INFO

Hamaika egun eta 61 jarduera Donostiako Euskal Jaietan

Estropadak, Sagardo Eguna, dantza, musika, sukaldaritza txapelketak, Elkano Eguna, olerkiak, kirolak eta euskal jokoek osatzen dituzte, besteak beste, Donostiako Euskal Jaiak. Hilaren 31ean hasi eta irailaren 11ra arte luzatuko dira festak.

Donostiako Udaletxean aurkeztu dituzte, astearte honetan, aurtengo Euskal Jaiak. (DONOSTIAKO UDALA)

Urtero lez, irailaren eskutik Euskal Jaiak ospatzen dira Donostian. Zuzenak izanda, ordea, aipatuko dugu programa oparoa osatzen duten jarduerak abuztuaren azken egunarekin hasiko direla aurten, alegia, bihar.

1813ko hiriaren suntsipena oroitzeko ekitaldiez gain, Kontxako Banderaren gizonezko sailkatze estropada ospatuko da bihar, 18.00tan. Aldiz, ostegunean, irailaren 1ean, emakumeen txanda izango da.

Larunbatean Sagardo Eguna izango da ekitaldi nagusia. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 38 sagardogilek hartuko dute parte. Sagarra prentsatzeko artisau-prozesua ere zuzenean ikusi ahal izango da, eta 2022ko uztako lehen muztioa dastatzeko aukera egongo da. Halaber, Euskal Sagardoaren jatorria diren bertako sagarren erakusketa egongo da ikusgai, eta injerto motei eta horien teknikei buruzko tailerrak eskainiko dira.

Igande goizean Kontxako lehen jardunaldia izango da, eta arratsaldean (18.00) Dantza Sueltoko Txapelketa ospatuko da Konstituzio Enparantzan.

Elkanoren Eguna

Irailaren 6a jai eguna izango da aurten, Juan Sebastian Elkanoren mundubiraren 500. urteurrena dela eta. Horren harira, jarduera ezberdinak egingo dira portuan.

Poesia Orduak ekimena itzuliko da aurten. Irailaren 7an Victoria Eugenia Antzokian ‘Alaska’ ikuskizuna eskainiko dute Castillo Suarez idazleak eta Juantxo Zeberio musikariak. Ostegunean, hilaren 8an, Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinaga soinujole eta abeslariak hartuko dute lekukoa, ‘Olatu arteko txalupe arraroa’ ikuskizunarekin.

Irailaren 10ean, larunbatarekin, Gaztelu Eguna ospatuko da, hiria berreraikitzeko eta 1813an Zubietako Aktak sinatzeko erabakia gogorarazteko. Ekitaldiak 11.30n hasiko dira, Trinitate plazatik Urgulleko gaztelura irteera batekin, eta 20.30an amaituko da Konstituzio Plazan, Zubietako Aktak irakurriz.

Egun horretarako beste jarduera asko antolatu dituzte: Badiako Igeriketaldia, Urgulleko Krossa, Legatza Donostiar Erara txapelketa, dantza, musika, bolo txapelketa, zezen suzkoa…

Irailaren 11 izango da Euskal Jaien azken eguna; urtero legez, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia izango da ekitaldi nagusia.