INFO

Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ filmak estreinaldia izango du Xixongo sail ofizialean

‘Tetuán’, Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarraren hirugarren film luzeak, datorren azaroaren 11tik 19ra Xixonen burutuko den nazioarteko zinemaldian (FICX) lehiaketako sail ofizialean hartuko du parte. Bere aitaren istorioa abiapuntu hartuta, migratzaileen lorratzen atzetik ibili da Fresneda.

‘Tetuán’ filmaren kartela. (NAIZ)

Azaroaren 11tik 19ra egingo da aurten Xixongo Nazioarteko Zinemaldia (FICX) eta sail ofizialean, lehian, euskal filme bat izango da ikusgai: ‘Tetuán’, Iratxe Fresneda zinemagile, irakasle, ikertzaile eta GARA eta NAIZeko kolaboratzaileak 2016an hasitako ‘Errgistroaren Trilogia’ itxiko duen filmea.

Lehenengo ‘Irrintziaren Oihartzunak’ (2016) izan zen; gero, ‘Lurralde Hotzak’ (2018) eta 2022an iritsi da ‘Tetuán’. Filmak, jarraipena ematen dio Fresnedaren lanari, artxiboa, bidaia eta oroimena zeharkatuz. Irina Conca eta Mohamed Iacob bizitzaren abenturari buruzko istorio koral honetako protagonistetako bi dira.

Bizitza errealeko esperientzietan oinarrituta, Iratxe Fresnedak bidaia pertsonal batean eramango gaitu filme honetan. Iraganak eta orainak bat egiten dute ikus-entzunezko esperientzia hunkigarri eta sentsorial batean. Danubioren ertz lasaian hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Saharako basamorturaino jarraitzen ditu dokumentalak lau protagonisten istorioak.

Fresnedaren hitzetan, bere hirugarren ez-fikziozko film luzea «zinemagile gisa dudan rolaren bidez sortzen da. Jakin-min pertsonala, bilaketa partekatua eraikitzeko desira zinematografikoa bihurtu da. Nire familiaren historia, historia kolektibo bihurtu da film honetan».

Zuzendariaren familiaren istorioan sustraitu filme hau ICAAk hautatu zuen Canneseko 2020ko Marché du Filmean espainiar estatuaren zinemaren etorkizun handiko filmen artean. Euskal Herrian, Errumanian, Frantzian, Espainian, Saharako basamortuan eta Marokon filmatu dute 2021eko neguan. Elkarrizketa batean aipatu zuen bezala, iraganeko eta gaur eguneko gazte migratzaileen arteko loturak bilatzen ahalegindu da. 

Gentzane Martinez de Osaba, Iratxe Fresneda eta Oihane Iriartek ekoitzia, talde teknikoan zinemagile bizkaitarraren ohiko kolaboratzaileak daude, hala nola Txelu Medina (‘Irrintziaren Oihartzunak’, ‘Lurralde Hotzak’), Laurent Dufreche eta Raúl López (‘Loreak’, Goya saria ‘Handia’ filmagatik, 2018 ). Alex García de Bikuñak ekoizpena koordinatzeko lanak egin ditu Txelu Medinarekin batera.

Soinu-bandak, Jonay Armas musikari kanariarrak osatuak, Elisa Villotaren eta Jorge Drexlerren lankidetza bereziak izan ditu.

Filmeak ICAA, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrigorriagako Udala, ETB, Kanaldude eta Otxoa de Barandika Fundazioaren laguntza izan du.