INFO

‘Black is Beltza II. Ainhoa’ Belodromoan ikusteko sarrerak agortu egin dira

Irailaren 23an estreinatuko da Donostiako Belodromoan Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza II. Ainhoa’ filma. Sarrerak dagoeneko agortu egin dira.

'Black is Beltza II: Ainhoa' filmeko fotograma bat. (Hamaika Telebista)

Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza II. Ainhoa’ heldu den irailaren 23an estreinatuko da Donostiako Belodromoan, Zinemaldian, eta bi aste lehenago dagoeneko sarrerak agortu egin dira. Hiru mila zeuden salgai Belodromorako, eta guztiak bukatu dira. 

Egileek jakinarazi dutenez, hala ere, filma ikusi nahi dutenek irailaren 23ko estreinaldian egoteko aukera izango dute, Zinemaldiak ehun sarrera jarriko baititu salgai leihatilan emanaldia baino bi ordu lehenago, hau da, 18.00etatik aurrera, Belodromoko estreinaldietan ohikoa den bezala.

Sarrerarik gabe geratu direnek irailaren 30etik aurrera ikusteko aukera izango dute, orduan estreinatuko baita zinema aretoetan.

‘Black is Beltza II. Ainhoa’ filmaren trailerra joan zen abuztuan kaleratu zuten. Musikak garrantzi handia du joan den mendeko 80. hamarkadan girotuta dagoen Muguruzaren proiektu honetan. Maite Arroitajauregi ‘Mursego’k sortu du filmaren soinu banda originala eta harekin batera beste hainbat artista eta talderen musika ageri da: Kortatu, Redskins, Cicatriz, The Pogues, Benny More, Barricada, Bakht Zamina, Tania Saleh, Brenda Navarrete, Zebda eta Massilia Sound System, besteak beste.

Soinu banda irailaren 16tik aurrera merkaturatuko da CD LP (binilo) bikoitzean, baina GARA eta NAIZeko harpidedunek aurretik eskuratzeko aukera izango dute, eskaintza berezi batekin