INFO

Mondragon Unibertsitateak graduko 1.700 ikasle berri ditu aurten, iaz baino %9 gehiago

Aurten, Mondragon Unibertsitateak 6.700 ikasle baino gehiago izango ditu ikasketa ofizialetan matrikulatuta eta, horietatik, 2.200 berriak izango dira. Ikasle berri horietatik, 1.700 graduko ikasle berriak izango dira, aurreko ikasturtean baino %9 gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan.

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa, kurtso hasierako ekitaldian. (MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

Mondragon Unibertsitateak ostiral honetan egin du 2022-2023 ikasturte akademikoari hasiera emateko ekitaldi ofiziala Bilbao AS Fabrik campusean. «Mugarri bikoitza» da hori; alde batetik, Bizkaian lehen aldiz egiten delako, eta, bestetik, aurten unibertsitateak 25. urteurrena ospatzen duelako.

Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera ofiziala ikasturteari. Lehendakariaren aurretik, honako hauek hitz egin dute: Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak, 2021-2022 ikasturteko txosten akademikoa aurkezteko; Jose Maria Canales Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasle eta ikertzaileak, hidrogenoak energia gisa dituen abantailei buruzko irekitze hitzaldia eman duenak, eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak; azken honek izan du ikasturteari hasiera emateko hitzaldiaren ardura.

Ikasturte honetan, Mondragon Unibertsitateak 18 titulazio berri ditu (horietako 11 dualak), bere ezagutza arlo guztietakoak: ingeniaritza, enpresa kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, humanitateak, kooperatibismoa eta gastronomia. Gainera, 19 unibertsitate master ditu, horietako 7 dualak.

Ikasturte osoan titulu propioetan matrikulatutako ikasleen kopuruari buruzko daturik ezean, unibertsitateak 6.700 ikasle baino gehiago ditu ikasketa ofizialetan (gradu, master eta doktoretza ikastaroetan) matrikulatuta, eta, horietatik, 2.200 berriak dira. Zehazki, ikasle berri horietatik, 1.700 graduko ikasle berriak dira; hots, aurreko ikasturtean baino %9 gehiago EAEko campusetan.

25 urteko «konpromiso soziala»

Mondragon Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duenez, ikasturte berri bakoitzak berretsi egiten du unibertsitateak goi-mailako hezkuntzarekin, ikasleekin eta gizartearekin duen konpromisoa.

«Konpromiso berritzailea», unibertsitatearen beraren metodologian oinarritua eta hiru ardatzetan finkatua. Hona hemen ardatzok: «Ezagutza sortzea, ikerketaren bidez; ezagutza hori ikasleei transferitzea, eta, ondoren, ezagutza hori enpresekin eta ekonomiarekin partekatzea, inpaktu sozioekonomikoa lortze aldera».

«Eta irakaskuntzaren edo ezagutzaren transferentziaren gainetik, unibertsitatearen gizarte eginkizuna dago. Gure unibertsitate kooperatiboaren zeregin nagusia gizartea eraldatzea da, desberdinkeria gutxiagoko gizarte bat eraikitzea. Eta, ildo horretan, ezagutza eta hezkuntza dira desberdinkeriei aurre egiteko armarik indartsuenak», azaldu du errektoreak.

Atxak ardatz hauek izan ditu bere hitzaldiaren oinarri: «Ikerketa, irakaskuntza, transferentzia eta Mondragon Unibertsitatearen eginkizun soziala». Zentzu osoa du eginkizun horrek, unibertsitatea euskal gizarteari zuzendutako zerbitzu publikoa den aldetik; izan ere, Euskal Unibertsitate Sistemak gizarteari lagundu behar dio: «Unibertsitate kooperatiboa gara, irabazi asmorik gabekoa, onura publikokoa eta guztiz praktikoa. Hartan, zutabe horiek gure hezkuntza ereduan finkatu ditugu, ikerketa praktikotasunean dago oinarrituta, ikasleak ikastetxean bertan daude, prestakuntza duala dugu 11 titulaziotan –aitzindariak gara horretan–, eta sortutako azken eskaintza akademikoa enpresen beharretara egokitzen da».