INFO

Errusiak Zaporiyiako zentral nuklearraren hornidura elektrikoa moztu dio Ukrainari

Zaporiyako zentral nuklearra kudeatzen duten agintari errusiarrek Ukrainako sarea energia elektrikoz hornitzea eten dutela jakinarazi dute lartunbat honetan, «zailtasun teknikoak» argudiatuz.

Zaporiyako zentral nuklearra. (Ed JONES | AFP)

Energodar hiriko agintari errusiarrek larunbat honetan iragarri dutenez, Ukrainako sarea energia elektrikoz hornitzea eten dute, «zailtasun teknikoak» argudiatuz. Hiri horretan dago Zaporiyiako zentral nuklearra, Ukrainiako kontsumo elektrikoaren bostena ematen duena.

«Hara bideratutako espezialistek jakinarazi dute erreaktoreek sortutako elektrizitatea aldatu egiten dela ezaugarri teknikoak direla eta. Ukrainaren kontrolpeko lurraldeak elektrizitatez hornitzea bertan behera geratu da zailtasun teknikoen ondorioz», adierazi dute Energodarreko agintariek Telegramen bidez, Interfax albiste-agentzia errusiarrak jaso duenez.

Zehazki, Ukrainako bonbardaketek eragindako kalteak salatu dituzte, eta zentral nuklearrean izandako kalteen berri eman dute. Dena den, zentralaren 5. eta 6. erreaktoreak normaltasunez funtzionatzen jarraitzen dute eta 900 edo 1.000 megawatt inguru sortzen ari dira. Erradiazioa maila normaletan dago.

IAEAren bisita

Errusiako eta Ukrainako agintariek elkarri leporatu diote Zaporiyiako zentrala arriskuan jartzea artilleria-bonbardaketen bidez, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundek ikuskapen-misio bat bidali du egoera baloratzeko.

Larunbat honetan bertan, Moskuk jakinarazi du Ukrainako indar armatuak zentral nuklearra gauez erasotzen saiatu direla, eta Ukrainako eraso anfibioko taldeko 47 kide hil direla.

Zaporiyiako zentrala Europako handiena da, eta sei erreaktore ditu. Errusiako indarrek kontrolatzen dute martxotik.