INFO

Bosgarren epai judizial irmoa Osakidetzaren aurka, langileen eskubideak urratzeagatik

Osakidetza kontrako hainbat epai jasotzen ari da grebarako eta negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideak urratzeagatik. Satse sindikatuak jakinarazi duenez, azkena bosgarrena da.

Osakidetzako langileak joan den apirilean egindako mobilizazioan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Satse erazainen sindikatuak Osakidetzako Zuzendaritzak «langileei ezartzen dizkien etengabeko inposizioen aurrean», bai lan-baldintzak aldatzerakoan, bai greba-egunetan gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan, hainbat eskari egin ditu azken hilabeteetan. Horren ondorioz, epaitegiek, epai irmo bidez, beste behin ere berretsi dute eskubideen urraketa, oraingo honetan grebarako eskubideari dagokionez.

Sindikatuak gogoratu duenez, Osakidetza zigortu egin zuten pandemia garaian sindikatuekin ez negoziatzeagatik. Ondoren, iazko azaroan, berriz ere kontrako epaia jarri zioten, mahai sektorialean Erizaintzaren sindikatuekin enpleguaren egonkortasunari buruz lortutako akordioak ez errespetatzeagatik, eta 2022ko apirilean osasun-zentroak alde bakarrez isteagatik, 2021eko udan hain zuzen ere.

Satse Euskadik eskatuta emandako azken epai garrantzitsu horrek, gainera, kondenatu egiten du Osakidetza «bere langileei tratu berdina emateko eskubidea urratzeagatik», erizaintzako langileei erreferentzia eginez, eta «erizaintzako langileei ordaintzeko irizpideak ezartzeko negoziazio-aldi bat irekitzera» behartzen du. Erizaintzako sindikatuak oraindik ere eskatzen du gai hori.

Orain, hilabete batzuk geroago, beste bi epai eman dira Osakidetzaren aurka, honako zerbitzu hauetan gehiegizkoak ziren gutxieneko zerbitzuak ezartzeagatik: Endoskopiak, Erradiologia, Eguneko Ospitale Medikoa eta Kirurgikoa, Barrualde-Galdakao ESIen etxeko ospitalizazioa eta Lehen Mailako Arreta. Egoera horrek berretsi egiten du erakunde publikoak bere langileekiko dituen eskubideen urraketa, Satseren ustez.

Bosgarren epaiari dagokionez, epaileak langileen grebarako oinarrizko eskubidea urratzen duela adierazi du, abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituelako. Hauek, gainera, «eragin negatiboa dute grebarako oinarrizko eskubidearen edukian, langileen presio-tresna gisa eraginkorra ez delako eta neurriz kanpokoa delako», erantsi du Satsek.