INFO

Bere 10. urtemuga kari, Ziburuko erdigunean egoitza estreinatu du Kaskarotenea ikastolak

Zazpi urteko gatazkaren ondoren, bi urtez posible izan da aterabidea aurkitzea. Hala laburbildu dute Kaskarotenea ikastolako eta Seaskako ordezkariek ikasturte berriak ekarri duen berrikuntza. Badira 10 urte baldintza zinez zailetan sortu zen ikastolak eraikin duina eskuratu du Ziburuko erdigunean.

Eneko Aldana-Douat auzapeza eta Seaskako lehendakaria den Peio Jorajuria Kaskarotenea ikastolako ordezkariekin batera gaurko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Kaskarotenea ikastola 12 ikaslerekin sortu zen badira 10 urte. Alta, 2022ko irailaren 1ean 67 haurrekin egin du sartzea.

«Herrian matrikulazio hazkunderik handiena izan duen ikastetxea da», aitortu du Eneko Aldana-Douatek, iaz Kastarontenea ikastolan 49 ikasle aritu zirela oroitaraziz.

Ziburuko auzapezak sartzearen zenbaki orokorrak zehaztu ditu: Saint Michel eskola giristinoak 100 ikaslerekin abian eman du 2022-2023ko ikasturtea. Hiru auzotan barreiaturik zituen zentroak Marinelako egoitza berrituan batu ondoren sare publikoak 145 ikasle izanen ditu Ziburun.

«Herriko Etxearen asmoa da hiru ereduetan haurrak baldintza egokietan hartuak izateko lan egitea» nabarmendu du hautetsiak.

«Sinets nazazue, gaur bereziki plazer dut Ziburuko Kaskarotenea ikastola berrian izaitea», aitortu du, bere aldetik, Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak.

Xabi Biscay ikastolako aita alboan zuela, biek ala biek orotarazi dituzte, lehenik eta behin, ikastolak hastapenean izan zituen zailtasunak, lur eremua «prezio lotsagarrian» ordaintzera behartua izan zelako. Horrek trabak eta zalantzak eragin bazituen ere, «Euskal Herri osotik jasotako elkartasunari esker» gurasoek ikastola txikia sendotu ahal izan zutelako harro azaldu dira.

«Zazpi urteko gatazkaren ondoren, bi urtez posible izan da aterabidea aurkitzea», ospatu dute. Gogoratu behar da aurreko udal gobernuak oztopo handiak ezarri zizkiola ikastolari, argindarra mozteko agindua ematera heltzeraino.

Seaskak bere gain hartu zuen ikastola txikiari ezarritako isuna eta aurre egiteko ere oso garrantzitsua izan zen Euskal Herri osoan islatu zen elkartasun kanpaina.

Ziburutik Beskoitzera begira

Udaberri aldera bere hamargarren urteurrena besta batekin ospatuko duen Ziburuko ikastolak jauzi handia egin du. Eskola publikoak zituen hiru egotzak metatu ondoren Herriko Etxeak hutsik gelditu zen horietako eraikin bat, Gurutze Gorriaren auzokoa, zehazki, ikastolaren esku utzi baitu.

«Ziburun posible izan dena zendako ez Beskoitzen?», galdetu du Jorajuriak Lapurdi ipar-ekialdeko herrian ikastola handitzeari Udalak ezarritako oztopoak altxatzeko lanean jarraitzeko asmoa berretsi aitzin.

102 ikasle gehiago Ipar Euskal Herriko ikastoletan

Azken urteotan sortze tasa apalduz joan den heinean ikasturte batetik bestera mila haur inguru gutxiago izanen dira Biarno eta Ipar Euskal Herria bere baitan hartzen dituen departamenduan.

Alta, irailaren 1ean 4.166 ikaslek egin zuten sartzea ikastoletan. Iaz baino 102 ikasle gehiago dira. Hazkunde bereziki handia ukan du Bernat Etxepare lizeoak; iaz baino 56 ikasle gehiago errezibitu ditu aurtengo sartzean.

Izan ere, bertze hainbat ikastolatan izan den hazkundea nabarmendu du Jorajuriak.

Eskola publikoaren eraikinean plantatu den Ahetzeko ikastola 7 ikasle izatetik 12 ikasle izatera pasatu da. Iaz bere ateak zabaldu zituen Bardozeko Xarnegu ikastola 4 haur izatetik 11 izatera igaro da. Bokaleko ikastolak bikoiztu egin du bere ikasle kopurua eta 10etik 22ra pasa da. Hazkunde handiena, edonola ere, Kaskarotenean gertatu da, 49tik 67 ikasle izatera igaro baita.

Euskarak «denon beharra baduela» nabarmendu ondoren, Larrainen, Barkoxen eta, bereziki, Irisarrin murgiltze eredua garatze aldera emandako urratsa ospatu du Jorajuriak.

Hala ere, «murgiltzearen kontrako hodeitzarrak, momentuz, urrundu baldin baditugu ere, azterketen arloan Gobernuaren azken agintaldian gibelatze onartezinak gertatu direla», salatu du.

Klase orduen %50a askoz jota euskaraz

Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) ordezkariek eta euskal diputatu eta senatariek heldu den irailaren 14an Hezkuntza Ministerioan duten hitzorduari so izanen da Seaska.

«Adostasun handia sortzen duen hizkuntz politikaren bozeramale izanen dira, Parisen, eta konfidantza eginen diegu», azaldu du Jorajuriak, Seaskako ordezkariak ez direla bilkura horretara gonbidatuak izan baieztatuz.

Estatuarekin hitzarmen berriaren negoziaketari heldu aitzin azterketen gaineko auzia konpontzea ezinbesteko urratsa dela ohartarazi du Jorajuriak.

Murgiltze ereduak berme juridikoa behar duela gaineratu du eta iazko abenduan Ikuskaritzak plazaratu zuen zirkularrari iskin eginez ikasturtea hasi baino aste batzuk lehenago gutun kezkagarria jaso zutela Seaskako kolegioetan azaldu du.

Gutun horren bidez klase ordu kopurua aintzat hartuta murgiltze ereduak hau da, euskarak– %50ko langa ezin duela gainditu oroitarazi zuen Bordeleko Akademiako errektoreak.