INFO

Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa: Norvegiako dilema eta paradoxak

Norvegia aberatsa da, aurreratua, hainbatentzat eredugarria. Eta Ukrainako gerrarekin are aberastu egin da, irabaziak hirukoiztuta. Horrek dilemak planteatu eta salaketak ugaritu ditu. Baina Norvegia epaitzerakoan errazkerietara ez da jo behar.

NorvegiaBAT (Getty)

Norvegia modan dagoela esatea askotxo izan daiteke, baina bolo-bolo dabilela ezin da ukatu. Ez bakarrik Euskal Herrian, Aramaion, Eskoriatzan, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen Statkraft Norvegiako enpresa publikoak eraiki nahi dituen bi zentral eolikoen egitasmo «berritzaile» horregatik. Europa osoak begiratzen dio, datorren miseriazko neguari begira salbamendu taula delakoan. Haserre samar begiratzen diotenak ere badira: Ukrainako gerrarekin mozkinak biderkatu dituelako, itsulapikoa diruz ezin kabituta daukalako. Bere paradoxa eta hipokrisiak nabarmentzen dituztenak ez dira falta. Gerrarekin aberastea ez dela zilegi, urre beltzarekin eta iraultza berdean bietan jarrai ez dagoela bidea egiterik, dirua partitu behar duela, prezioak jaitsi... denetarik.

Ezjakintasuna nagusi da herrialdeari egiten zaion epaiketa mediatikoan. Norvegiak lagunkoi, demokratiko eta fidagarria izaten jarraitu nahi badu, petrolioaren ekoizpena maximizatu eta azken gas molekularaino Errusia ordezkatzea eskatzen zaio. Baina prezioak disparatuta daudenez, eta irabaziak biderkatu dituenez, eskaerak ere biderkatu zaizkio: irabaziekin Ukraina berreraikitzeko Marshall Plan bat finantziatu behar duela edota, Europa salbatzeko, nabarmen jaitsi behar duela gas naturalaren prezioa. Interesatzen zaio Norvegiari Europa pobretu bat? Trumpen “America first” haren haritik “Norway first” politika bati ekiteko tentazioa izan lezake? Ikuskizun dago.

Jendaurrean, Norvegiak prezioak normalizatu behar direla dio eta energia merkatutik distortsio guztiak aldendu behar direla. Hartu behar diren neurriak eztabaidatu eta obratzeko prest dagoela. Baina norvegiarrentzat, oro har, dirua egitea eta prezioen igoera ez dira kezkarako motiboa. Krisia urrutiko kontua da haientzat. Ekonomia indartsua dute, langabezia tasa irrigarria, zerutik eroritako irabaziak Jainkoaren oparia direla pentsatzen dutenak ere badaude. Baina, bai: lagundu, asko lagun dezake, hemen eta han, denean.

Bere oparotasunak misterioa du Norvegiaren aberastasuna azaltzeko ezin da errazkeriara jo: Ipar Itsasoan petrolioa aurkituta loteria egokitu zitzaiola, alegia; sari potoloa, gainera. Ez da egia. Petrolioa aurkitu baino lehen, munduko herrialde aberatsenen artean zegoen. Nola izan zen posible, baina? Historian zehar, aberastasuna eta oparotasuna lur emankor eta klima onuragarriekin egon da ia guztiz lotuta. Horrela sortu ziren lehen zibilizazioak, Nilo ibaiaren inguruan (Egipto), Tigris eta Eufrates ibaien bueltan (Babilonia), Yangtze ibaian (Txina) edo Ganges ibaian (India): lur oparoak eta nekazaritzarako aproposak zituztelako. Hala, hiri handiei eutsi zekiekeen, eta hiri horietan espezializazio eta burokraziaren, ofizioen eta zientzia eta literatura aurreratuen garapena eman zen.

Norvegiak dena kontra zuen: populazio urria eta oso sakabanatua; lur geruza mehe eta pobrea; mendi eta bailara asko landatzeko lur eskasekin; herrialdearen lur gehien 60 gradu iparraldean daude, Alaskaren latitude berean, eta horrek, nekazaritzan, hazkunde sasoi motzagoa esan nahi du. Garia, alea edo patata ereiteko ez zen lekurik aproposena. Bazituzten ardiak, elur-oreinak eta beste, baina ez zuen Herbehereek egin zutena egiterik: gazta esportatzaile handi bilakatzea.

Arrantza, egurgintza eta meatzaritza izan ziren gakoak. Aktibitate horiek neguan egin zitezkeen. Eta basorik ez zuten Herbehereak mundu mailako itsas merkataritzaren potentzia bilakatu ahala, gero eta egur gehiago behar zuten. Norvegiak eman zion hori inperio laranjari. Egur esportatzaile goren bilakatu zen. Bigarren aktibitate ekonomikoa arrantza zuen: sikatu eta gazitu zitekeen arraina saltzea. Eta beste herrialde batzuek baino meatze gehiago izan ez arren, egurra lepo izatean, metalen galdaketan puntako herrialde bilakatu zen.

Nekazaritzarako ez bezala, mendiak eta fiordoak izatea egurraren garraiorako abantaila handia zen. Trenbideak nagusitu baino lehen, itsasoko garraioa jaun eta jabe zen, eta aditu ziren horretan norvegiarrak. Itsasoa izaeran daraman herrialdea da, itsasokoa, bikingoen garaitik eta lehenagotik ere, arabiarrekin edo inuitekin merkataritzan ziharduena. Fiordoak ez dira izozten, eta izotzik gabeko portuek herbeheretar eta britainiarrekiko merkataritza asko lagundu zuten. Zerra mekanizatuak ekarri zituzten Herbehereetatik beren zerrategietara, itsas garraioan per capita tona-kopuruan lehen postuan kokatu ziren, eta norvegiar marinelen jakinduria eta abileziak oso preziatuak ziren.

Kultura kooperatibo indartsua Herrialde anglo-saxoietan ez bezala, non elite kapitalista aberats batek mendean zuen bizitza ekonomikoa, praktika kooperatibo eta sozialistak –Eskandinaviako jatorrizko sozialdemokraziarenak– gailendu ziren Norvegian. Adibidez, bankuen sektorean, aurrezki kutxa kooperatiboak ziren nagusi. Nekazaritzan ere gauza bera. Etxebizitzak eta linea telefonikoak auzolanean –’dugnad’ hitza, on komunerako batzea, oso inportantea da beren kulturan– eraiki zituzten. Esku-hartze publikoak sinergia interesgarriak sortu zituen. Konfiantzan eraikitako aseguru kooperatibek, lehiakideekin alderatuta, aseguru merkeagoak ematen zizkieten norvegiar itsasontziei; horrekin, eta primerako marinelekin, aise aurreratu zituen gainerako herrialdeak itsasoan.

Sinergiak izan ziren gako. Ontziolak eraiki zituzten kostalde osoan, eta horrek makinen industria sendo bat sortzen lagundu zuen. XVIII. mende hasieran, planta hidroelektrikoen eztanda iritsi zen, eta ontzioletako esperientziak lagungarri izan ziren, adibidez, turbinetarako. Makinaren industriak nekazaritza mailan ere eragina izan zuen, tresna hobeekin eta garairako oso aurreratuekin aritzen baitziren. Edo, adibidez, irakaskuntzan. Norvegian ez zen Oxford edo Cambridge bezalako unibertsitate elitistarik, baina derrigorrezko eskola publikoa britainiarrek baino 150 urte lehenago ezarri zuten. Osasungintza ez zen ekimen filantropiko pribatuek bultzaturikoa. Ez: esku-hartze publikoa lehenetsi zen, konpainia gehienak estatuarenak izatea, ekimen pribatuari leku eginez, bai, praktika onei, ideia eta konexio berriei ateak irekiz ere bai, baina jabetza publikoa bermatuz.

Eta berdin 1970eko hamarkadan petrolioaren eztanda gertatu zenean. Statoil zegoen oinarrian, gobernuaren konpainia. Finean, instalazio hidroelektrikoekin garatu zen kultura zabaldu zen petrolioaren industriara: baliabide naturalak ezin direla jabetza pribatu izan, ondasun kolektibo direla, nazio ondare. Ekimen pribatuari ateak itxi gabe, baina lizentziak ematerakoan gauzak garbi: bertako makineria, bertakoentzako energia eta azpiegiturak, irabaziak herriarentzat. Nolabaiteko abertzaletasun ekonomiko bat zen, “salbuespen eskandinaviarra” ere deitu diotena.  

Klima hipokrisia? Kontzientzia ekologikoa handia dago. Basoan edo kostaldean dauzkaten “hytter” izeneko txabola minimalistetan denbora pasatzea ohikoa da norvegiarrentzat. Plastikozko botilen %97 birziklatzen dute. Bizikletan, garraio publikoan eta auto elektrikoetan mugitzen dira; iaz salduriko autoen %54 elektrikoa zen eta 2025erako denak izatea erabaki da. Are, 2040rako herrialde barneko hegaldi guztiak hegazkin elektrikoetan egingo dira. Broma gutxi. Elektrizitatea maite dute, eta horretan ez dago sorpresarik. Ekoizpen hidroelektrikoan potentzia bat dira: Errusiaren atzetik, Europan handiena. Baina maite dituzte petrolioa eta gasa ere.

Urre beltzarekin aberasten den herrialdea ibil al daiteke hanka bat erregai fosiletan eta bestea energia berriztagarrietan duela? «Iraultza berdeaz» hitz egiten da hango komunikabideetan, baina politika mailan, Suedian, Danimarkan edo Alemanian ez bezala, Berdeek eserleku bakarra dute Parlamentuan. «Klima hipokritak» eta halako perlak egotzi dizkiete, baina norvegiarrentzat besteen jeloskorkeria ezkutatu ezin duten inbidia da.

Eta kritikak ezeztatuko dizkizute. Gasa ezinbestekoa dela epe ertainean karbono emisioak murrizteko, energia iturri fidagarriak izateko berriztagarrien ekoizpen aldakorraren aurrean. Petrolioarekin lortutako irabaziak karbonoa harrapatu eta biltegiratzeko eta hidrogenoa edo itsasoko haize-errotak finantziatzeko erabiltzen direla. Gauzak diren bezala: petrolioak Norvegiaren patuaren parte izaten jarraitzen du. Eta petrolio gehiagoren bila, Artikoan zulaketak egiteari argi berdea eman dio Auzitegi Gorenak, aldarrikapen ekologista historikoari zaplaztekoa emanez.

Dilema moralak. Norvegiaren dilemak ez dira hor bukatzen. Luxenburgo kenduta, Europan aberatsena da. Per capita munduko hirugarren Barne Produktu Gordin handiena du, 99.000 dolarrekoa. Auzokide dituen Suediak 57.000koa eta Danimarkak 68.000koa dituzte; Euskal Herrian ez da 35.000ra iristen. Norvegiak munduko petrolioaren %2 ekoizten du eta Europako gasaren %25 inguru hornitzen du; Errusiaren ondoren bigarren hornitzailea da. Irabaziak, esan bezala, estatuaren funts subiranora doaz, ekonomiaren gorabeheren aurka herrialdearen ezkutu moduan: gaurko eta biharko belaunaldien aldeko finantza tresna eta epe luzeko aurrezki plana. Funtsean, itsulapiko erraldoi batera, munduko beste 9.000 konpainiatan inbertituz are diru gehiago irabazteko.

Baina mugak daude, ezin da edozein modutan dirua gastatu, konpromiso batzuk bete behar dira, hala nola urtero funtsaren %3 baino gehiago ez gastatzearena. 1.037 bilioi euroko balioa du: gastu publikoan erabiltzeko alimaleko dirutza da hori. Gobernuak ez du zorpetu edo zerbitzu publikoetan murrizketarik egin beharrik. Baina paradoxa hor da. Ukrainako gerrak azalarazitakoa. Errusiatik gas gutxiago inportatzean, Norvegiako esportazioen irabaziek marka guztiak hautsi dituzte, hirukoizteraino. Gerra harrapakin forma bat den heinean, desatsegina da kontua, ezin iskin egitekoa. Justua da? Lotsagarria? “Ongiaren aldeko indar” izatearen itxura zikintzerainokoa?