INFO

Tren azpiegituren berrikuntza azkartzea eskatu diote Espainiako Gobernuaren ordezkariari Araban

Gobernu espainolak Araban duen ordezkariarekin bildu dira asteazken honetan Trenbide Azpiegiturak Hobetzeko eta Egokitzeko Informazio Azterlana «lehenbailehen» gauzatzeko eskatu dute.

50 toki-entitateen ordezkariak Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin bildu ondoren, Gasteizen (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako toki erakundeetako hainbat alkate eta kontzeju-presidentek trenbide-azpiegituraren modernizazioa eta aldiriko tren zerbitzu publiko bat martxan jartzeko eskatu dute Gobernu espainolaren ordezkariordetzan asteazken goiz honetan.

Iratxe Maza, Andoingo kontzejuko lehendakaria; Iñigo Hernandez, Munaingo kontzejuko lehendakaria; Txelo Auzmendi, Asparreneko alkatea; Joseba Koldo Garitagoitia, Dulantziko alkatea; eta Pablo Ortiz de Latierro, Argantzongo alkatea Javier Saez Lanas ordezkariarekin bildu dira Gasteizen.

Jakinarazi dutenez, ordezkariak beraiekin beste bilera bat izateko konpromisoa hartu du, Madrileko arduradunekin hitz egin ondoren. «Gobernu espainarraren erantzun bat espero dugu, ordezkariak konpromiso hori hartu duela ulertu baitugu», adierazi du Munaingo kontzejuko lehendakariak.

50 kontzeju eta udalerri baturik

Martxoan hasi zen ekimen honen ibilbidea. Momentu horretan, Arabako eta Nafarroako hainbat toki-erakundek «meatxatuta» sentitu ziren Abiadura Handiko Trenbide berria eraikiko zela jakin zutenean.

Gobernu espainiarrak 200.000 euroko aurrekontu-partida bat gorde zuen Adif-ek, estatuko trenbide-azpiegituren enpresa arduradunak, informazio-azterlan bat lizitatu zezan Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza ardatzeko azpiegiturak egokitzeko, «prestazio handiko trenen zirkulazioa eta trafiko mistoa (bidaiariak eta merkantzia) errazteko».

Egun Arabako eta Nafarroako 50 kontzejuk eta udalerrik ekimen honetara batzeko agiri bat sinatu dute, Estatuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari azterlana «ahalik eta lasterren» burutu dadin eskatuz.

Ekainean Madrilen egon ziren eta bi gauza exijitu zituzten. Batetik, ikerketa hau gauza dezan eta, bestetik, Abiadura Handiko Trenbide-linea berri hori aukera onena dela frogatu arte, luzamendu bat egotea, zati berririk ez lizitatzeko eta Nafarroaren hegoaldean lanekin ez jarraitzeko.

Egokitzapenak behar dituen «korredorea» Miranda de Ebro eta Castejon herrien artekoa da. Iñigo Hernandez Munaingoko kontzejuko lehendakariak salatu duenez, gaur egun azpiegiturak «abandonaturik» daude eta geraleku batzuk «guztiz hondatuta» daude.