INFO

Iazko txapeldun Santurtzik ez du lehiatuko Kontxan eta Oubiñak historia egin lezake

Sotera ez zen garaiz ibili aurtengo Kontxako Banderan izen-emateko eta helegitea aurkeztu bazuen ere, ezeztatua izan da bere eskaria. Hala, aurtengo Kontxako Bandera iazko txapeldunik gabe jokatuko da. Aurkezpenean zehaztu legez, bi urteren ondoren, publikoa «normaltasunez» itzuliko da.

Ezkerretik eskuinera, Jose Miguel Ayerza (Adegi), Edurne Egaña (EKP), Donostiako alkate Eneko Goia eta Getariako alkate Haritz Alberdi, Donostiako Udaletxean. (Jon URBE | FOKU)

Kontxako Banderaren 127. edizioa jokatuko da aurten. Sailkapen estropadak datorren ostegunean, hilak 31, eta ostiralean, irailak 1, lehiatuko dira eta lehen jardunaldia, iraileko lehendabiziko igandean. Irailaren 11n erabakiko dira bi txapeldunak. Gizonezkoetan txapeldun berria izango da aurten, iazkoak, Santurtzik, ez baitu lehiatuko Kontxako badian.

Soterak ez zuen garaiz egin izen-ematea (uztailaren 11n ixten zen epea) eta helegitea jarri bazuen ere, azkenean atzera bota da eskaria. Hala, iazko txapeldunik gabe jokatuko da aurtengo Kontxako Bandera.

Orotara, 24 ontzi lehiatuko dira gizonezkoen sailkatze estropadan. Erlojupekoan neurtuko dituzte indarrak, hilaren 31ko 18.00etatik hasita. Donostiarra jada sailkatuta egonik, beste zazpi ontzik lortu ahal izango dute txartel bana. Lehia handia bizi izan ohi da zazpigarren postu hori lortzeko. 2020an, esaterako, ehuneko batzuengatik, Ondarroa kanpoan geratu zen eta 2019an, egoera antzerakoan, sailkatze estropadako ezustekoa izan zen, 23 urte beranduago, Kontxako Bandera lehiatu baitzuen.

Orioko gizonezkoen taldeak irabazi du historian bandera gehien 32 eta San Pedro da hurrengoa 15ekin, gertutik jarraitzen dio Donostiarrak, 14rekin. Sanpedrotarrak Eusko Label ligara igotzeko play-offean izateko txartela irabazi du eta berriro ere gorenean lekua egiteko borroka egingo du.

Emakumezkoetan ere, zortzi ontzi lehiatuko dira bi jardunaldietan; alegia, bi txanda egongo direla, gizonezkoetan legez. Sailkatze estropada egun bat beranduago jokatuko da, irailaren 1ean, 18.00etan, eta 19 traineruk neurtuko dituzte indarrak. Ontzi gipuzkoarrak nabarmendu izan ohi dira baina pasa den urtean eta 2019an Galiziako ontzi bana sailkatu ziren.

Iaz, historian lehen aldiz, Arraun Lagunak-ek irabazi zuen, denboraldi historikoa biribilduz. Euskotren Liga irabazi osteko hauspoarekin, donostiarrak nagusitu ziren Kontxako badian, Oriorekin sekulako lehia erakargarria bizi ostean, denboraldi osoan egin legez. Aurten, oriotarrak iristen dira Euskotren liga poltsikoan dutela eta bertako arraunlari Andrea Oubiñak historia egin lezake, 10. Kontxa Bandera irabazi dezakeelako, inork lortu ez duen balentria, ez gizonezko ez emakumezkoetan. 

2018tik aurrera, gizonezko eta emakumezkoen estropadetako sariak parekatuak dira. Liga denboraldian soilik Zarauzko Ikurrinean daude parekatuak sariak eta duela lau urtetik, baita Kontxako Banderan ere. Irabazleak, 25.000 euroko saria erdietsiko du.

«Normaltasunez»

Donostiako alkate Eneko Goiak aurtengo edizioaren aurkezpenean adierazi duenez, «Kontxako Bandera bere energia guztiarekin itzuliko da, eta ikuskizun handia izango da berriro ere». Alegia, inolako murrizketarik gabe jokatuko dela. 

Pasealeku Berritik, Urgulletik, Kaitik eta Alderdi Ederretik estropadak ikusteko sarrera nagusiak 4 euroko prezioa izango dute. Langabetu, pentsiodun eta 30 urte azpikoek 2 euro ordaindu beharko dute. 12 urte bitarteko haurrentzat, bestalde, doakoa izango. Tribunatik ikusi nahi duenak berriz 8 euroren truke erosi ahal izango du sarrera, eta doakoa izango da 6 urte bitarteko haurrentzat, eserlekua okupatu arte.

Elkanori omenaldia

Juan Sebastian Elkano marinel getariarrak, Victoria itsasontziarekin, munduari bira eman zuenetik 500 urte betetzen diren honetan, Getarian izan ezik, Donostian ere omenaldia egiteko probestuko da.

«Donostiako Estropadek omenaldia egin nahi diote kontinente ezberdinen arteko kultura, ekonomia, nekazaritza, abeltzaintza eta gizarte trukeari ateak ireki zizkion marinelari», adierazi dute estropaden aurkezpenean.

Hala, aurtengo Kontxako Banderek begizta bat eramango dute, munduari emandako lehen biraren une historikoa gogorarazteko.

Halaber, irailaren 4an, Vera Cruz itsasontzi portugaldarra Donostiako badian ainguratuko da, estropadak egiten diren garaian. XV-XVI. mendeetako karabela portugaldar baten erreplika da, 2000 urtean eraikia, Brasilen aurkikuntzaren bostehungarren urteurrena gogoratzeko. 23,8 metroko luzera du, eta 100 tona inguruko pisua.