Haritz Mujika gailendu da Gasteizko kanporaketan, finalerdietarako txartela lortuz
Bertsolari Nagusiko laugarren saioan Haritz Mujika gailendu da 695,5 punturekin. Gaurko garaipena lortzeak zuzenean finalerdietarako txartela eman dio. Bigarren Miren Artetxek egin du, 670 puntu eskuratu ditu.
Bukatu dira asteburu honetako txapelketako saioak, Haritz Mujika izan da irabazlea 695,5 punturekin. Bigarren postua Miren Artetxek eskuratu du 25,5 puntuko aldearekin.
Oholtzan izan dira kantuan Iban Urdangarin, Xabat Galletebeitua, Amaia Iturriotz eta Manex Agirre ere. Gaiak ematen Oier Azkarraga Grajales aritu da.
Igandea izanagatik ere gogotsu zegoen bertsozalea, eta goraino bete da Europa Jauregia. 650 lagun batu dira Maria de Maeztu entzunaretoan.
Ariketaz ariketa puntuak bilduz, Haritz Mujika izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 695,5 puntu. Hurrenez hurren geratu dira Miren Artetxe 670 punturekin, Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5 punturekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin eta Manex Agirre 573,5 punturekin.
Igande honetako saioa irabazita, Donibane Garazin kantatuko du Mujikak urriaren 29an. Beste bost bertsolariak zain egon beharko dira finalaurrekoetan nork kantatuko duen jakiteko.
Datorren astean Donostian eta Lizarran izango du parada bertsoak. Lehen faseko azken bi saioak 17.00etatik aurrera jokatuko dira. Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; egunean bertan, 15.00etan zabalduko da txarteldegia.
Gasteizko saioaren puntuazioa:
Haritz Mujika 695,5 puntu
Miren Artetxe 670 puntu
Iban Urdangarin 660,5 puntu
Xabat Galletebeitia 655,5 puntu
Amaia Iturriotz 648 puntu
Manex Agirre 573,5 puntu