Bi ziztada kasu berri jakinarazi dituzte Bilboko Aste Nagusian
Bilboko Aste Nagusian gutxienez beste bi emakumek ziztadak jaso dituztela jakinarazi du Ertzaintzak. Guztira, jaien lehenbiziko bi egunetan zazpi kasu eman dira jakitera. Zuberoan, berriz, Atharratzeko bestetan beste emazte gazte batek ziztada pairatu zuen.
Bilboko jaietako bigarren egunean bi emakumeri ziztadak egin dizkietela jakin du Ertzaintzak, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gertakariak, oraindik salatu gabe daudenak, 21:00etan eta 23:00etan izan ziren, Areatzako jai gunean.
Bi kasu berri horiek Ertzaintzak ikertutako beste lau kasuri gehitu behar zaizkie, baita Udaltzaingoak larunbatean, jaietako lehen egunean, erregistratutako beste bati ere. Gutxienez bik salaketa jarri dute Ertzaintzaren aurrean.
Zehaztapenik ez bada ere, gutxienez hiru kasutan erasoen kontrako protokoloa aplikatu eta osasun zentrora eraman zituzten erasoen biktimak, bertan beharrezko probak egiteko.
Bestalde, Zuberoan, ziztaden aferan bertze kasu baten berri eman dute astelehen honetan. Atharratzeko besten karietara emazte gazte batek ziztada ukan zuela salatu zuen larunbat eta igande arteko gauean. Oloroe-Donamariako erietxera eraman zuten.