INFO

Pentsiodunek galdutako eros ahalmena berdintzeko ordainsaria galdegin dute abendurako

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak abenduan ordainsaria jasotzea aldarrikatu du urtean zehar galdutako eros ahalmena berdintzeko. Horrekin batera, datorren astelehenean, irailaren 26an, elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri dute, banketxeen aurrean izango dira «zerbitzuen murrizketak» salatzeko.

Pentsionistak gaur Donostian egin duten mobilizazioan. (PENTSIONISTAK ALDE ZAHARRA)

Pentsio duinak aldarrikatu ditu Pentsiodunen Mugimenduak 2018az geroztik astelehenero. Astelehen honetan, konpentsazioko ordainsaria eskatzearekin batera, azaldu dute pentsioentzat egungo arrisku larriena aberastasunaren banaketa desorekatuagatik eros ahalmena gutxitu izana dela. Prezioen igoera «esponentziala» gertatzen ari den bitartean, «energiaren oligopolioa eta banketxeak irabazi errekorrak» dituztela salatu dute.

Hartutako neurriak ez direla aski esan dute: «Kontrolerako neurri zehatzak hartzen ari dira, positiboak izan daitezkeenak, baina neurri puntual hauez gain beharrezkoa da soldatek eta pentsioek galdutako eros ahalmena errekuperatzea, eta KPI errealaren arabera berriro baloratzea».

KPIaren errebalorazioari lotuta 2013ko erreforman jasotako irizpideetara itzultzea eskatu dute. «2021eko pentsioen azken erreformarekin gure erosmen ahalmenaren %3a galdu genuen, eta aurreikuspena da urte honetan %8a galtzera iristea». Horregatik eskatu dute abenduan honetan 2022an galdutakoa konpentsatzea, %2,5aren eta urte amaierako KPIaren arteko diferentzia ordaintzea.

Banketxetako zerbitzuen murrizketak salatu dituzte: «Sukurtsalen eta kutxazainen itxierak, ordutegien murrizketak, eta komisioen gehiegizko igoera». Gogorarazi dute azken hilabeteetan gaiari lotuta hainbat udaletxetan mozioak sartu dituztela, eta irailaren 26an aurkeztuko dituztela jasotako babesarekin batera, banketxeetako arduradun eta Eudeleko zein aldundietako arduradun instituzionalen aurrean.