INFO

Telesailak zinema jaialdietan?

Donostiako Zinemaldian, azken urteotan, «Antidisturbios», «Patria» edo «Dime quien soy» telesailak estreinatu dira, besteak beste. Gero eta ohikoagoa da zinema jaialdi baten testuinguruan telesailak topatzea, baina formatu hau estreinatzeko habitatik aproposena al da?

Enrique Urbizuren "Gigantes" telesaila Donostian aurkeztu zuten 2018an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

A kategoriako zinema jaialdiak

1932. urtean sortu zen lehen zinema jaialdia, Veneziako Mostra. Geroztik milaka eta milaka jaialdi sortu diren arren, A kategoriakoetan zentratu nahiko nuke bereziki. A kategoriako zinemaldi gisa hautatua izateko hainbat baldintza bete behar dituzte antolatzaileek: epaimahaiaren osaeraren eta filmen hautaketaren kalitatea, jaialdiaren antolaketa, epaimahaia eta prentsa hartzeko instalazio egokiak, zinemaldia egiten den tokiko zinemaren industriari laguntzea eta abar. Munduan baldintza horiek betetzen dituzten hamabost jaialdi topatu ditzakegu: Berlin (Alemania), Cannes (Frantzia), Kairo (Egipto), Goa (India), Karlovy Vary (Txekiar Errepublika), Locarno (Suitza), Mar del Plata (Argentina), Montreal (Kanada), Mosku (Errusia), Shanghai (Txina), Tallinn (Estonia), Tokio (Japonia), Varsovia (Polonia), Venezia (Italia) eta, jakina, Donostiako Zinemaldia.

Sortzaile askorentzat, A kategoriako jaialdi batean hautatua izatea benetako gatazka bilakatu da. Norberaren lanak horietako batean parte hartuz gero, bultzada garrantzitsua izaten da filmaren biziraupena bermatzeko. Sari konkretua eskuratzeaz gain, industriarako funtsezko elementu bihurtu dira, hala nola merkatua, sustapena eta prentsarekin eta publikoarekin harreman zuzena izatea. Eta hori guztia, 2022an gaudela kontuan izanik, eta telesailak geure egunerokoan guztiz txertatu direla, jaialdi hauetan formatu honen presentzia ezinbestekotzat jo dute askok.

Ikus-entzunezkoen bilakaerarekin duten zuzeneko loturaren ondorioz, haiei dagozkien eztabaida guztietan murgilduta egon dira telesailak. Sonatuenak izan dira, berriki, plataformek sortutako tituluak bertan sartu ala ez –Netflix eta Cannes-en arteko afera esaterako–, eta horrekin batera telesailei ateak ireki ala ez. 2014. urtean “P'tit Quinquin” programatu zuten arren, 2017an Cannesek sekulako kolpea eman zuen mahai gainean, David Lynch-en “Twin Peaks”-en azken denboraldia proiektatu baitzuten bertan. Baina ez da bakarra izan, jakina. Sundance entzutetsuan Jane Campionen “Top of the lake” eman zuten, adibidez; Austinen “Penny Dreadful”, “Silicon Valley” eta “Mr Robot”-en lehen atalak; eta Veneziako Mostran Alex de la Iglesiaren “30 monedas”.

Egia da jaialdi erraldoi hauetan telesailen presentziak anekdotikoa izaten jarraitzen duela, ez baitira sail ofizialetan lehiatzen eta publikoaren presentzia ez da hain masiboa izaten –normala, film ugari ikusteko denbora murritza izaten baita eta gainera bat-batean guztira 5 ordutik gora iraun dezaketen sei atal ikustea ez da oso bideragarria–.

Sormen iraultzaren erantzuleak

«Gaur egungo zinema onena, telebistatik dator», zenbat aldiz entzun dugu esaldi hori? Azken urteotan pantaila txikia duin bihurtzen hasiak dira telesailak. Kalitate eskaseko eta exijentzia murritzeko produktu eta saioekin lotu izan da betidanik, baina ikuspegi hori guztiz aldatu da. Lehen “zinemazaleei” buruz hitz egiten genuen soilik, orain “seriezaleak” fenomenoa ere agertu da. Orain urte gutxi telesail bat jaialdi batean ikustea pentsaezina zen, zeharo gutxiesten zen alorra baitzen pantaila txikikoa. Baina zeintzuk izan dira pentsamolde aldaketa horren erantzuleak?

Bada telesailen artean aparteko talde txiki bat, «onak ala txarrak» eztabaidatik harago, telesailen historian eragin berezia izan duena. Arrastoa utzi eta estreinatu ziren unetik klasiko bihurtu ziren. Modu batean, sormen iraultza bat eragin duten ekoizpenak direla esan daiteke.

1990: “Twin Peaks” estreinatu zen urtea. David Lynchen telesail honek trama konplexu eta ausartagoak sortzeko bidea erraztu eta ireki zien beste ekoizpenei. Laura Palmerren hilketa gutxienekoa zen, objektu hegalari ezezagunak zeuden, genero indarkeria, bortxaketak, ustelkeria… “Twin Peaks”-en ausardia horri asko zor dio adibidez, hiru urte geroago estreinatu zen “X-files” zoragarriak. Eta ez trama edo argumentuarengatik soilik: bisualki ere telesail iraultzailea izan zen. Eszena batzuk gogaikarri bihurtzeraino luzatzen ziren eta garai hartan, telesail batean ikusi ez ziren kontzeptu estetikoak loratu zituen.

1999. urtean, “The Soprano’s” erraldoia igortzen hasi ziren. David Chasek eta HBOk telebista mespretxatzen zuen jendeari belarrondoko galanta eman zioten istorio honekin. Fikzio mota honekiko zeuden aurreiritzi negatibo guztiak hankaz gora jarri zituzten eta telesailak beste modu batean ikusten hasi ziren. Telebistan, gaur egun hain normalizatuak dauden antiheroiak jaio ziren. Ikuspuntu berri hau atal konkretu bati esker gertatu zela esan daiteke: bere alabari unibertsitate desberdinak erakusten ari den bitartean, Tonyk bere eskuez tipo bat ito zuenean. «Audientzia galduko dugu!», esan zioten Chase sortzaileari. Hilabete batzuk geroago gidoi onenaren Emmy saria irabazi eta, batez ere, arrasto ezabaezina uzteari esker eredu bilakatu da aipatutako telesaila.

Hortik, 2002. urtera jauzi egin behar dugu, askok historiako telesail onentzat duten “The Wire” aipatzeko. Pertsonaia bereziz eraikitako mosaiko bat, erritmo motelean prestaturikoa baina berezko estilo zoragarriarekin. David Simon gidoigileak frogatu zuen ekoizpenak ez direla zertan izan mundu guztiari gustatzeko modukoak, eta kultuzko telesailen etiketa sortu zen.

Beste bi urteko lehortearen ostean, 2004an “Lost” iritsi zen. Gauza ugari aldatu zituen telesailen munduan, horiekiko kontzeptua eta, batez ere, kontsumitzeko modua. Gure lehen adikzioa izan zen eta masiboki Internet bidez kontsumitzen genuen lehen istorioa bihurtu zen. Asteroko irrika jasanezin hori asetzeko sortu ziren ehunka foro eta webgunetara jotzen genuen.

2007an “Mad Men” zoragarria iritsi zen, eta 2008an, ezinbesteko beste ekoizpen erraldoi bat: “Breaking bad”. Azken urteetako pop kulturaren ikono bihurtu da maisulana. Pertsonaia ahaztezinez eraikitako istorio berdingabea. Azken hamarkadako gidoilariek motibazio eta jokabide ilunez eraikitako pertsonaiak sortzeko erakutsi diguten motibazioa kontuan izanik, Vince Gilliganek guztietan amoralena sortzearen meritua dauka. Walter White (Brian Cranston) pertsonaia sortu zuen, merezimendu osoz ikono kategoria irabazi duena.

2014an, aldiz, “The Leftovers” berezia. Bat-batean munduko biztanleriaren %2 desagertu egin da. Inork ez daki non dauden, zer gertatu den. Hala, maite dituztenak galduta, gainontzeko %98ak egoerari aurre egin beharko dio. Telesail honetara gerturatzeko intentziorik baduzue, hori da argi izan behar duzuen gauza bakarra, berdin diola desagerturiko pertsona horiek non dauden, garrantzitsuena bertan gelditu direnak direlako. Nola birmoldatuko dute bizitza, maite dituzten pertsonak ondoan izan gabe. Premisa horretatik tiraz, telesail hau bitxia bezain erakargarria dela esango nuke, misterioz eta suspensez betea, atal bakoitzetik hainbat eztabaidagai eta irakurketa atera daitezkeena. Mina, bakardadea eta desorientazioa gutxitan landu dira telesail batean hain modu indartsuan.

2014an “True Detective” eta “Fargo”, 2015ean “Better Call Saul”, 2018an “Succession” eta abar.

Telesailen jaialdi espezifikoak?

Baina telesailekiko dugun pertzepzioa nabarmen hobetu den arren, kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da, oraingoz, aipaturiko jaialdi horien oihartzun bera sortuko duen telesailen erreferentziazko jaialdi espezifikorik apenas dagoela. Plataforma digitalak dira izen handi horien tranpolin nagusia –eta agian hori izan beharko litzateke bakarra, ez naiz kontrakoa esaten ari–. Geure inguruan ezagunena Gasteizen egiten den FesTVal izan liteke, baina telebista saioetan zentratzen da batik bat eta ez da apenas nazioarteko proposamenik ikusten. Ez da fikzioetan soilik espezializatutako lehiaketa eta telebista hartzen du bere osotasunean, informazio eta entretenimendu formatuak barne. Euskal Herriko mugetatik harago eta ez oso urrun, Bartzelonako Serielizados Fest edo Frantzian egiten diren Series Mania eta CannesSeries aipatuko nituzke. Azken honek hiru berezitasun nagusi ditu: Cannesen (Frantzian) egiten da, apirilean, eta haren antolaketa diru publikoarekin finantzatzen da hein handi batean. Etorrera honek zuzenean talka egin zuen jada existitzen zen Series Mania jaialdiarekin –azken hau 2010ean sortu zen–. Egoera korapilatsua sortu zen bien artean, eta Lille-ra mugitu behar izan zuten.

Jaialdi espezifikoak sortzeaz gain, oraingoz irekita dagoen bide bakarra zinema jaialdi handien barruko programazio zabalean txertatzea da. Baina hauek kontsumitzeko dugun moduagatik, eta batez ere jaialdi hauetan izaten duten trataeragatik –atal bat bakarrik bistaratzeari ez diot zentzurik ikusten, adibidez–, formula honi ez diot etorkizun handiegirik ikusten. Austineko SXSW-k egiten duten moduan, une honetan erdibideko formularik aproposena jaialdi hauetan sail berezi bat sortzea izango litzateke. Donostian Sail Ofiziala, Perlak edo Zinemira sailak dauden moduan, Telesailak saila sortzea, adibidez.

Dena den, gustatu ala ez, sentsazioa daukat telesailen joko zelaia plataforma digitalak eta telebista direla. Badirudi jaialdietan sartzeko ahalegin hori ez dela oso naturala izaten ari, eta pentsatu beharko genuke agian geure etxeko sofan kontsumitzeko sortuak izan direla eta ez zinemaldi baten testuinguruan.