INFO

Abiadura apalagoan bada ere, ostegun honetan martxan izanen da Kanbo eta Garazi arteko trena

Bi astez luzatu den etenaldiaren ostean Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua berrabiatuko da irailaren 1etik aitzin, SNCFk baieztatu duenez.

Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzuan etenaldi anitz izan dira azken urtetan. (@transportail)

Agorrilaren 24az geroztik etenda dago Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbiztzua. Trenbidean gertaturiko lur jauziaren ondorioz, tren zerbitzua bertan behera utzi behar zuten eta geroztik autobusetan egin behar izan dituzte joan-jinak bidaiariek.

SNCF konpainiak jakitera eman duenez ostegun honetan, irailak 1, berriz ere martxan izanen da trena, baina «abiadura motelagoan igaroko da hasiera batean trena». «Trenek sarbegitik igaroko direnean 10 kilometro orduko abiadura beharko dute errespetatu, eta horren ondorioz minutu batez luzatu daiteke ibilbidea osatzeko hartzen ohi duten denbora», azaldu du tren konpainiako komunikazio zerbitzuak.

SNCFk gaineratu duenez abiadura moteltze hori «zortzi-hamar» egunetan indarrean izanen daiteke. Epe horretan tren konpainiako beharginek bertatik bertara ikustaraziko dituzte lur jauzia gertatu ondoren eremua berriz finkatzeko eginiko lanak.

Era berean, «trena abiadura normalean igarotzeko beharrezkoa izanen den trenbidearen kontrola automatikoki egiteko sistema plantan emanen dute teknikariek», gaineratu du konpainiak.

Gorabehera handiak

Erran bezala, luiziak eragin zuen, agorrilaren 24an, tren zerbitzua bertan behera uztea. Hastapenean Baiona eta Donibane Garazi arteko zirkulazioa eten egin zuten baina ordu batzuk igarota Lapurdiko hiriburua eta Kanbo arteko tren zerbitzua berriz jarri zuten martxan.

2021ko abenduan izan ziren uholdeek ere barnealdea eta kosta arteko lotura bermatzen duen tren zerbitzua bost hilabetez bertan behera uztea eragin zuten. Era berean, uda honen atarian, ekainean, berrabiazi zuten hamar bat egunetako etenaldiaren ostean ostegunetik aitzinean beriz ere errailetan izanen den trena.

Azken urteotan arazo anitz izan dira Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzuan.

2015eko azaroan berriz ere martxan jarri zuten tren lerroa. Burdinbidean egin beharreko lanen ondorioz, baina, SNCFk hiru hilabetez eten zuen zerbitzua 2017an. 2018an, berriz, euriteek tren zerbitzua bertan behera uztera eraman zuten.

Erabiltzaileen kexak aintzat harturik, urte luzez sindikatuek eman zuten borrokaren ostean, 2019ko abenduaz geroztik Baiona eta Donibane Garazi arteko tren ibilbideak maiztasun gehiago hartu zuen, lanera edo ikastera joateko zerbitzua baliatzen duten herritarren beharretara egokitzearren.

Geroztik bost itzuli ezarri zituzten Donibane Garazi eta Kanbo artean, astelehenetik ostiralera, eta lau asteburuetan. Baiona eta Kanbo arteko norabiderako, zortzi itzuli astean eta beste lau asteburuetan.