Hondarribia nagusitu da Bermeon eta Portugaleteko erlojupekoan erabakiko da liga
Hondarribia nagusitu da Bermeoko XL. Banderan eta liga gori-gori jarri du, Urdaibairi puntu bat janda. Hala, igandean, Portugaleten, erabakiko da liga irabazlea. Play-offak ere jokatu dira Bermeoko uretan eta Tolosaldeak zein Lekittarrak lehen kolpea eman dute.
Bermeok larunbat honetan jaso ditu Euskotren eta Eusko Label ligako play-offak, bai eta gizonezkoen txapelketaren azken aurreko jardunaldia ere. Eta kasik ezinezkoa da emozio gehiago bizitzea. Oso lehia estua eskaini dute Hondarribia zein Urdaibaik eta azkenean gipuzkoarrek beste puntu bat jan eta oso bizirik iristen dira azken jardunaldira.
Oraindik ere bermeotarrek daukate abantaila –bi puntukoa– baina Portugaleteko ibaian jokatuko den erlojupekoan edozer gerta daiteke eta beraz, liga gori-gori dagoela iristen da azken estropadara. Gainera, larunbat honetan eskaini duten borroka eskaintzen badute, emozioa ere azkeneraino izango da.
Izan ere, Bermeoko uretan Hondarribia indartsu hasi den arren, etxekoek, atzetik aurrera egin, eta bigarren luzerako aurretik jartzea lortu dute. Bost segunduko aldea jan du "Bou Bizkaiak" eta lehen ziabogan hirugarren egitetik, bigarrengoan lehena izatera pasa da.
Azken luzea erabakiorra izan da. Parez pare joan dira eta epailea tartean sartu behar izan da. Epailearen ohartarazpenaren ondotik, gipuzkoarrek aurrea hartu dute eta lehen helmugaratu da. Donostiarra izan da hirugarrena.
Zierbenak eraman du lehen txanda eta azkenerako, laugarren postuan bukatu du Bermeoko estropada, ohorezko txandan aritu den Oriok baino denbora hobea eginda –Getariak ere hobetu du oriotarren denbora–. Hala, galipoek Kaikuren seigarren postua eskuratu dute sailkapen orokorrean.
Tolosaldea, Lekittarra eta Samertolameuren urratsa
Emozio gutxi bizi izan da emakumezkoen estropadan. Azkenean Tiran zuzenean igo da gorengo-mailara –Galiziako Chapela klubak uko egin baitzion igoerari– eta beraz, soilik bi ontzi lehiatu dira play-offean: Tolosaldea eta Deustu. Aurreikuspen guztiak beteta, gipuzkoarrak nagusi izan dira lehen jardunaldian, erlojupekoan lehiatutakoan, eta igandeko estropada erabakigarrirako 16 segundoko alde ederrarekin iristen da Ramon Erostarbek zuzendutako taldea.
Maialen Amondarain patroi gaztearen aldeko hautua egin du gaurkoan Erostarbek eta ziabogan olatuek apur bat kanpo aldera eraman badu ere, tolosarrek ez dute inoiz aurpegirik galdu. Azkenerako, kasik 17 segundoko aldea atera dio Deusturi. Kasu honetan argi geratu da oraindik ere urrats bat badagoela Euskotren ligako azkena eta ETE ligako hirugarrenaren artean.
Gizonezkoetan ere TKE ligan aritu den Lekittarrak kolpe ederra eman du. Sentsazio eskasekin bukatu zuen denboraldia ontzi bizkaitarrak, azkenean jaitsiera saihesteko play-offa jokatzera behartuta. San Pedro eta Pedreña, KAE1 ligako lehen eta bigarren sailkatua indartsu iristen ziren Bermeoko hitzordura baina ezin izan dute Lekittarraren erritmo indartsuaren aurrean ezer egin. Are gehiago, gipuzkoarren kasuan lehen estropadan olatuaren hauspoak kanpora eraman die eta hor denbora asko galdu dute.
Are gehiago, bigarren posturako lehia bi ontzi galiziarren artean egon da, Bueu eta Samertolameu, alegia. Azkenerako, Samertolameu izan da bigarrena –play-offetako bi ontzi onenak jokatuko dute hurrengo urtean gorengo mailan–, Isuntzakoak baino 16 segundo gehiago behar izanda. Alegia, Osertz Aldayk gidatzen duen taldeak sekulako erakustaldia eman duela Bermeoko uretan eta Portugaleteko estropada erabakigarrirako urrats galanta eman duela.
Bost puntu batu ditu Lekittarrak eta horrez gain, sekulako denbora egin dute –berdinketa baten kasuan bi estropadetako denborak hartuko dira kontuan–: 20:59.78. Dena dela, Iñaki Goikoetxea patroi lekeitiarrak adierazi duen moduan, «oraindik lan erdiak egin ditugu». «Edonork nahiko luke gure egoeran egon baina bihar gaur bezala atera behar gara», ohartarazi du ETBko kameren aurrean.
Portugaleteko errekan lehiatuko da igandeko estropada eta Goikoetxeak onartu du beraiek itsasoan hobeto moldatzen direla. Nolanahi ere, «gaurko estropadak ematen duen moralarekin» ureratuko dira lanak errematatu asmoz.
Euskotren ligako play-offa, 1. jardunaldia
1. Tolosaldea 11:27.24 - 2 puntu
2. Deustu 11:44.08 - puntu 1
Eusko label ligako play-offa, 1. jardunaldia
1. Lekittarra 20:59.78 - 5 puntu
2. Samertolameu 21:15.94 - 4 puntu
3. Bueu 21:18.58 - 3 puntu
4. San Pedro 21:26.08 - 2 puntu
5. Pedreña 21:26.98 - puntu 1