak egon da, el Tolosaldeak gainditu nahi zuen Donostiarra.
Zarauzko XIV. Ikurriña, bigarren jardunaldia:
1- Orio 10:56.22
2- Donostiarra 11:04.08
3- Arraun Lagunak 11:09.36
4- Tolosaldea 11:10.26
Zarauzko XIV Ikurriña, orotara:
1- Orio 22:17.84
2- Arraun Lagunak 22:41.94
3- Donostiarra 22:45.84
4- Tolosaldea 22:48.08
Euskotren Liga
1- Orio 54 puntu
2- Arraun Lagunak 42 p.
3- Donostiarra 23 p.
4- Tolosaldea 20 p.
Deusturen kolpea ETE Ligan
Bestalde, ETE Ligak ber azkenaurreko estropada izan du igande eguerdian: Ane Aizpururen II. Oroimen Estropada. Bezperan Hondarribiak eta Hibaikak datorren urteko Euskotren Ligarako txartela bermatu bazuten, eswtropada honetan bandera erdietsi ostean Deustuk hirugarren postua ia poltasikoan duela esan liteke.
Etxeko uretan, ur geldietan gainera, ibiltzera ohituta, «Tomaterak» bezperako egun txarra atzean laga du eta Hondarribiari irabazi ahal izan dio, lehia estu batean segundu bateko aldea aterata.
Horrez gain, Deusturen arerio nagusiena den Zuamaiak oso egun txarra izan du eta seigarren baino ez da izan. Ondorioz, ETE Ligako hirugarren postua bederatzi puntura geratu zaio estropada bakarraren faltan.
Hala, Deustuk datorren urteko Euskotren Ligara igotzeko play-offetan aritzeko txartela ia eskuan dauka, baldin eta azken estropadan, Erandion, Zumaia ez bada irabazle suertatzen. Baina «Telmo Deunen» balizko garaipen hori behar izateaz gain, «Tomaterak» nahikoa du estropada amaitzearekin, azken postuan izanda ere, sailkapen nagusi hortako hirugarren lekua berea izan dadin.
Ane Aizpururen II. Oroimen Estropada:
1- Deustu 10:52.51
2- Hondarribia 10:53.87
3- Hibaika 10:58.20
4- Hernani 11:07.38
5- Zarautz 11:07.93
6- Zumaia 11:08.77
7- Ondarroa 11:17.61
8- Castro 11:47.48
9- Portugalete 12:08.83
ETE LIGA
1- Hondarribia 117 puntu.
2- Hibaika 111 p.
3- Deustu 91 p.
4- Zumaia 82 p.
5- Ondarroa 67 p.
6- Zarautz 62 p.
7- Hernani 57 p.
8- Castro 26 p.
9- Portugalete 17.