INFO

650 Usurbil Bizi, turismoari begiratzeko modua irauli duen herri proiektua

Turismoa inbaditzailea, kontrolaezina eta kanpokoari begira pentsaturikoa izaten da askotan. Usurbilen konbentzituta daude izan daitekeela bestelakoa, herriak eta herritik pentsatua. Aitzindaria den proiektua abiatu dute, turismoaren gaineko ohiko begirada iraultzen duena.

Jon Maia eta Agurtzane Solaberrieta, Usurbilen. (Jon URBE | FOKU)

Datorren urriaren 14an aurkeztuko du Usurbilgo Udalak 650 Usurbil Bizi izeneko proiektua. Turismo egitasmo bat da, baina hori baino gehiago ere bada: herri proiektu indartsua, ezohikoa eta berritzailea. Turismoa begiratzeko eta ulertzeko modua irauli nahi du, turismoa jendartea eraldatzeko tresna bihurtzeko. Turismoa, mundua aldatzeko.

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak eta Jon Maia proiektuaren dinamizatzaileak azaldu dizkiote GAUR8ri egitasmoaren tripak. «Legealdi honen hasieran lehentasunen eta egitekoen plan bat osatu genuen eta egitekoen artean herri honek aspalditik zeukan etxeko lan bat jarri genuen: ikusiz herri honek badituela potentzialtasun ugari, baduela zer erakutsi, turismo ereduaren inguruan hausnarketa bat egiteko beharra ikusten genuen eta horren araberako turismo eskaintza bat osatzekoa. Aurrez egin da zerbait, ezagunena Harria Hitz kultura ibilbidea. Baina ikusten genuen ez zela aski, Usurbilek proiektu osoago bat behar zuela. Proiektuaren parte izan behar zuten osagaiak nahiko identifikatuta genituen, puzzlearen piezak bagenituen, baina pieza horiek josiko zituen proiektu bat falta zen. Proiektua baino gehiago, horri guztiari lotura emango zion errelato bat eraikitzea falta zen», azaldu du alkateak.

Turismo ereduen inguruko eztabaida bizi-bizi dago. Uda honetan bertan turismoak Euskal Herriko hainbat tokitan utzi duen arrastoak zeresana eman du. Bide horretan, Usurbilen garbi zeukaten zer ez zuten nahi, zein turismo eredu ez zuten nahi, baina horren alternatiba josteko hariaren bila zebiltzan; egungo turismo ereduetatik kanpoko beste bideren baten bila. Hausnarketa horren bueltan zebiltzala topo egin zuten Jon Maiarekin.

«Urteak daramatzat gaiari bueltak ematen. Turismoaren gaia asko interesatzen zait. Turismoa oso estigmatizatuta dago, albo-kalte ugari dituen sektore bat da, kontrolatzen oso zaila, kulturalki inbasiboa izatera iristen da, eragina du herritarren bizitza kalitatean –salneurriak, alokairuak, aparkalekuak...–, mentalitate aldaketa bat eragiten du pixkanaka, kanpokoari begira eraikitzen den gizarte bat eragiten du... turismoa gai konplikatua da eta asko eragiten du herri baten identitatean. Beti ari gara turismoa kritikatzen, baina kritikatzeaz gain, pentsatu beharko genuke eredu bat gure balioekin bat egingo duena, alternatiba bat sortu beharko da... Eredu propio baten bilaketan abiatu beharko genuke, norberaren balioak traizionatu gabe. Eta horri bueltaka hasi nintzen. Azken finean, ideia nagusia da turismoa ere beste mundu bat posible dela erakusten duen tresna eta eremu bihurtzea. Turismoa gizarte eraldaketarako tresna bihurtzea. Badirudi antagonikoak direla bi ideiak, baina hori da asmoa, turismoa mundua aldatzeko tresna bihurtzea».

650 urte, 650 Usurbil

Gogoeta eta nahi horretatik sortu da 650 Usurbil Bizi herri proiektua. Zenbakiak baditu gutxienez bi ertz. Batetik, iaz Usurbilgo herriak 650 urte bete zituen eta mendeurren hori jasotzen du. Bestetik, 650 Usurbil daudela esateko balio du, herri ugari herri bakarrean. «Usurbil asko daude ezagutzeko eta bizitzeko. Bizi, bai bertakoek bizitzeko herria, proiektua herritarrei bideratua dagoelako. Eta, bizi, kanpora begira, Usurbil bizi ahal izateko kanpoko eskaintza bati begira ere badagoelako. Bi norabide ditu, herritarrak eta bisitariak. Bertakoek zein bisitariek Usurbil horiek denak bizitzeko proiektu bat eraiki dugu», esan du Maiak.

Sagardoaren Usurbil da eskaintzaren ardatzetako bat. Jon URBE | FOKU

Usurbil eta turismoa. Zer nezesidade? Pentsatuko zuen honezkero baten batek. «Turismoaren inguruan daukagun ideia desmuntatu behar dugu. Beste hitz baten bila ere aritu naiz, turismo hitza txarrerako kutsatua dagoelako, baina ez dut topatu. Zer nezesidade? Bada, mundua aldatu nahi dugu. Usurbilek gauzak egiteko beste modu bat dauka eta hainbat eremutan ikusten da hori. Beste gizarte eredu bat eraiki nahi duen herri bat da eta bisitariei erakutsi nahi diegu posible dela beste mundu bat eraikitzea, posible dela gauzak beste modu batera egitea, Usurbilen modu horiek ezagutu eta beren herrira eraman ditzaten».

Moldez ere berritzailea

Turismo eskaintza berritzailea da. Alkatearen hitzetan, «garrantzitsua da zuk argia non jartzen duzun, zer ikusarazi nahi duzun. Galdera batzuetatik abiatu gara: Zer da Usurbil? Zerk ezaugarritzen du? Zeintzuk dira herriaren nortasun ikurrak? Nola proiektatu nahi dugu identitate hori? Bi dimentsiotan, gainera, herrira begira eta kanpora begira».

Moldez ere berritzailea da, parte-hartze prozesu baten bidez erantzun baitituzte alkateak mahai gainean jarritako galdera horiek. Prozesu horretan herriko eragileak izan dira protagonista, haiek erabaki dute zer erakutsi nahi duten, zer den beren herria. «Normalean turismoan alderantziz gertatzen da, turismo operadoreek erabakitzen dute zer saldu eta nola», esan du Solaberrietak. «Hasieratik bestelako turismo eredu bat eraiki nahi badugu, garrantzitsua da nola hasten garen. Eta garbi genuen behetik gora izan behar zuela eta modu kolektiboan. Lehen aipatutako galdera horiei modu kolektiboan erantzun diegu», jarraitu du.

Hartara, Jon Maia herriko 40 eragile desberdinekin elkartu da. «Zer dagoen martxan, zer botatzen duten faltan... Usurbilgo puzzlea osatzen duten pieza guztiak identifikatu eta mahai gainean jarri ditugu».

Elkarrizketa horietatik ondorioztatu dute Usurbilen identitatea zerk osatzen duen eta horiek nola erakutsi eta bihurtu eskaintza turistiko. «Herriaren identitatearen parte den ondarea jasotzen da, ez soilik ondare materiala, baita ondare immateriala ere. Eta baita Usurbilek gaur egun martxan dituen proiektu eraldatzaileak ere. Proiektu horiekiko eta balio horiekiko interesa izan dezakeen bisitari hori erakarri nahi dugu», esan du Solaberrietak.

Produktu turistiko desberdinak josten ari dira, guztiak herriko eragileekin elkarlanean. Batzuk dagoeneko herrian dauden ekimenak dira, balioa eman, distira atera eta eskaintzeko moduan jarriko dituztenak. Beste batzuk berriak dira, turismoa begiratzeko betaurreko berri horietatik espresuki sortutakoak.

Horma irudietan aberatsa da Usurbil. Gorka RUBIO | FOKU

Jon Maiak nabarmendu duenez, «altxorrez beteta dagoen herri bat topatu dut, gizarte eredu alternatibo bat eraikita daukana. Usurbilen dagoeneko gauzak beste modu batera egiten dira. Turismoarekin ez du izan inolako harremanik ez dugulako pentsatu inoiz hori erakargarria izan zitekeenik inorentzat. Eta ni liluratuta nago eta liluragarria izan daiteke beste askorentzat ere». Begirada zabalduta, «garrantzitsua da eredu berri hau aplikagarria dela kasik edozein herritan. Kontua da guk balioa ematea gure berezitasunei, guk erabakitzea zer erakutsi eta nola eta onuraduna herria izatea. Kanpotik datorrenari esan ‘guk hemen gauzak beste modu batera egiten ditugu. Ezagutu gaitzazu eta gozatu ezazu’. Hori Euskal Herrian herri askok esan dezakete. Turismoaren kontzeptua aldatu egin behar dugu. Turismo hitza entzun eta burura zer datorkigun aldatu behar dugu. Hori aldatzera goaz Usurbilen eta horrek ekarriko du bisitaria ere agian aldatzea».

Hamalau Usurbil

Elkarrizketa eta bilketa prozesu horietatik abiatuta, hamalau Usurbil daudela ondorioztatu dute. Sagardoaren Usurbil; sagardoa, sagardogintza eta bere bueltako unibertso guztia herri identitatearen zati garrantzitsua baita. Euskararen Usurbil. Usurbilen ezaugarrietako bat da euskararen erabilera handia. Beraz, Usurbil helmuga egokia izan daiteke euskaraz egun bat pasa nahi duenarentzat. Besterik gabe Usurbila etorri eta euskaraz bizi. «Hori bere horretan hor dago, baina guk balioa eman nahi diogu eta eskaintza bihurtu. Askotan ez diogu euskarari balioa ematen, ez dugu ikusten erakargarria izan daitekeen zerbait bezala, baina euskaldun asko egon daitezke haurrekin egun-&hTab;pasa bat euskaraz egin nahi dutenak», esan du Maiak.

Nekazarien Alkartasuna Kooperatibaren Usurbil. Ehun urte baino gehiago dituen erakundea da, herriaren antolakuntza eredu eta ondare baliotsua. Izugarrizko mugimendua dauka; hori ezagutarazi eta balioa eman nahi zaio. Zero Zabor Usurbil. Europa mailan hondakinen tratamenduan lehen mailan dago. Europako abangoardian dago adierazle guztien arabera. Hori nabarmendu nahi dute eta turismo eskaintza bihurtu. Usurbil herri aitzindaria da zaborraren kudeaketan, herriaren gaur egungo ezaugarri nagusietakoa bihurtzeraino. Eredua ezagutu nahi duen oro etor daiteke bisitan. Errebotearen Usurbil. Zubietako frontoia eta pilota jarduera berezia nabarmentzekoak dira. Txalapartaren Usurbil. Artze anaiak txalapartaren pizkundean protagonista izan ziren eta orain Oreka TX taldeak Usurbilen du egoitza. Naturaren Usurbil. Andatza, Mendizorrotz eta Arratzain mendiek inguratuta, oinez zein bizikletaz egiteko aukera ugari daude. Horiek bildu eta eskaintzea da asmoa. Errioaren Usurbil. Lan honen bidez errioari begira jarri nahi dute herria. Auzoak lotzen ditu eta itsasorako atea da. Angularen Usurbil ere nabarmentzeko da.

Memoria historikoaren Usurbil. Usurbil 1936 taldea 36ko gerraren memoria historikoaren bueltan lan bat egiten ari da. Horrek ere izango du tokia. Ez Dok Amairuren Usurbil. Euskal kulturan aparteko garrantzia daukan herria da Usurbil. Ez Dok Amairuren historiari lotua dago, bertako partaide batzuk herriko semeak zirelako. Mikel Laboarekin lotura oso berezia dauka, Zumeta, artzetarrak, Remigio Mendibururen eskultura, Rikardo Arregiren hitzaldi historikoa herrian... Usurbilek leku propioa dauka euskal kulturaren mapan.

Kaleko Artearen Usurbil. Usurbilgo kaleak artez beteak daude: Zumeta, Alejandro Tapia, Remigio Mendiburu, Arrastalu, Xabier Laka, Irantzu Lekue, Judas Arrieta... hori ere balioan jarri nahi du egitasmoak. Zaintzaren Usurbil. Herria aitzindaria izaten ari da zaintza eredu berrien bilaketan. Matiarekin batera zaintza behar bereziak dituztenentzako apartamentuak eraikitzen ari dira eta Txirikordako belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa ere hor dago.

Ondare historikoaren Usurbil. Errotarriak, baserriak, mugarriak... ondare hori zaindu eta gozagarri jartzeko lan handi bat egin da.

Erritmo desberdinak

Aipatutako hamalau Usurbil horiek jarri ditu mahai gainean proiektuak. «Usurbil horietan guztietan bada guztiak ardazten dituen ezaugarri bat: Usurbil herri bizia da, inguruan gertatzen denarekiko eta bere komunitatearekiko herritarren konpromiso soziala eta politikoa handia da, auzolanean aritzen den herria da eta horren isla da gure herriaren gaur egungo argazkia. Artzeren poema batek esaten duenez, ‘iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik’. Uste dut ondo irudikatzen duela nola ari garen herria eraikitzen; iraganetik oraina eraikitzen, baina etorkizuna zerumugan. Eta etorkizuneko erronka horiei tokikotik erantzuten eta elkarlan publiko komunitario batean oinarrituz egitasmo eraldatzaileak martxan jartzen».

Errioak ere garrantzia berezia dauka. Jon URBE | FOKU

Nabarmentzen dutenez, turismo eskaintza bat baino gehiago da 650 Usurbil Bizi. Herri proiektu bat da, erritmo desberdinak eta epe luzerako begiratua dituena. Maiaren hitzetan, «hamalau Usurbil horiek dira herriaren identitatearen ezaugarri nagusiak. Horietako bakoitzak eskaintza sorta izango du. Batzuk egitasmo handiak eta epe luzera begirakoak dira; beste batzuk ertainak eta epe laburrera; eta beste batzuk txikiagoak dira eta epe motzean martxan jartzeko modukoak».

Proiektua bigarren fasean sartu da eta hausnarketa sakon horretatik piztutako lehen printzak errealitate bihurtzen hasiko dira. Urriaren 14an aurkeztuko dute proiektuari lotutako webgunea. Atari horrek jasoko du proiektuaren arima eta turismo begirada berritzaile horretatik prestatutako eskaintzak. Adibidez, Euskararen Usurbil martxan da dagoeneko, «etorri eta gozatu». Sagardoaren Usurbili dagokionez, agenda eguneratu bat izango da web atarian:e formakuntza ikastaroak, sagardotegiak...

Hasierako eskaintza izarretako bat Usurbil Museo Irekia izango da. «Mapa bat osatu dugu eta eskuorriak. Usurbilen dauden artelan guztiak ezagutzeko materiala sortu dugu. Usurbil izugarrizko aberatsa da horma irudietan: Irantzu Lekue, Judas Arrieta, Zumeta, Axpi, Arrastalu... herri gutxik daukate Usurbilek daukan horma irudien bilduma, edonoren eskura, dohain», nabarmendu du Maiak. Eskultura sarea ere oparoa da: Laka, Mendiburu, Zumeta, Gorriti...

Zumetaren horma irudiak, pilotalekuaren atzeko partean dagoenak, 50 urte bete ditu 2023an. Horma irudi hori da, hain justu, proiektuaren ikonoa. «Euskal Herriko horma irudi sinbolikoena da. Datorren urtean 50 urte beteko ditu eta hainbat ekimen antolatzen ari gara Euskal Herri eta nazioarte mailan ikonoa izan dadin. Dimentsioengatik eta ezaugarriengatik bakarra da. Eta Euskal Herriko historiako artistarik ezagunenetakoak egin zuen. Uste dugu ez daukala merezi duen presentzia Euskal Herriko arte erakusleihoan. Usurbilek daukan perla da, altxorra, edonoren eskura dagoena. Ekimen interesgarriak ari gara antolatzen Zumetaren familiarekin batera», jarraitu du proiektuaren koordinatzaileak.

«Usurbilek hor dauka, aspalditik, baina guk egingo duguna da, proiektu honen filosofiarekin bat, balioa eman eta erakutsi. Guk erabakitzen dugu zer eta nola», gaineratu du Solaberrietak.

Lehen txanpa honetan martxan jarritako beste proiektua Ez Dok Amairuren parke publikoa da. «Ez Dok Amairuren unibertsoan oinarritua, Kabiene coworking-gunearekin elkarlanean ari gara, Anaerrekako parkea Ez Dok Amairuren parkea bihurtzeko. Kabienen diziplina desberdinetako jendea aritzen da eta elkarrekin diseinatuko dute parkea. Natura eta kultura uztartuko dituen gunea eta, era berean, Ez Dok Amairu ezagutzera emateko tokia izango da. Kultur transmisioaren gune izatea nahiko genuke», esan du alkateak.

Matiarekin batera eraikitzen ari diren zaintzarako apartamenduak. Gorka RUBIO | FOKU

Gabon garaiari begira, 650 Usurbil Bizi otarra diseinatzen ari dira. «Proiektu honen balioak biltzen dituen otarra izatea nahi dugu. Bertako ekoizleekin eginikoa, baina ohiko otarrak normalean janariz osatzen dira. Kasu honetan, janariaz gain, barne hartuko ditu musika taldeen diskoak, liburuak, herriko diseinatzaileen arropak... Beste otar kontzeptu bat sortu dugu herriko merkatari elkartearekin eta Alkartasuna kooperatibarekin batera. Horko irabazien onuradunak ekoizle horiek eta merkatariak izango dira», esan du Maiak.

Proposamen eskaintza horretan aurreikusita daukate epe laburrean Zero Zabor bisita gidatuak eta zaintza ereduari lotutakoak martxan jartzea. Alkateak nabarmendu duenez, dagoeneko gai horiek bisitak ekartzen dituzte herrira.

Horrez gain, Mikel Laboa plazan informazio gune bat jarriko dute, bi metrotik gorako totem bat izango da. Interneteko leihoaz gain, garrantzitsutzat jotzen dute proiektuak kalean presentzia izatea eta totem hori izango da ekimenaren irudi nagusia.

Begirada luzeko proiektua

«Epe luzeko proiektua da. Herri proiektua. Eta norabide horretan ari gara lanean. Dimentsioa handia da, baliabide propioekin eta mugatuekin ari gara eta epe luzerako begirada behar da. Garrantzitsua zen nondik hasi. Webgunea izango da guztiaren hasiera. Hortik aurrera joango gara eskaintza zabaltzen», esan du Solaberrietak. Gaineratu duenez, «niretzat herri proiektu oso garrantzitsua daukagu esku artean. Usurbilen identitatearen inguruan errelato bat eraikitzen du eta barne proiekzioa garrantzitsua da, gu asko zaintzen ari garena. Guk lortzen badugu errelato horrekiko, herri identitate horrekiko kohesio bat, horrek ekarriko du proiektu honekiko herritarren babesa, atxikimendua, lotura... herri identitate horrek harrotasun bat sortu behar du eta kanpora begira erakusteko gogo bat piztu. Garrantzitsua da denon artean adostea zer den kanpora begira erakutsi nahi duguna. Herriko eragileekin egiten ari garen lanketa horrek dagoeneko onurak ekarri ditu. Gerora ez dakit zer emango duen, baina dagoeneko egiten ari den lanari balioa eman nahi nioke. Herria dinamizatzen ari gara adostasunetik, kohesiotik eta harrotasun horretatik. Hori garrantzitsua da jendea pizteko eta proiektu honetara erakartzeko. Horretan ari gara».

Urtero diru partida bat egongo da proiektu desberdinak martxan jartzeko, pixkanaka eskaintza zabaltzeko. «Proiektua sortzen eta dinamizatzen Jon Maia aritu da, baina Jon ez da betirako hemen egongo. Herriko eragile desberdinak daude proiektuaren gainean eta guretzako hau dinamizatzeko elkarte aproposa Noaua da. Dagoeneko martxan daukagu lantalde bat proiektuaren inguruan eta Noaua ere parte da. Aurrerantzean bere zereginetako bat izango da hori dinamizatzea. Proiektuak langile bat izango du eta bulego bat martxan jarriko da», aurreratu du alkateak.