INFO

Tradizioaren izenean


Aurten Hondarribiko alardean, bizkar haserre batzuk gorabehera, aparteko erasorik gertatu ez izanak ez du esan nahi egoera bere onera etorri dela, egunkari honen editorialean irakurri nuen bezala; hala ere, editorial berean irakurri nuen bezala, emakumeen bazterketaren aurkako borroka irabazita dago. Denbora kontua da, garaipen hori atzeratzen saiatuko diren arren. Tradizioaren izenean.
 
Burura etorri zitzaizkidan orain aspaldi ez dela Mikel Alvarez Sarriegi “Azken Dantza Maisua” dokumentalaren zuzendariaren hitzak. Tradizioaren barruan diharduen jendeak oso begirada zabala duela zioen, eta jende horrek garbi duela «tradizioa ez bada moldatzen desagertu egiten dela». Hala berean, Jose Maria Bastida “Txapi” txistulari, musikari eta Arabako historiaren eta ohituren ikertzaileak ideia bertsua azpimarratu zidan duela sei urte; tradizioa garaian-garaian egokitu beharra dagoela: «Batzuek ez dute begi onez ikusten, esate baterako, neskek ezpata-dantza edo ‘mutilen’ edozein dantza egitea, tradizioa galtzeko bidea dela argudiatuta. Nik, ordea, oso ondo ikusten dut. Egokitze hori, hain zuzen, tradizioari eusteko modurik onena da».

Hainbat lekutan hala egin  dute, baina Irunen eta Hondarribian desberdin omen da. Jakina, leku guztietan bezala; leku guztiak, egoera guztiak, pertsona guztiak gara desberdinak. Eta hori onartuta, ez ote dugu berdintasunik behar?

Hondarribiko konpainia mistoak, edonola ere, badu tradizioa. 1940an sortu zen konpainia mistoaz ari naiz, “udatiarren konpainia” izenez ezagunagoa den horretaz, alegia. Hondarribi eta Irungo zenbait lagunek eta udatiar batzuek sortu zuten eta betiko alarde ustez ukiezinak betikoa izateari utzi zion.

Baina hango gauzak ulertzeko bertakoa izan behar omen da. Baztango mutil-dantzaren, Lekeitioko kaxarrankaren, Gasteizko blusen inguruan izandako aldaketak ulertzeko ere leku horietakoa izan beharra dago? Baztanen, Lekeition eta Gasteizen badago bere tradizioak egokitu ez izana ulertuko ez lukeen bertako jendea. Baita Hondarribian eta Irunen ere, jakina.