INFO

Polizia Urruñako elizan sartu da migratzaile talde bat atxilotzeko

Frantses Polizia Urruñako San Bixintxo elizan sartu da ostiral arratsalde honetan bertan aterpea bilatu zuen migratzaile talde bat atxilotzeko. Hamar bat etorkin atzeman ditu. Filipe Aramendi auzapezak polizi operazioa deitoratu du.

Urruñako San Bixintxo eliza. (Guillaume FAUVEAU)

Frantses Polizia Urruñako San Bixintxo elizan sartu da, ostiral honetako 13.45ak aldera, bertan aterpe bilatu zuen migratzaile talde bat atxilotzeko.

Hamar bat migrante inguru eraman dituzte, operazioa bertatik bertara jarraitu duten hainbat lekukok azaldu dutenez.

Poliziaren operazioa ikusi duen herritar bat Herriko Etxera bertaratu da gertatukoaren berri emateko.

«Herritar horrek erran dauku leku pribatuan izanik pentsatzen zuela ezin genuela deus egin polizi operazio horren aurrean baina azaldu diogunez, juridikoki eliza es da toki pribatu bat, herriarena da eraikina eta, ikuspuntu horretatik guztiz hunkituak sentitzen gara», azaldu dio NAIZi Filipe Aramendi Urruñako auzapezak.

Ildo beretik hautetsiak deitoratu du gertatutakoa. «Ikuspuntu juridikotik haratago, humanoki, etikoki, herritar askorendako toki sakratua den eliza batean polizia sartzea jauzi bat da, eta horrela behar dela salatu uste dugu», gaineratu du.

Martxoan bolondres bi deklaratzera deitu zituzten

Ez da lehen aldia Urruñan etorkinen aurkako operazioak burutzen dituela frantses Poliziak.

Oroitzearren iragan martxoaren 5ean bost migrante atzeman zituen Poliziak Lapurdiko herrian, herritar batek auto batean eramaten zituenean.

Poliziak ez ezik, militarrak ere bertaratu ziren Urruñara, herriko plaza okupatuz.

Hamarnaka herritar karrikara atera ziren polizi operazioa salatzeko eta bide batez elkartasunean jardun zuten ama-alabari elkartasuna adierazteko.

Urruñako ekintza sozialerako zentroko (CCAS) arduradun eta auzapezorde den Daniele Bideondok eta bere alabak biharamunean joan behar izan zuten deklaratzera Mugetako Poliziak (PAF) Hendaian duen egoitzara. Bertan, Urruñako auzapezaren babesa jaso zuten.

 «Orduan elkartasunagatik migranteak laguntzen dituzten bolondresak eraman zituzten, gaur ez dute herriko inor eraman, baina etorkin talde bat atzeman dute eta horren aurrean gure mezua berdina da: horrelako polizi operazioekin ez dute migrazioaren erronka konponduko; gazte horiek behin eta berriro saiatuko dira muga gurutzatzen,  atxilotuak izateko edo, batzutan, maleruski, beraien bizitza galtzeko ere arriskua hartuz», gaineratu du auzapez urruñarrak.