«Enough is enough», bizitzaren garestitzeari herri erantzun bat
Sindikatu, herri mugimendu, ezkerreko parlamentari eta erreferenteen koalizio aurrerazale batek kanpaina indartsua abiatu du Britainia Handian. Bizitzaren garestitzeak eragin haserrea ekintzetan gauzatzea du xede, korporazioen kodizia ez, baizik herritarren beharrak lehenesteko.
Egunero-egunero aurreikuspen ekonomikoak ilunagoak dira Britainia Handian: urteroko fakturaren kalkulua urtean 3.359 liberakoa izango da urritik aurrera, eta estimazio batzuen arabera 4.266 liberatara iritsiko da urtarrilean. Ingalaterrako Bankuak azken 27 urteetako interes igoera handiena iragarri du. Hainbat txostenen arabera, urte bukaerarako 35 milioi britainiarrek erregaien pobrezia jasango dute. Inflazioa %18ra igo daitekeela esaten da eta soldata errealak, azken mendean inoiz baino azkarrago, gainbeheran daude. Zuzendari exekutiboen soldatak %40 igo ziren 2021ean. Batezbesteko mailako zuzendari exekutiboak pandemia aurretik irabazten zuena baino gehiago irabazten du, batezbesteko mailako langile batek baino 109 aldiz gehiago (2020. urtean 79 aldiz gehiago irabazten zuen).
Herrialdeak ez dio bakarrik bizitzaren garestitzeari aurre egin behar, korporazioen kodiziaren oparoaldi bati ere bai. Bizitza estandarrak zukutzen ari dira, errekorrak hautsiz, non eta aberastasunaren errekor bat duen herrialdean: BP edo Shell bezalako multinazionalek ezin sinetsizko irabaziak iragarri dituzte (50 mila milioi libera); "Sunday Times" egunkariaren Aberatsen Zerrendan inoiz baino milamiliodun gehiago daude. Bien bitartean, Cityko bankarien bonusak 2008ko krisitik hona ezagutu ez den mailara igo dira.
Kapitalismo errentaduna
Hori bilakatu da Britainia Handiko ekonomia. Finantza mailan, higiezinetan, lehengai naturalen erauzketan, teknologia edo azpiegituretan, apustua errenta ateratzea da. Eta hau ez da konpontzen kapitalismo produktibora –ustezko «kapitalismo ona»– bueltatzeko deialdi batekin.
Hau guztia borrokatzeko “Enough is enough” kanpaina antolatu dute sindikatuek, komunitateetako mugimenduek, alderdi laboristako ezkerreko parlamentariek... eta izugarrizko arrakasta lortu da. Lehen egunean bertan, adibidez, 100.000 atxikimendu baino gehiago. Behartutako miseria horri guztiari aurre egitea dute xede, asko direlako eta aurrean dituztenak, gutxiago. Bost eskakizun oso oinarrizkoren inguruan ardaztu da kanpaina: soldaten igoera erreala, energiaren fakturak murriztea, jateko aski izatea, itxurazko etxebizitza guztientzat, eta aberatsei zergak ezartzea. Jendearen beharren gainetik aberatsen kodizia lehenesten dutenei irabazteko kanpaina da, badakitelako establishmentak arazoak konponduko ez dituela, lantoki eta komunitate guztietan antolaturiko herriari dagokiolako zeregin hori. Soldatekin fakturei aurre egin ezin dietenak, gutxiagogatik gehiago lan egiteaz edo herrialdean gertatzen ari denaz nazkatuta dauden guztiak deitu dituzte.
Betikoek sakrifizioak egin, eta betiko beste horiek eskuratzen dutelako saria. Egoera honetan ez dagoelako saihetsezina den ezer. Aukera politikoa baita dena: edo herriaren beharrak edo haien kodizia.