INFO

Riojaren erakustaldia, garaipena eta lidertza Alavesentzat

Alaves Ponferradina baino gehiago izan da uneoro eta Ojedak lehen zatiaren hondarrean eginiko golak markagailua apur bat estutu duen arren (2-1), bigarren zatian Rioja agertu da berriro ere Mendizorrotzara lasaitasuna ekartzeko. Lehen zatian, andaluziarra bera eta De la Fuente izan dira golegileak.

Alaveseko jokalariak gola ospatzen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Zazpi jardunaldi jokatuta sailkapenaren goialdean bazaude ez da kasualitea eta Alavesek horixe bera berretsi du zortzigarren jardunaldian, Ponferradinaren aurka jokaturikoan. Nagusitasunez aritu da Luis Garcia Plazaren taldea eta lehen zatiaren hondarrean lan ona apur bat kakaztuta geratu bada ere, bigarren zatian ideiak argi izan ditu eta garaipen garrantzitsua erdietsi du (3-1).

Lidertza berreskuratu du, partidarik galdu gabe jarraitzen du eta Luis Rioja protagonista nagusi izaten ari da, espero zen legez. Andaluziarrak Bigarren Mailan aritzeko baino maila gehiago duela erakutsi du beste behin ere eta alboan izan dituenak ere pareko aritu dira. Guridi, beti leku onean, bai baloia berreskuratzeko edo baloia jokatzeko; Miguel De la Fuente, errematatzeko prest beti; Alkain saiakerak egin eta egin, eta guzti hauek Salva Sevillaren babespean.

Erdilari beteranoa Alaveseko zelai erdiarekin egin da eta gaurkoan, Guridi eta Benavidezekin, Ponferradinakoa baina gehiago izan da. Hori gutxi ez eta partida ere segituan jarri zaio maldan behera, Riojaren golatzar bati esker. Andaluziarrak ez du zalantza egin defentsaren urruntze bat kontrolatu eta segidan jaurtitzeko. Makaridzek ezin izan du ezer egin, ezustean harrapatu baitu jaurtiketak.

Ponferradina ezin aurrera eginda ibili da, arerioaren presio orekatuaren ondorioz. Hala, Alavesen lan onak beste sari bat ekarri du, oraingoan ere Rioja protagonista izanda. Ondo jokatu du Duarterekin eta bere erdiraketa Miguel De la Fuentek sareetara sartu du. Makaridzek zerbait gehiago egin zezakeen baina aurrelaria errematatzeko azkar ibili denez, apur bat lekuz kanpo harrapatu du.

Partida erosoa izan zitekeelakoan zeuden babazorroak. Erosotasun horrekin urrats batzuk atzera ere egin dute baina Siverak gelditurik egin gabe jarraitu du. Bai 42. minutura arte behintzat. Estrategia jokaldiak izan dira arerioaren arma faboritoena eta Naranjoren jaurtiketa indartsuari erantzun bikaina eman dio atezain babazorroak. Ezin izan du berdina egin lehen zatiaren luzapenean Ojedak eginiko errematearekin, hau ere estrategia jokaldian.

Kikildu gabe

Gola jaso bezain pronto iritsi da atsedenaldia eta gol honek nolako eragina izan zitekeen zalantzarekin zelairatu dira bi taldeak.Rioja eta Miguel De la Fuentek sortutako aukera izan da lehendabizikoa baina, oro har, baloiaren jabetza handiarekin hasi da Ponferradina, berdinketaren bila irmoki. Saiakera guztiak, baina, urruneko jaurtiketen bitartez egin dituzte eta hala, ezin izan dute Sivera ezustean harrapatu.

Alavesen nagusitasuna baina agerikoa zen. Ez da kikildu 2-1ekoarekin eta pazientziarekin landu du partida. Hala, aukera gehiago sortzen hasi da. Guridiren errematea Lukakuk atera du kasik goleko marratik; Duarteren erdiraketa Amok kanpora bidali du bere atean sartzea errazagoa zenean eta Makaridze atezaina adi ibili da Miguel De la Fuentek orpoz eginiko errematea desbideratzeko.

Halabaina, ezin izan du ezer egin Rioja agertu denean. Honen erdiraketa Yurik ukitu eta ibilbidez guztiz aldatu du baloia, sareetako bidea hartuz. Hirugarren gola izan da, 70. minutuan eta partida erabakitzeko balio izan du.

Fitxa teknikoa:

Alaves: Sivera; Duarte (Javi López, 73. min), Maras, Abqar, Tenaglia; Salva Sevilla (Moya, 64. min), Benavidez; Rioja (Abdallahi, 90. min.), Guridi, Alkain (Rober, 73. min.) y Miguel (Hara, 73. min.).

Ponferradina: Makaridze; Paris Adot, Amo, Pascanu, Lukaku; Nwakali, Sabit (Medina, 62. min), Erik Morán (Yuri, 46. min.), Naranjo (Vallejo, 62. min.), Ojeda y Derik.

Golak: 1-0, 10. min.: Rioja; 2-0, 30. min.: Miguel De la Fuente; 2-1, 45+4. min.: Ojeda. 3-1, 71. min.: Yuri, bere atean.

Epailea: Mateo Busquets Ferrer (Baleareak). Alaveseko Salva Sevilla (35. min.) eta Duarte (45. min.) zigortu ditu txartel horiarekin eta Ponferradinako Adot (22. min.), Nwakali (61. min.) eta Pascanu (91.min).

Gertaerak: Bigarren Mailako zazpigarren jardunaldia, Mendizorrotzan jokatutakoa 12.209 zaleren aurrean. Partida hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde zen Indonesiako istiluetan hildako pertsonengatik.