INFO

Irun eta Hendaia arteko mugako kontrolen inguruko mozioa eztabaidatuko du Senatuak

EH Bilduk Irun eta Hendaia arteko mugako kontrolen indartzea salatzeko eta bizi den egoerari irtenbide bat topatzeko mozioa aurkeztu du. Asteazken honetan eztabaidatuko dute, «migrante eta errefuxiatuentzat korridore humanitario seguruak sortzea» eskatuz.

Polizia kontrola Santiago zubian, Hendaia eta Irun artean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Espainiar Senatuak asteazken honetan eztabaidatuko du Irun eta Hendaia arteko mugako kontrolen indartzea salatzeko eta bizi den giza dramari irtenbide bat topatzeko EH Bilduk aurkeztu duen mozioa. «Arrazagatiko kontrolen eta presio polizialaren ugaritzeak migrazio fluxuen tapoi efektu arriskutsu bat sortu du», ohartarazi du EH Bilduk.

Azken urtean Euskal Herrian hildako bederatzi migranteak «ondorio larriena» direla nabarmendu du Idurre Bideguren senatariak. Azkena, iragan ekainaren 18an: Gineatik zetorren 25 urteko gazte bat zendu zen Bidasoa ibaia gurutzatzen ari zela.

Senatuan eztabaidatuko den mozioaren bidez, espainiar Gobernuari Irun eta Hendaia artean bizi den egoeraz «kezka eta konpromiso irmoa» ager dezala eskatu dio EH Bilduk, baita «migrante eta errefuxiatuentzat korridore humanitario seguruak sortzea». Era berean, Madril eta Pariseko instituzioen arteko «lankidetza» eskatu du, «Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren aurkakoak diren edozein motatako arraza, kolore, jatorri edo identitate jokaera baztertzaileak saihesteko».

Koalizio subiranistak gogora ekarri duenez, «azken urteotan, bai Gipuzkoa eta baita Lapurdi ere zonalde garrantzitsu bilakatu dira migrazioari dagokionez, Afrikatik iristen diren pertsonentzat nahitaezko igarobide bihurtu delako». Zentzu horretan, «frantziar Estatuak Europar Batasunaren baitako mugikortasun askerako zonalde batean ezarri duen arrazagatiko kontrol finkoen ondorioz sortutako krisi humanitarioak» bultzatu du EH Bildu mozioa aurkeztera.

Bidegurenek gogora ekarri du neurri hori «balizko alerta terrorista» argudiatuta erabili zutela frantziar erakundeek, eta «pandemiak sortutako osasun egoeraren aitzakiapean, Europar Batasunetik kanpoko herritar guztiei sarbidea debekatu zitzaien». Egun, aldiz, «frantziar Poliziak pertsona arrazializatuei baino ez diela sarbidea ukatzen» nabarmendu du. «Are gehiago, pertsona horiek atzematen dituztenean, mugaz bestaldera itzultzen dituzte berehala, migratzaile eta errefuxiatuei bakarkako asilo prozesu bat jasotzeko dagokien eskubidea ukatuz».

Era berean, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratutako datuen arabera, migratzaileen arretarako baliabideen bidez, 2021ean Irun eta Hendaia artean 8.115 pertsona artatu zituztela eman dute jakitera. «Azken lau urteetako datu altuena da», nabarmendu du EH Bilduk.