INFO

Graduko 35.000 ikaslek hasiko dute ikasturte berria EHUn, %46,5ek gazteleraz

Urte akademikoari hasiera emateko ekitaldia datorren ostegunean egingo da. Ikasleen %53,5ek euskaraz egingo dituzte ikasketak, eta %46,5ek gazteleraz. Campusei erreparatuta, ikasle berrien %53,3 Bizkaiko campusean matrikulatu da, %25,7 Gipuzkoakoan eta %21 Arabakoan.

EHUk Leioan duen campusa. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Graduko ia 35.000 ikaslek egingo dute 2022-2023ko ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eskaintzen dituen 105 graduetakoren bat, eta, graduko matrikula ixteko azken epea falta dela, orain arte 8.316 ikasle berri matrikulatu dira. Urte akademikoari hasiera emateko ekitaldia irailaren 14an egingo da, Bilboko Bizkaia Aretoan, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Eva Ferreira EHUko errektorea buru direla.

EHUk jakinarazi duenez, ikasle berrien %75,73k lortu du plaza lehen aukerako graduan, eta %14,08k bigarren aukerakoan. Ikasle berrien %57 emakumeak dira, eta %43 gizonak. Hizkuntzari dagokionez, %53,5ek euskarako taldeetan egingo ditu graduko ikasketak, eta %46,5ek gaztelaniaz. Campusei erreparatuta, ikasle berrien %53,3 Bizkaiko campusean matrikulatu da, %25,7 Gipuzkoakoan eta %21 Arabakoan. Iaz, %54,4k graduko ikasketak euskarako taldeetan egin zituzten, eta %45,6k gaztelaniaz.

Azken datuen arabera, Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa gradu bikoitzak izan du aurten ere sartzeko notarik altuena: 13,200. Ondoren daude Biokimika eta Biologia Molekularra (12,956), Medikuntza gaztelaniaz (12,904), ‘Double Bachelor's degree in Business and Economics’ (12,845), Medikuntza euskaraz (12,698), Bioteknologia (12,554) eta Ikus-Entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza gradu bikoitza (12,496).

Bestalde, EHUk aurtengo ikasturtean 108 unibertsitate master eskainiko ditu, eta horietako zortzi Erasmus Mundus master bateratuak dira. Halaber, berezko 65 master eta graduondoko izango dira. Azkenik, 2022-2023ko ikasturterako doktoregoen eskaintza zabala 66 programakoa da, eta jakintza adar guztiak biltzen ditu. Izena emateko epea joan zen asteazkenean ireki zen eta zabalik egongo da irailaren 30era arte.

Eva Ferreira EHUko errektoreak adierazi duenez, «ikasturte berri honi aurre egiteko eskaintza sendoa dugu. Eskaintza hori etengabe eguneratzen da, behar berriak kontuan hartuta, eta nazioartekotzearen alde egiten du, baita erakunde, enpresa eta elkarteekiko harremanen alde, prestakuntza dualaren eta kanpoko praktiken bidez».

«Gure unibertsitate ereduak teknologia, gizarte eta kultur aldaketetara egokitzeko gai diren pertsonak sortzen ditu, gaur egun behar bezala lan egiten dakiten pertsonak, etorkizuneko lanpostuetarako prestatzen eta, batez ere, pertsona kultu gisa hezten dakitenak, beren garaiko gakoak deszifratzeko eta kontzientzia kritikoa garatzeko gai direnak», gaineratu du.