INFO

Alokairuen iruzurrari aurre egiteko batzordeak lehenengo aferak jarri ditu Fiskaltzaren esku

Alokairuen gaineko iruzurrari aurre egiteko Prefekturaren bultzadapean sorturiko lurralde batzordeak bere lehenengo bilera egin du arratsaldean Baionan. 8 afera izan dituzte aztergai eta horietarik bi egitura berriaren partaide den Fiskaltzaren esku jartzea deliberatu dute.

Baionako suprefeta, Philippe Le Moing-Surzur, bere ezkerrean Baionako Prokuradorea, Jerome Bourrier duela, gaurko bileran. (Guillaume FAUVEAU)

Estatuko zerbitzu ezberdinek osatzen dute alokairuen gaineko iruzurraren kontrako lurralde batzordea. Eric Spitz Pirinio Atlantikoen prefetaren bultzadapean Euskal Herri mailan sorturiko lantaldeak bere lehenengo bilera egin du, astearte arratsaldean, Baionako Suprefeturan.

Hiru hilabetean behin bilduko den batzordeak bere xedeak finkatu ditu, baita iruzurrari aurre egiteko lehenengo erabaki zehatzak hartu ere.

Dagoeneko, iragan larunbatean Baionako Euskal Museoaren atarian antolatu zuen alokairuen gaineko iruzurra agerian jartzeko «erakusketa» kari Alda mugimenduak herritarrengandik jasotako hainbat salaketaren berri eman ziola batzordeari jakinarazi zion NAIZi Txetx Etxeberrik.

Etxe jabe anitzek ikasleak eta mugikortasunean dauden langileak babesteko kontratuak baliatzen dituztela iruzur egiteko agerian jarri zuen Alda mugimenduak aipaturiko ekimenaren bidez.

Are, landa eremuetan eskaintzen diren alokairu kontratuak erabiltzen dituztela ere bai, hala nola Biarritzen ondasunak alokairuan jartzeko erakutsi zuten.

Edonola ere, beste adibide are mingarriagoa ahal izan zituzten bertatik bertara ezagutu «alokairuen iruzurraren artisten galeria»ra hurbildu ziren herritarrek. Esaterako, erretretan den euskal jubilatu baten kasua. Bere alokairu kontratuan turista bilakatu dute.

Lehenengo sxalaketak aztergai

Orotara 14 amarru mota erakutsi zuen alokairuen iruzurrari aurre egiteko lurralde batzordearen sorrera txalotu zuen Alda mugimenduak.

Gaurko bileraren ostean zabalduriko oharrean lurralde batzordeak adierazi duenez, iruzur mota ezberdin horien existentziak berak agerian jartzen du «hainbat etxe jabek botere gehiegi hartu dutela eta merkatuan dagoen tentsioa profitatzen dutela prezio bidezkoetan eta iraunkorki alokairuan bizi nahi duten herritarren kaltetan».

Batzordeak lehenengo kasuak aztertu ditu gaurko bilkuran. Hainbat dosier bideratu ditu, gainera, zerbitzu ezberdinetara. Oharraren arabera, sei afera zerbitzu fiskalen esku jarri ditu eta beste bi Ekonomia Ministerioaren zerbitzuetara bideratu ditu, «inkesta osagarria burutu dezaten».

Zortzi bat dosier hainbat herriko etxetara bidali ditu batzordeak, turismo alokairuen gaineko araua bortxatzen duten argitu dezaten. Finean, bertze bi kasu Fiskaltzaren esku jarri ditu.

Helbide elektroniko bakarra sortu du batzordeak herritarrek bideraturiko salaketak jasotzeko: pref-signalement-baux-frauduleux@pyrenees-atlantiques.gouv.fr