INFO
Entrevista
Nerea Eizagirre
Realeko kapitaina

«Urte on baten ostean ezin da urte txar bat etorri, Reala beti egon behar da Txapeldunen Ligan»

Realak EH Kopako finala jokatuko du gaur Alavesen aurka. Duela hamar urte irabazi zuen txapelketa hau lehendabiziko aldiz eta duela bi azkenekoz. Sasoi hasierako lehen garaikurra berriro ere irabazteko gogoz dago Nerea Eizagirre (Tolosa, 2000).

Nerea Eizagirre Realeko kapitaina Zubietan. (Jon URBE | FOKU)

«Ez da izan denboraldi aurre erraza, zenbait jokalari kanpoan izan dira eta bigarren taldeko jokalariekin aritu gara. Talentu handia dago beheko taldeetan», nabarmendu du Nerea Eizagirre Realeko kapitainak. Gogotsu dago beste denboraldi bati aurre egiteko, jada bere zazpigarrena eta soilik 22 urte ditu.

Gaztea izanik ere esperientzia asko dauka bizkar gainean eta hitz egitean nabarmen igartzen da. Alavesen aurkako EH Kopako finalaren atarian (igande honetan, 16.00etan, Azkoitiako Txerloian), denboraldia garaikur bat altxatzen hasi nahi duela onartu du. Historikoa izango da ikasturte hau Realarentzat eta ibilbide honetan urratsak aurrera ematen jarraitu behar dutela argi adierazi du.

Zer moduz? Nola dago taldea?

Ondo, pertsonalki lasai. Denboraldi berria, denboraldi polita eta ilusio handikoa, baina aldi berean gogorra. Lau txapelketa edukiko ditugu: Liga, Superkopa, Kopa eta Txapeldunen Liga. Liga hasteko gogoarekin gaude. Asteburu honetan jokatzen dugu EH Kopako finala, final polita, lehen garaikur hori lortzeko aukera daukagu. Liga hasierara begira sentsazio onak pilatzea izango da asmoa.

Ilusioak berrituta dauzkazu?

Bai. Denboraldi guztiak berriak dira. Aurretik egindako lana hor dago baina urtez urte hobetzen jarraitu behar dugu. Talde ona daukagu, piezak ondo kokatzen ari gara denboraldi-aurre honetan, gauzak probatzen. Garrantzitsua da denboraldiko lehen partidara ondo iristea. Nik uste dut Tolosan Athleticen aurka jokaturiko partidan sentsazio onak izan genituela eta behar genituen. Aurredenboraldian aurpegi berri asko egon dira, bigarren taldeko jokalari asko eta talentu handia dago beheko taldeetan. Lan asko dago egiteko eta hori ikusi da. Espero dugu final honetan ere sentsazio onak izatea.

Batek baino gehiagok pentsatuko du denboraldi-aurreko partida edo torneoetan emaitza ez dela garrantzitsua baina beti da hobeto irabaztea, ezta?

Bai. Guretzako beti da garrantzitsua partidak irabaztea, batez ere sentsazio onak izatea. Denboraldi-aurrean egokitzapen fase hori dago eta batzuetan emaitzak ez dira lortzen. Gure taldean anbizioa da dagoen gauzarik argiena eta egia esan, denok nahi ditugu partida guztiak irabazi.

Hiru EH Kopa irabazi ditu Realak. Azkena, duela bi urte. Beste aukera bat dauka igande honetan.  

Bai, azkenean garaikur bat irabaztea da. Egia da EH Kopa apur bat kosta egiten zaigula, denboraldia hasi baino aste bat lehenago izaten da eta taldeari pixka bat kosta egiten zaio. Askotan EH Kopa hau aurredenboraldi moduan hartzen dugulako eta ez txapelketa moduan.

Denboraldi gogorra izango dela aipatu duzu eta gainera, hasieratik izango da gogorra. Irailean jokatu beharko baituzue Txapeldunen Ligako kanporaketa.

Bai, bi partida dira. Bietan irabaztera joan behar gara. Ez da erraza izango baina zerbaitengatik gaude gauden lekuan. Egia da iraila gogorra izango dela baina pasaz gero, sei partida gehiago jokatuko ditugu eta gerokoa ere gogorra izango da.

Ilusioa handiagoa da beldurra baino?

Bai, nik uste dut taldeak badaukala maila hor jokatzeko. Pertsonalki bai ikusi nahi dut taldeak nola erantzuten duen asteazken-igande jokatzen. Barça, Real Madril, Atletico Madril eta horrelakoek talde zabalagoa daukate eta gu alde horretatik apur bat estuago gabiltza. Ikusi behar dugu jende gazteak ere nola erantzuten duen eta ea gai garen astean bi partida jokatuta garaipena lortzen.

Kapitain bezala, ze mezu helarazten diozu taldeari hain erronka handiaren aurrean?

Lana, lana eta lana. Entrenamendua bukatu eta beti geratzen gara gehienak korrika pixka bat gehiago egiten, PMIan bakoitzak hobekuntza indibiduala lantzen, saiatu behar gara profesionaltasun hori gehiago igotzen ze azkenean astean hiru partida jokatzea ez da erraza. Eta ea lesioek errespetatzen gaituzten. Jende garrantzitsuak ez hutsegitea eta gehiegi jokatzen ez duten horiek ere erritmo altuan jarraitzea. Inoiz baino gehiago beharko ditugu 22 jokalariak ikusita partida asko jokatuko ditugula.

Kanpotik sentsazioa da taldea estua dela. Zuk nola ikusten duzu?

Gaudenak gaude eta ez dago besterik. Talde zabalagoa espero nuen ikusita astean bi partida jokatu ditzakegula. Baina tira, lesioek errespetatzen bagaituzte eta zortea lagun izaten badugu, nik uste dut bagaudela jende nahikoa eta maila handia daukagula. Elkarren artean hobeak egiten gara baina egia da taldeak ondo eutsi behar duela.

Zure zazpigarren denboraldia da Realean, 22 urterekin.

Bai, urte asko dira. Ez zara oso kontziente zazpi urte daramazula hemen. Gaur egun naizen jokalaria ez ezik, pertsonalki ere asko ikasi dut nire aurretik egon diren jokalari askorekin. Asko lagundu didate. Gogoratzen naiz ni etorri nintzenean une hartan Maialen Zelaia, Chini, Eguzkiñe... Asko lagundu zidaten. Ez da erraza izaten, 16 urte dauzkazu, ume bat zara, kasik ez dakizu non zauden... Beraiek bide onetik eraman zidaten, asko lagundu zidaten eta gaur egun naizen jokalari eta pertsona gauza asko beraiei esker da. Beti oso gustora egon naiz, ondo egokitu izan naiz beti taldean, oso pertsona irekia naiz. Giro onean egotea gustatzen zait, gauza argiak ere asko gustatzen zaizkit, oso zuzena naizelako baina uste dut ondo harremandu naizela taldekide guztiekin.

Orain zu zara erreferente.

(Barrezka) Bai... Zerbait polita izango zen nire ibilbidea bukatzen denean nirekin taldea partekatu duten jokalariek sentsazio onak izatea. Ez da erraza erreferentea izatea, erantzukizun gehiegi dira, batzuetan ez naiz iristen, 22 urte dauzkat. Askotan esaten dut gauzak ez baditut ondo egiten normala dela, azkenean ez dut esperientzia gehiegirik, gaztea naiz... Ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz, badakit ondo inguratuta nagoela, bai talde teknikoa, kirol zuzendatitza... denekin harreman ona daukat eta nik uste dut ondo moldatzen naizela.

Aipatu duzu zure bilakaera humanoa baina futbolari moduan ere sekulakoa izan da. Kalitatea betidanik atzematen zitzaizun baina bigarren plano batean egon zinen hasiera batean. Duela bi urte eztanda egin zenuen.

Igorrek [San Miguel] konfiantza asko izan zuela niregan, bera izan zen hona ekarri zidan pertsona, berak nahi zuen ni hemen egotea eta beragatik nago hemen. 16 urterekin fitxatzeko aukera izan nuenean, berak aukera asko eman zidan, partida asko jokatu nituen eta oso gustora sentitzen nintzen. Gonzalo Arconadaren iritsierarekin gehiago hazi nintzen pertsona moduan. Berak oso joko ezberdina zuen, bere intentzioa zen ondo defenditu eta kontraerasora ateratzea. Ni ez naiz oso azkarra, niri baloiarekin kontaktua edukitzea gustatzen zait, azken pase hori, azken gol hori, azken jaurtiketa hori bilatzeko. Beste gauza batzuk ikasi nituen, indartsuago izaten, gehiago lan egiten... Bukaeran, Kopako finalean jokatzeko aukera izan nuen, momentu politak izan ziren, selekzioaren lehendabiziko deia hortxe jaso nuen.

Gero Natalia [Arroyo] iritsi da eta ziklo guztia aldatu da. Nataliak beste estilo bat ekartzen du, jokoa atzetik hasten eta uste dut hor pieza garrantzitsua naizela. Kanpotik edo barrutik jokatu, beti baloia jasotzen duen jokalaria naiz eta egia esan, oso gustora sentitzen naiz. Asko disfrutatzen ari naiz, bi urte hauek oso politak izan dira, disfrutatzen dudan unean asko hazten naizelako. Urte onak izan dira baina oraindik asko daukat emateko.

Eta nola egin du eztanda Nerearen gol egiteko modu horek?

Area ertzera asko iristen naiz, protagonismo handia ematen dit Nataliak. Gure zelaira jaitsi, baloia hartu, aurrera eraman... Beti nago kontaktuan baloiarekin eta beraz, aukera asko dauzkat erabakiguneetan. Bai jaurtiketan, bai pasea, izkin egiten... Konfiantzarekin nabil, beraiek konfiantza asko daukate niregan eta kontziente naiz taldeari asko ematen diodala. Bi urte hauetan dena sartu da, ez dakit aurten denak sartuko diren edo ez, baina saiatzen jarraituko dugu (barrez). Gehienbat hori, hazten jarraitu nahi dut. Baloirik gabe gehiago kostatzen zait, erdian lan asko egin behar delako, baina horretan nabil.

Iaz azpitxapeldun, Txapeldunen Ligarako txartela lortuz. Nola hobetu daiteke hain denboraldi historikoa?

Nik uste dut iazko aurreikuspenak ez zirela bat etortzen lortu genuenarekin. Nik argi neukan, gainera liga hasi eta segituan urte bat gehiagorako berritu nuen kontratua, ikusten nuelako taldeak maila zeukala eta gustora nengoelako. Denok urrats hori eman dugu eta aurten polita izango zen kanporaketa pasatzea. Beti izan naiz kontziente ezin dela urte on baten ondoren urte kaskar bat etorri, baizik eta Realak beti izan beharra dauka Txapeldunen Ligan sartzen den talde bat. Historia egin dugu baina historia hutsean geratzen bada, ez du ezertarako balio. Ez zait gustatzen, esaterako, iazko Levante baten kasua.Txapeldunen Ligan jokatzen du, Olympique Lyonnais taldearen aurkako kanporaketa baina gero Ligan makal aritu zen.

Udan pentsatu baino atseden gehiago eduki duzu zure denboraldi onenaren ostean.

Egia da udara gogorra izan dela. Anbizi handiko jokalaria naiz eta nahi ditudan helburu guztiak lortzea gustatzen zait. Klubean helburua lortu nuen, zenbakiak hobetu ziren, taldearen emaitzak ere hobetu ziren. Beste helburu bat Eurokopan egotea zen eta ez nuen lortu. Alde horretatik, motibazioarekin jarraitzen dut. Mundial bat dator. Klubean egunero erakusteko aukera daukazu, selekzioan hiru lau aste izaten dira eta hautatzaileak bere gustoak ditu. Badakit hobetzeko asko daukadala eta horretan nabil. Bere erabakia izango da beti baina nik ez dut lanean jarraitzeari utziko bere erabakia ez zaidalako gustatzen. Nik uste dut berak konfiantza daukala nigan eta hori helarazi izan dit beti.