INFO
Entrevista
Kima Arzuaga eta Jon Mikel Fernandez
‘Bi arnas’ dokumentalaren produktorea eta zuzendaria

«Torturatu baten amarengan zauria nolakoa den ikusten da»

Iratxe Sorzabal preso da, baina ez mutu. Tortura frogatuta dago, baina ez onartuta. Zauria irekita dago, baina Zinemaldian ikusaraziko da behintzat, ‘Bi arnas’ dokumentalaren eskutik. Hutsetik abiatuta edukiez osatzen eta apaltasunetik artez hornitzen joan den lana da. Ostegun honetan aurkeztuko da.

Kima Arzuaga eta Jon Mikel Fernandez Elorz, pelikularen kartelari eusten, Kursaal aurrean. (Gorka Rubio | Foku)

 

Este navegador no soporta el elemento video.

 

Torturari buruzko bi lan daude Zinemaldi honetan. ‘Karpeta urdinak’ filmak osotasunean begiratzen dio; zuenak kasu bati erreparatzen dio, Iratxe Sorzabalenari.

Kima Arzuaga: Pozgarria da Zinemaldiak horrelako gai zail bati, oraindik tabua denari, ateak ireki izana. Eta ez dira bakarrik ‘Karpeta urdinak’ eta ‘Bi arnas’, azken urteotan hor daude ere ‘Tipularen sehaska kanta’, ‘Bolante baten istorioa’...

Ni Iratxeren laguna naiz eta Espainiaratu behar zutenean zerbait egiteko ideia genuen, baina inolako esperientziarik ez. Master expres bat izan da hau. Dirua biltzen hasi ginen, bertigoa sortu zitzaigun... baina orain Zinemaldian gaude eta hemendik aurrera ere joango gara, hau ez da hemen bukatzen. Iratxeren kasua aitzakia bat da neurri batean; tortura bere zabaltasunean zabaltzen ari gara.

Jon Mikel Fernandez Elorz: Tortura salatzeko beste bide bat da zinema. Guztiak dira beharrezkoak. Kulturak, arteak, zinemak... beste sentsibilitate bat dute eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen dute.

Arazo bat aurreikus zitekeen: protagonista espetxean da. Baina bere lekukotasuna jaso duzue, eta hiru modutan gainera, hiru modu potente.

J.M.F: Egin ahala ate berriak irekitzen joan dira, hau da lanaren berezitasunetako bat. Mari Nievesek (Mari Nieves Diez, Sorzabalen ama) eta Iratxek ekarpenak egin dituzte. Bat-batean heldu zitzaigun Iratxek egindako antzezlan pieza bat; dokumentalaren azken fasean grabatu genuen oso gogorra den Auzitegi Nazionalean emandako testigantza; eta azken fasean heldu zitzaigun ere 2001ean grabatutako elkarrizketa esklusiba hori. Grabatu zuen pertsonak gure dokumentalaren berri izan zuen eta gurekin harremanetan jarri zen.

 

Este navegador no soporta el elemento video.

 

Este navegador no soporta el elemento video.

K.A: Hiru gauza horiek ez genituen hasieran, beste bide batetik ari ginen eta bidean agertzen joan dira.

J.M.F: Guk nolabait istorio honi lurreratze pista bat eskaini diogu, eta hor gauzak bata bestearen atzetik etorri dira. Grabazioan Mari Nievesi jarri genion Iratxeren audioa, espetxetik egina. Oso une hunkigarria izan zen, hor lehenbiziko aldiz bere ahotan entzun zuelako torturak alabari eragindako mina eta zauria, eta horren harira amak erabaki zuen eskutitza idaztea. Lan korala izan da.

Bereziki gogorra da honen testigantza, ama delako eta esaten dituen gauzengatik ere: ikuspegi ezkor, edo errealista, hori...

J.M.F: Bai. Dokumentalaren gauzarik delikatuena izan da. Bereziki zaindu behar izan dugu, baina bere erantzuna paregabea izan da, hasieratik. Baiezkoa eman zigun, konfiantza osoa eman digu, eta alde humano hori jartzen du, torturaren biktima bakarra ez dela torturatua, bere ingurua baizik, adieraziz. Torturatu baten amarengan ere torturaren zauria nolakoa den ikusten da.

K.A: Ama babestea zen Iratxeren kezka nagusia, publikoki gehiegi ez agerraraztea... Baina Mari Nievesek dena gainditu du.

Urtarrilean jakinarazi zenuten egitasmo hau eta otsailean agindu zuen Auzitegi Nazionalak torturak ez zituela onartzen («no queda plenamente acreditada»). Une horretan zer sentitu zenuten? Alferrik ari zinetela edo kontrakoa, salatzeko gogo gehiago?

K.A: Denetik pixka bat. Iratxek epai hori espero zuen, oso argi zuen.

J.M.F: Nik ez nuen besterik espero, baina mingarria izan zen. Hala ere, espero dezagun dokumental honek, ‘Karpeta urdinak’ eta abar epe labur edo ertain batean egoerari buelta emateko hondar aletxo bat izatea.

Denbora motel dabil honetan. Marka horiek edonorentzat ikusgai dira duela 21 urte. Beste 21 urte itxoin beharko ditugu gertatutakoa onartua izateko?

J.M.F: Azkarrago izatea nahiko genuke. Dokumentalean Paco Etxeberriak hitz egiten du, bera da Eusko Jaurlaritzaren txostenaren ordezkaria nolabait, eta berak esaten du Iratxeren kasua mundu zientikoan frogatuta dagoela; zeharka bada ere honetan Lakuaren ahotsa dela esango nuke. Hortaz, oso larria da Auzitegi Nazionalak esandakoa, nik ez dakit prebarikazioa edo zer ote den... Denborak jarriko du bakoitza bere tokian.

K.A: Europan dago abokatuen itxaropen bakarra une honetan, baina urte batzuk pasatu beharko dira.

Itsasoa etengabe ikusi eta entzuten da dokumentalean. Zergatik itsasoa?

K.A: Kostako jendea gara Jonmi eta biok. Itsasoa asko maite dugu eta badakigu Iratxek ere asko maite eta asko botatzen duela faltan.

J.M.F: Metafora bat genuen hasieratik, arnasarena, bi arnas horiena. Torturaren itolarri hori urarekin, itsasoarekin, lotzen da. Itsasoaren gogortasuna, olatuak harkaitzen kontra jotzea... arnas falta horren metafora badira. Eta bitxia da; Iratxeri ez genion hau esan, baina espetxetik audioa bidali zigunean itsasoaren metafora aipatzen du berak ere. Denak enkajatu du ia nahi gabe, izarrak lerratu izan balira bezala.

Lan amateurra izateko, maila artistiko polita lortu duzue. Zinemaldiaren langa politikoa eta langa artistikoa gainditzeko adinakoa...

J.M.F: Profesional askoren laguntza izan dugu. Kima eta biok amateurrak gara, bai, baina kamera atzean zeudenak ez, muntaketa lanetan ari zirenak ere profesionalak dira. Arlo tekniko eta artistikoan jende askok eman digu laguntza eta horri esker da emaitza. Eneritz Furiyaken musikak pilo bat janzten du dokumentala, niretzat agian gauzarik onena da.

K.A: Nekaneren [Txapartegi] ekarpena ere nabarmenduko nuke. Oso potentea da. Modu pertsonalean ireki da, asko inplikatu da, emakume bezala jasandako tortura oso ondo islatu du, eta hor daude ere bi arnasak, berea eta bere alabarena, Iratxe eta amarena bezala.

Nik ere zarata gehiago espero nuen. Ez dakit indiferentzia den, zauri horrekiko indiferentzia alegia, edo errealitate hau ezin dutela ukatu

Zenbateraino ezagutu ahal izan du lana Iratxe Sorzabalek? Ikusi al du?

K.A: Maiatzaren 22an Irunen estreinatu genuenean, eta ordu berean, ikusi zuen. Horrela nahi izan zuen berak. Aurretik ez zuen ikusi, konfiantza osoa eman zigun. Gogorra egin zitzaion, bere amak esandakoak entzun gabe zituen ordura arte. Gero berriro ikusi du, jada beste modu batez, eta gustura dago.

J.M.F: Bide batez, beste helburu txiki bat lortu dugu, humanoagoa: Iratxe eta Mari Nievesen arteko hitzaldi hori sortzea. Prozesuak berak sortu du elkarrizketa.

Kontrako haizea nabaritu duzue torturaren negazionisten aldetik?

K.A: Oso gutxi, Irunen Covitek zerbait esan zuen, PPk ere... Baina nik gehiago espero nuen. Normalizazio batean sartu gara agian?

J.M.F: Nik ere zarata gehiago espero nuen. Ez dakit indiferentzia den, zauri horrekiko indiferentzia alegia, edo errealitate hau ezin dutela ukatu.

K.A: Hala ere, zenbait hedabideren aldetik hau oraindik tabua dela sumatu dut nik. Sosak eskatuz joan garenean, ez digute inolako laguntzarik eman. Hemengo telebista publikoan dirutza kobratu nahi izan digute protagonistari dagozkion artxibo-irudiak erabiltzeagatik.

J.M.F: Eta gurea irabazi asmorik gabeko proiektua da, giza eskubideen aldekoa. EiTBren jarrera erabat salagarria dela uste dut.

Aurrerantzean zer?

K.A: Ate asko irekiko dizkigu honek. Beste proiekzio bat emango dio lanari. Urrian Alemanian emanaldi batzuk izango ditugu, Suitzan ere... Sei hizkuntzatan azpitituluak dauzkagu. Bagoaz...